Udagoienean egingo dabe Euskal Herriko Eskolartekoaren finala
2021-05-11 08:05 BertsolaritzeaLurraldeetako kanporaketak asteotan dabiz jokatzen.
Oinak buruan eta berbea ahoan, Euskal Herri osoko makina bat gazte dabiz asteotan Eskolarteko Txapelketetan parte hartzen, Bertsozale Alkartearen eta Ikastolen Alkartearen bultzadeari esker. 14 eta 18 urteko gazte askorentzat, horixe da jentaurreko lehenengo plazea, eta bertso giroan sakontzeko aukerea. Lurralde bakotxeko irabazleak laster ezagutuko doguzan arren, Euskal Herriko finala ez dala udagoienera arte jokatuko aurreratu dabe antolatzaileek.
Normalean, bagilean izaten da Euskal Herriko finala. Egun horretan, Eskolarteko urte horretako irabazlea aukeratzeaz gan, bertsolaritzeagaz lotutako jaia egiten dabe, ondo pasetea helburu. Aurten, osasun egoerea kontuan izanda, finala udagoienean egitea egokiagoa izango dala uste dabe.
Bien bitartean, lurralde mailako kanporaketak aurrera doaz. Bizkaian, hiru finalaurrekoak jokatuta (azkena atzo), Igorreko finalaren zain dagoz bertsolari gazteak. Gipuzkoan, bete-betean dabiz kanporaketetan. Nafarroan eta Araban be, finalak maiatzean izango dira. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko Eskolartekoarena, bagilean.
Euskal Herriko Eskolarteko finalean lurralde bakotxeko bertsolari bik kantauko dabe, txapeldunak eta bigarrenak. Hortaz, hamar bertsolari gazte entzun ahal izango doguz. Bertsolaritzearen etorkizuneko izarrak izan leitekez horreetako batzuk, baina, ibilbide oparoa egin zein ez, Eskolartekoan ondo pasauko dabe, seguru.
2020an, Covid-19aren pandemiaren erruz, Eskolarteko Txapelketea bertan behera geratu zan. Hutsune hori beteteko, Eskolatik Plazara zikloa antolatu eban Bertsozale Alkarteak, Eskolartekoko bertsolariei plazak emoteko. Hiru saio egin zituen, Gernikan, Iruñean eta Altzon.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!