Ane Zulaika: 'Zinema amateurrean irudi eder eta aberats asko dagoz'

Dabi Piedra 2021-05-10 08:02   Barriketan

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren irabazlea.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria emon deutse Ane Zulaika Aranburu donostiarrari, Emakumeak Blai behin behineko izenburua dauen proiektuagaitik. Euskal emakumeek XX. mendearen bigarren erdian itsasoagaz euken loturea erakustea izango da egitasmoaren helburu nagusia, eta horretarako lekukotzak batuko ditu herririk herri. Ganera, 1950etik aurrera loratu zan zinema amateurrean arakatuko dau. Arrantzan edo itsasoko jardun profesionaletan ibilitako andrenak ez eze, itsasoagaz bestelako loturak izan dituenen bizipenak bilatuko ditu, adibidez, kirolarienak edo aisialdian itsasorako jokerea izan dabenena.
 
Gazte Sarira aurkeztutako proiektuaren arabera, film labur baten bidez kontauko dau hori guztia. Estreinaldia 2022an egitea da aurreikuspena. Ez da arraroa Zulaikak ikus-entzunezko formatuaren alde egin izana, hori dalako azken urteotan landu dauen arloa: Komunikazino gradua ikasi ostean, Elias Querejeta Zinema Eskolan ibili da ikus-entzunezkoak identifikau, sailkatu eta babesteko formakuntzea jasoten.
 
1.- Lanbidea, zaletasuna edo kirola tarteko, emakume askok izan dabe lotura estua itsasoagaz, baina sarri ez doguz ezagutzen euren bizipenak. Ahaztutako historia da hareena?
 
Historia hori, ahaztuta baino, gitxietsita dagoala esango neuke, ez deutsagu garrantzirik emoten. Normalean, historia kontetako orduan jazoera nagusiei begiratzen deutsegu, eta, tamalez, gizonezkoak askoz sarriago agertzen dira. Honen aurretik, Elias Querejeta Zinema Eskolan beste ikerlan bat egin neban, eta ahalegindu nintzan emakumeen ahalik eta irudi gehien jasoten, eta konturatu nintzan emakumeen testigantzak topetea ez dala bape erraza. Irudi, kontakizun eta istorio gehienak gizonezkoen begirada batetik egozan gordeta. Jakinmin horretatik abiatuta egin neban Emakumeak blai proiektu honen proposamena.
 
2.- Esaten da kostaldeko emakumeak indar eta nortasun handikoak dirala. Egia da ala mitoa?
 
Nik uste dot badaukiela indar berezi bat, bai. Ez dot esan nahi besteek ez daukienik, baina kostaldeko emakumeek badabe berezitasun puntu bat. Nire ikerketan ez dot lan esparrura mugatu nahi, aisialdian edo beste alor batzuetan itsasoagaz lotuta egon diran emakumeen barri be emon nahi neuke. Saregileen lana, esaterako, ikertu izan da lehenago be, baina ez naz horretan geratuko, euskal kostaldean bizi diran emakumeek ezaugarri ugari ditue, perfil asko dagoz, eta aniztasun hori jasotea da helburua.
 
3.- Euren jardun profesionaletik edo agirikotik harago, kostaldeko emakumeen eremu pribadua be aztertuko dozu?
 
Ahaleginduko naz, bai. Zelanbait, itsasoagaz emakumeek dituen askotariko hartu-emonak jasotea da asmoa. Adibidez, badagoz emoitza esanguratsurik lortu ez daben kirolariak, edo gizona itsasoan dabenak eurak etxean geratzen diran bitartean. Baina horreek be interesekoak dira, itsasoagaz lotura estua dabelako. Pixkanaka joango naz perfil horreek guztiak sailkatzen, aniztasunik ahalik eta zabalena kontuan hartzeko. 
 
4.- 1970 eta 1960ko hamarkadak aztertuko dozuz gehienbat. Zergaitik epe hori?
 
Kontua da, igaz beste ikerketa bat egiten hasi nintzala, zinema amateurraren ingurukoa, eta zinemagintza harek goralditxua izan eban, hain zuzen be, 1950eko edo 1960ko hamarkadetan hasita. Zinema amatareurra oso elementu interesgarria da, orduko gizartearen begiradea zabaldu ebalako. Frankismoaren diktadurako zinemea eta komunikabideak idea jakin batzuetara bideratuta egozan, eta zinema amateurrak apurtu eban muga hori, neurri baten. Letra larriz idazten dan Historiaz aparte, kontu txikiagoak kontetako bidea zabaldu zan. Sasoi horri begiratuko deutsat, irudi aldetik badagoalako aldaketa interesgarri bat.
 
Dana dala, proiektuan 1960tik 1980ra bitarteko epea zehaztu badot be, egia da muga hori pixka bat zabaltzea ez dodala baztertzen, ikerketeak aurrera egin ahala. Aurrerago ikusiko dot, proiektuan sakondu ahala, aurrez markautako epea zabaldu ala txikitu behar dodan.
 
5.- Protagonistak aukeratzeko orduan ze ezaugarri bilatuko dozuz?
 
Danetariko perfilak eta ezaugarriak topetan ahaleginduko naz. Herririk herri joatea da nire asmoa, eta gustauko litzakit Iparraldea be kontuan hartzea, Lapurdiko kostaldea, itsasoak ez daukalako mugarik. Errazena arrantzearen munduan ibilitakoen bizipenetatik hastea izan leiteke, eta kirolaren arloan be uste dot badaukadala nondik hasi, hemeroteketan badagozalako erreferentziak. Ondoren, pixkanaka, izkutuago geratu diran emakumeen hotsak batzea be bada nire asmoa, etiketa barik. 
 
Adibidez, nire amamak beti kontau izan deustaz istorio politak, eta halakoak interesetan jataz. Istorio horretako baten, kontau eustan, oso gaztea zala, 17-18 urtegaz, lanetik urten eta arineketan joaten zala lagunakaz olatu batzuk hartzen Kontxara. Hori ezkutuan egiten eban, gurasoek ez ebelako hori ondo ikusten edo onartzen. Aberasgarria da holako kontuak jakitea, euskal emakumeon identidadearen parte da. 
 
6.- 1960 eta 1970eko hamarkadak ez dagoz urrun, baina, gaur egungoagaz alderatuta, emakumeen egoerea aldatu egin da kostaldean?
 
Aldaketak egon dira, duda barik, baina lan ikaragarria dago aurretik. Ni neu kirolaria izan naz eta oztopo batzuk sufridutea tokau izan jat. Beharbada, orain 80 edo 90 urte dituan emakume bati galdetu ezkero, beste modu baten ikusiko ditu gauzak, hobekuntza handiak egon diralako bere sasoitik. Ni neu, baina, ez nago konforme, lan handia dogu egiteko.
 
7.- Zure ikerlanak balio leike lanean segitzeko beharraren kontzientzia zabaltzeko.
 
Zeharkako helburuetako bat da hori. Gogoetea bultzatzea, beste begirada batzuk ezagutzeko gogoa suspertzea.
 
8.- Artxibo amateurretan arakatzea da zure asmoetako bat. Material ezezagun asko dago?
 
Elias Querejeta Zinema Eskolan gradua ikasten nenbilenean, baegoan Zinema Artisauak izeneko lantalde bat, eta Euskal Herriko zinemagintza amateurra ikertzen hasi ziran, isilean geratu dan mundu hori azaleratzeko. Niri hori asko interesetan jat, hau da, amateurra ez da profesionala, baina badauka intentzino bat, behintzat lagunei erakusteko, badauka irudien bidez zeozer kontetako gogoa. Zinema amateurrean irudi eder, aberats eta esanguratsu asko topau dodaz. Horregaitik erabagi neban nire ikerketan zinema amateurrari lehentasuna emotea, eta orain artxibo hori sakon aztertu behar dot.
 
Dana dala, grabazino amateurrez gan, artxiboetan bestelako materiala be bilatuko dot. Argazki eta agiriak interesgarriak izan leitekez proiektua elikatzeko. Film laburra egingo dot, baina forma zehatza ondo erabagi barik daukat oraindino, topetan dodanaren arabera egokituko dot, proiektu edegia da. 
 
9.- Emakumeen lekukotasunek zenbateko pisua izango dabe proiektuaren haria definiduteko orduan?
 
Zuzeneko testigantza hori jasotea aurreikusi dot, bai, zalantza barik. Niretzat pribilegioa da emakumeek esateko dabena entzun ahal izatea, eta lekukotzak bilatuko eta grabauko dodaz, protagonistek ixten badeuste. Lekukotzak zuzenean jaso ezin dodazanean be, ahaleginduko naz senideren baten bitartez istorio bereziak batzen. 
 
Hasieran pentsau neban kostaldeko herrietan deialdiak egitea, lekukotasuna emon nahi dabenak topetako, baina gero pentsau dot hori zoramena izango dala. Hortaz, pixkanaka joango naz ikertzen jente interesgarria non topau, bibliografia begiratuta, edo ezagunen bidez. Lapurdin badodaz izen-abizen batzuk, hortik tiraka hasteko. Uste dot batak beste batera eroango nauela, prozesu baten modura joango naz lekukotzak batzen. Ez dot aurretiaz plangintza zehatz bat egin nahi, adibidez zortzi kirolari, lau arrantzale eta lau saregile. Ez, ez daukat halako plangintzarik, pixkanaka joango naz zehazten. 
 
10.- Lotsak, konplejuek edo iraganean jasandako gitxiespenek bultzatuta, batzuetan lekukoek ez dabe berba egin nahi, edo bere esperientziari garrantzia kentzen deutse. Oztopoa izan leiteke zure lanean?
 
Bai, izan leiteke, baina hori da gehien motibetan nauena. Aurretik egin neban ikerketa txikian pasau jatazan halakoak, hain zuzen. Uste neban pertsona askok ez ebela euren materiala erakutsi nahi izango, eta kontrara izan zan, oso aberasgarria izan zan, material bikaina topau neban. Besteak beste, topau neban 8 eta 16 mm-tan grabautako materiala, amateurra baina kalidade oso onekoa. Eurak be pozik geratu ziran, ze euren gaztaroan egindako zeozeri garrantzia emon jakon. 
 
Beti ez da holan izaten, pasau leiteke persona batek berba egin nahi ez izatea, baina hor dago erronkea: izkutuan geratu diran istorio horreek zelan kontau, zelan jaso. Bueltak emon behar jakoz kontuari, urtenbideak topetako. Beharbada, persona horrek ez dau berba egin nahi, baina bere artxiboa erakusteko prest dago, hor badagoz aukera asko. Proposamena eta proiektuaren helburuak zintzotasunez eta errepestuz azalduta, uste dot emoitza onak lortuko dodazala. Ahaleginduko naz istorio horreei hautsa kentzen.
 
11.- Film laburra 2022an amaitzea da konpromisoa. Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sariak bultzadea emon deutsu proiektuari indar handiagoz heltzeko?
 
Bultzadea izan da, ze askotan ez dakizu holako proiektu bat zenbateraino dan interesgarria, eta sari honek erakusten deutsu beste batzuentzat be interesgarria dala. Emoten deutsuen diruaz gan, motibazinoa dakar horrek, lana ondo egiteko. Ganera, lekukotzak edo materiala emon leikezen personei nire asmoak aurkezteko orduan be erraztasunak ekarri leikez, saritutako proiektu bat aurkezten nabilelako. 
 
12.- Komunikazinoa eta zinemea dira zure arloak. Beraz, ikerketa honen ondorioz egingo dozun film laburra bete-betean dator bat zure ibilbideagaz. 
 
Gatxa egiten da epe luzera neure burua alor baten edo bestean ikustea, baina, bai, mundu honetan segidu nahi neuke. Honako hau izango da nire lehenengo film laburra, hortaz, urduri nago, baina pixkanaka egiten joateko asmoz eta bidean ikasteko gogo handiz. Espero dot emoitzea gustuko izatea jente askorentzat. 
 
Argazkiak: Ane Zulaika.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu