Agustin Azkaraterentzat da 2021eko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria
2021-04-29 12:43 KultureaGazteen atalean Ane Zulaikak irabazi dau.
Humanidadeen, Kulturearen, Arteen eta Gizarte Zientzien ataleko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sariaren 2021eko edizinoa Agustin Azkarate arkeologo eta historialariak irabazi dau. Epaimahaiaren arabera, unibersidadean eta akademian ez eze, zientzia aplikaduak gizartean be zabaltzen jakin dau Azkaratek.
Euskal Herriko zazpi unibersidadeetako ordezkariak egon dira epaimahaian, Eusko Ikaskuntzako eta Laboral Kutxako kideez gan. Azkaratek bere ibilbideko alor guztiak bikaintasunez landu dituala adierazo dabe epaimahaikideek.
Arkeologia eta Kultur Ondarea dira bere espezializazino-arloak, eta horreen eta alboko beste batzuen artean loturak topetako gaitasunari esker, disziplina askotako eta maila zientifiko handiko ikerketa-taldeak gidatu ditu, azaldu dau Eusko Ikaskuntzak ohar baten, puntako erreferentea dala ganeratuta.
Bestetik, epaimahaiak nabarmendu dau Azkarateren lanak bete-betean egiten dauela bat Euskal Herriko errealidadeagaz eta bertoko kulturearen aldeko lanagaz. Besteak beste, Gasteizko Santa Maria katedrala zaharbarritzeko lanean ibili da.
Unibersidadea erakunde publiko zein pribaduakaz lotzeko gogoa be aitatu dau epaimahaiak Azkarateren aldeko ebatzian.
Agustin Azkarate Garai-Olaun (Elorrio, 1953) Historian doktorea eta Arkeologian katedraduna da EHUn. Gasteizko katedral zaharra barritzeko martxan jarritako hogei urteko proiektuaren bultzatzaile eta zuzendari zientifikoa izan zanez, nazinoartean aitamen ugari izan ditu, tartean sari garrantzitsuak.
Horrezaz gan, dozena bat liburu idatzi ditu, eta 150 artikulu edo txatal beste argitalpen batzuetan, Arqueología de la arquitectura aldizkariaren sortzaile eta zuzendari izateaz gan. Indusketa eta lan arekologikoetan be ibilita dago, besteak beste, Aldaiako nekropolian, Labradorreko espedizinoan eta Armentiako basilikan.
Gazte Saria
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria, ostera, Ane Zulaika donostiarrak irabazi dau, Emakumeak Blai izenburudun proiektuagaitik. Euskal emakumeek XX. menderen bigarren erdian itsasoagaz euken loturea erakustea da bere asmoa, ikus-entzunezko lan baten bidez.
Aurten hasi eta 2022an amaitu nahi dau egitasmoa Zulaikak. Lekukotasunak batu, artxiboetan bilatu eta gogoetea egingo dau.
Epaimahaiaren ustez, proiektuak agirian itxiko dau izkutuan egon dan emakumearen errealidade bat, eta ahaztuta dagozan artxibo amateurrak berreskuratzeko ahalegina egingo dau. Emakumeen eta itsasoaren arteko hartu-emonetan, begirada barriak bilatuko ditu Zulaikak, naturea, jasangarritasuna eta bardintasuna ardatz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!