Ander Sarriurgartek irabazi dau bigarren saioa Bizkaiko Eskolartekoan
2021-05-06 08:09 BertsolaritzeaBost gaztek kantau dabe Durangoko kanporaketan.
Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketeak finalista bi ditu dagoeneko: martitzeneko saioaren irabazle June Diaz eta atzoko kanporaketan nagusitu zan Ander Sarriugarte. Durangoko Kurutziaga ikastolan jokatu zan bigarren kanporaketea, bost bertsolari oholtzan zirala, eta epaileek Sarriugarteri emon eutsezen puntu gehien.
Kantau eben beste lau bertsolariak Aratz Katarain, Jare Torralba, Oier Rementeria eta Peio Lago izan ziran. Lehenengo plazak egiten dabizan bertsolari gazteok eredu bikaina izan eben lagun Durangon, izan be, saioa aurkezten eta gaiak emoten Etxahun Lekue ibili zan, Bizkaiko txapeldun izandakoa eta makina bat txapelketatan ibilitakoa.
Epaimahaian, ostera, Alaitz Etxanobe, Miriam Juaristi eta Ander Arrien egon ziran, eta idazkari Idoia Anzorandia.
Bizkaiko Eskolartekoari hirugarren eta azken kanporaketea falta jako. Astelehenean, hilak 10, jokatuko da, Gernikako Astran (17:00). June Diaz eta Ander Sarriugarte legez, saio horretako irabazlea be zuzenean sailkatuko da finalerako. Beste bost finalistak puntuen arabera aukeratuko ditue, hiru kanporaketetan parte hartu daben bertsolarien artean.
Igorreko Lasarte Aretoan izango da aurtengo finala, maiatzaren 29an. Bat-bateko txapelduna erabagiko da saio horretan, eta Euskal Herriko Eskolarteko finalean egongo diranen izenak ezagutuko doguz. Era berean, idatzizko modalidadeko irabazleei sariak emongo deutsez Igorreko hitzorduan.
Bertsolaritzearen harrobia lantzea eta gazteei plazara urteteko aukerea emotea dira Eskolarteko Txapelketearen helburu nagusiak. Bizkaikoa 1984tik antolatzen da urtero, Ikastolen Alkartea eta Bizkaiko Bertsozale Alkartea bultzatzaile dirala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!