June Diazek irabazi dau lehenengo kanporaketea Bizkaiko Eskolartekoan
2021-05-05 07:57 BertsolaritzeaZuzenean sailkatu da Igorreko finalerako.
Algortan hasi da 2021eko Bizkaiko Eskolarteko Txapelketea, bat-bateko modalidadean. Sei bertsolari gaztek igon dabe oholtzara eta, epaileen puntuazinoen arabera, June Diaz izan da onena. Hortaz, finalean kantetako txartela eskuratu dau.
Lehenengo kanporaketan kantau daben beste bost bertsolariak Haizea Telleria, Maddi Askaiturrieta, Maialen Lago, Oier Mendiolagoitia eta Unai Intxausti izan dira. Gai-emole Iñaki Iturriotz ibili da, eta epaimahaiko kideak honeek izan dira: Alaitz Etxanobe, Miriam Juaristi eta Ander Arrien, eta idazkari Idoia Anzorandia.
Beste kanporaketa bi geratzen jakoz Bizkaiko Eskolartekoari. Bata, Durangoko Kurutziaga ikastolan jokatuko da gaur arratsaldean (17:00). Bestea, Gernikako Astran, maiatzaren 10ean. Saio bakotxeko irabazleak zuzenean pasauko dira finalera, eta beste bost finalistak puntuazinoaren arabera aukeratuko ditue.
Igorreko Lasarte Aretoan izango da aurtengo finala, maiatzaren 29an. Bat-bateko txapelduna erabagiko da saio horretan, eta Euskal Herriko Eskolarteko finalean egongo diranen izenak ezagutuko doguz. Era berean, idatzizko modalidadeko irabazleei sariak emongo deutsez Igorreko hitzorduan.
Bertsolaritzearen harrobia lantzea eta gazteei plazara urteteko aukerea emotea dira Eskolarteko Txapelketearen helburu nagusiak. Bizkaikoa 1984tik antolatzen da urtero, Ikastolen Alkartea eta Bizkaiko Bertsozale Alkartea bultzatzaile dirala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!