Idoia Anzorandia eta Maialen Belarra alkarrizketatuko ditue domekako saioan

Bizkaie! 2026-10-09 10:10   Bertsolaritzea

Gai-jartzaileen lana Hitzetik Hortzeran.

Gai-jartzaile taldearen lana gertutik ezagutzea da asmoa. Bertsolariak dira Txapelketako arpegi ezagunenak baina oholtzara heltzen dan bertsoaldi bakotxaren atzean gai-jartzaileen lana be badago. 14 lagun dagoz 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako gai-jartzaile taldean eta horreetako bigaz batuko da asteon Mirari Martiarena Iraola: Idoia Anzorandia Kareaga eta Maialen Belarra Eneterreagagaz.

Urtearen hasieran hasi zan lanean EHBT26ko gai-jartzaile taldea. Anzorandiak eta Belarrak talde antolatzaileaz eta lan egiteko moduaz berba egingo dabe, baita gaiak sortzeko prozesuaz be, besteak beste, gai batek lehenengo proposamenetik oholtzara heldu arte egiten dauen bidea azalduko dabe: zelan lantzen daben, zer aldaketa izaten dituan eta zer dagoan azken formulazinoaren atzean.

Gai-jartzailetzearen ibilbideari atzera begiratzeko tartea be izango da: Laxaro Azkune Sudupe alkarrizketatuko dabe, orain 40 urte hasi baitzan gai-jartzaile lanetan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. 1986ko Txapelketan egin eban debuta eta 1989an, 1993an, 1997an eta 2001ean be ibili zan zeregin horretan.

Tolosako eta Gotaine-Irabarneko bertsoaldiak

Astero bezela, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketearen jarraipena egingo dau Hitzetik Hortzerak. Oraingoan, Tolosako eta Gotaine-Irabarneko saioetako bertsoaldiak eskainiko ditue.

Tolosan Aitor Servier Etxexuri, Amaia Iturriotz Etxaniz, Eli Pagola Apezetxea, Julio Soto Ezkurdia, Oihana Bartra Arenas eta Unai Mendiburu Valor ibili ziran bertsotan. Gai-jartzaile lanetan, barriz, Imanol Artola Arretxe 'Felix'.

Gotaine-Irabarnen zapatuan jokatuko dan saioan Aitor Etxebarriazarraga Gabiolak, Andoni Rekondo Izagirrek, Ekhiñe Zapiain Arlegik, Onintza Enbeita Maguregik, Unai Mendizabal Jauregik eta Xabat Illarregi Marzolek kantauko dabe. Ekhi Erremundegi Beloki izango da gai-jartzailea.

Hitzetik Hortzera, domekan, urriaren 11n, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu