Euskaltzaindiarentzat 'aurrerapausua' da Frantziako hizkuntza gitxituen legea

Bizkaie! 2021-05-03 13:59   Euskerea berbagai

Halandabe, kezkagarritzat jo dau Asanblea Nazionaleko 60 kidek legeari ipini deutsen helegitea.

Legearen aldeko ordezkari politikoak, Frantziako Asanblearen atarian, apirilaren 8an | Ikusi handiago | Argazki originala

Frantziako Asanblean apirilaren 8an onartu zan legea, hizkuntza gitxituei babes handiagoa emoten deutsena, begi onez hartu dau Euskaltzaindiak, ohar baten adierazo dauenez. Aurrerapausua da, Akademiaren ustez, baina Frantziak hizkuntza horreetako komunidadeetako hiztunakaz zor historikoa dauela uste dau, katalana, bretoiera, euskerea, korsikera eta bestelako hizkuntzak baztertuta egon diralako orain arte.

Euskerazko murgiltze eredua ezarteko edo zabaltzeko erraztasunak eta legezko babes handiagoa ekarri ditu Frantziako Asanblearen erabagiak, hizkuntza txikien ikusgaitasuna handituko daben beste neurri batzukaz batera. Euskaltzaindiak dei egin deutse erakunde publikoei, lege barrian jasoten dana bete deien, eta nazinoarteko arau eta gomendioakaz bat egin deien. 

Izan be, Akademiaren ustez, lege barria positiboa dan arren ez da nahikoa hizkuntza gitxiagotuak normalizetako ahaleginean. 

Alderdi eta sensibilidade ugaritako parlamentariek legearen alde bat egin daben arren, eta gehiengo zabalez onartu, kontra dagozanak ez dira geldirik egon. Asanbleako 60 kide inguruk Kontseilu Konstituzionalean legeari jarri deutsen helegitea dala eta, Euskaltzaindiak adierazo dau kezkatuta dagoala, arriskuan jarten dauelako hizkuntzak bizibarritzeko beharrezkoa dan bultzadea. 

Hizkuntza gitxiagotuen eta aniztasunaren alde lanean dabizan erakunde, alkarte eta eragileakaz batzeko prest agertu da Euskaltzaindia, indarrak batzea garrantzitsua dalako. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu