Hizkuntza gitxituak legez babestuago egongo dira Frantzian
2021-04-09 08:59 Euskerea berbagaiFrantziako Asanbleak onartutako testuak hezkuntzan izango dau eraginik handiena.
Mugarri historikoa ezarri da Frantziako Asanblean hizkuntza txikientzat, tartean euskerearentzat, ez dalako bape ohikoa frantsesaz aparteko beste hizkuntzei ezelako errekonozimendurik egitea. Baina Eskualdeetako Hizkuntzen Ondarea Babesteko eta Bultzatzeko Legea gehiengoz onartu dabe diputaduek, eta proposamen hori bera Senaduak be onartuta dauenez abendutik, segiduan sartuko da indarrean, Konstituzino Batzordeak ez badau galarazoten.
Hezkuntzan eta beste alor ofizial batzuetan, hizkuntza gitxituek legearen babes handiagoa izango dabe aurrerantzean, eta ez dira administrazinoarentzat ikusezinak izango. Seaskak eta beste hizkuntza gitxitu batzuetako hezkuntzan dabizan alkarteek murgiltze eredua dalakoa babesteko eskatu eutsen politikariei orain dala egun batzuk. Lege barriari esker, eskaera horreek beteko dira.
Esate baterako, hizkuntza txikien transmisinorako funtsezkotzat joten dan murgiltze eredu hori zabaldu ahal izango da, ume gehiagogana heltzeko. Hizkuntza txikietan eskolak emoten dituen zentro pribaduak diruz laguntzea baimenduko da, eta horrek Seaskari mesede handia egingo deutso.
Ganera, hezkuntza elebidunik ez dagoan udalerrietan, erraztasunak eta diru-laguntzinoak aurreikusten ditu lege barriak, interesa daben ikasleek alboko beste herriren batera jo deien bertako hizkuntza gitxituan jarduten dauen eskola batera.
Hezkuntzatik kanpoko beste arlo batzuetan be eragingo dau Asanblearen erabagiak. Administrazinoak, orain arte, guztiz debekatzen izan ditu frantsesaren ohiko ezaugarrietatik aparteko gauza guztiak. Adibidez, norberaren izen-abizenak dokumentuetan idazteko orduan, ñ letrea debekatuta egon da, bretoieraz sarri erabilten bada be (euskeraz be badago). Aurrerantzean baimenduta dago zeinuak erabiltea. Bide-seinale elebidunei be eragingo deutse Asanblearen erabagiak.
Paul Molac diputadu eta bretaineraren aldeko eragilea izan da proposamenaren aldeko ordezkaria Asanbleako eztabaidetan. Legea onartuta, pozarren agertu da, eta alkarlanean lortutako garaipena izan dala azpimarratu dau. Alderdi politiko gehienetako ordezkariak, hizkuntzen aldeko erakundeek, hizkuntza txikietan erakusten daben hezkuntza-sareek... bat egin dabe.
Gobernua, kontra
Paul Molacek agertutako poza ulertzekoa da, legea onartzeko eztabaidan ikusitakoak ikusita. Zuzenketak aurkeztu zituen diputadu batzuek hareek erretirau ditue, legea errazago onartzeko, eta beste diputadu batzuek alde bozkatu dabe, euren alderdiak agindutakoaren kontra. Kasu nabarmenena Martxan alderdiarena izan da, kontrako botoa iragarri arren bertako diputadu gehienak alde jarri diralako.
Danetara, 247 aldeko boto izan ditu legeak Frantziako Asanblean, onartua izateko nahikoak. Senaduan abenduan onartu eben proposamen bardin-bardina.
Frantziako Gobernua lege honen kontra agertu da, eta Asanbleako eztabaidan argi eta garbi adierazo dabe hori Gobernuaren ordezkariek. Jean-Michel Blanquier Hezkuntza Ministroak berak egin dau berba, orain dagoan sistemea hizkuntza gitxituak hezkuntzan sartzeko nahikoa dala esateko, eta murgiltze eredua ezartea danen hizkuntzearen, frantsesaren, kontra egitea dala. Hizkuntza txikien monopolioa egongo dala salatu dau.
Kontuak kontu, legea onartuta dago, eta Konstituzino Batzordeak baino ezingo leuke atzera bota. Biziraun ahal izateko eta bene-benetako errekonozimendu ofizial bat izateko oraindino gehiago egitea beharrezkoa izango dan arren, hizkuntza txikientzat aurrerapusu nabarmena da honako hau. Alde praktikotik, hezkuntzan eta beste eremu batzuetan erraztasunak ekarriko ditualako. Alde sinbolikotik, Frantziako erakundeetan ez dalako arrunta hizkuntza txikien alde horrenbeste sensibilidadetako ordezkariak batzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!