Hizkuntza gitxiagotuen ondarearen alde egiteko eskatu deutse Frantziako Senaduari
2021-03-31 12:16 Euskerea berbagaiSeaskak eta Eskolim erakundeko eskolek egin dabe deia.
Hizkuntza gitxiagotuen ondarea babesteko lege-proposamena oso-osorik babestu deiela eskatu deutso Eskolim erakundeak Frantziako Senaduari, hizkuntza txikien geroa sendotzeko eta murgiltze-eredua bermatzeko modu bakarra dalakoan. Sei hizkuntza gitxiagotutan irakasten daben beste horrenbeste eskola-sare dagoz Eskolimen, tartean Ipar Euskal Herriko Seaska.
IV. Errepublikearen sasoian, 1951n, Deixonne legea onartu zanetik, lehenengoz euki leike Frantziak hizkuntza gitxiagotuen babeserako estatutu bat finkatzeko oinarria jarten dauen lege bat, Senaduak proposamenaren alde egiten badau, Seaskak azaldu dauenez. Testuan beren-beregi aitatzen da murgiltze-ereduko irakaskuntzea aintzat hartzeko beharra, frantsesez ondo jakiteko helburuari kalterik egin barik. Hortaz, ez litzateke konstituzinoaren kontrakoa izango.
Seaskak azpimarratu dau metodo eraginkorra dala murgiltze-eredua, ikasleek lekuan lekuko hizkuntzea (adibidez, euskerea) eta frantsesa jakitea bermatzen dauelako. Ganera, ikerlan ugaritako zein azterketa ofizialetako (brebeta, baxoa) emoitzek garbi erakusten dabe eredu horren kalidadea.
Elebitasunaren kontrako erantzun juridiko maltzurrak ez dirala gehiago bueltauko espero dau Seaskak, Senadura heldu dan proposamenak murgiltze-eredua ez doala Konstituzinoaren kontra erakusten dauelako. Errepublikearen hizkuntzea frantsesa dala dino Konstituzinoak, baina ez dau esaten lekuan lekuko hizkuntzak lantzea antikonstituzionala danik. Ganera, Estadu Kontseiluak, 2002ko ebazpen baten, esan eban murgiltze-eredua lege bidez arautu behar litzatekeela.
Proposamen barriaren inguruko eskari bateratua Korsikako Bastia urian egindako batzar baten adostu eben, martiaren 26tik 28ra. Eskolim erakundeko irakaskuntza-sare guztiek hartu eben parte bertan. Topaketea aprobetxau eben, hain zuzen be, Eskolimeko seigarren kidea onartzeko, Korsikako Scola Corsa, korsikerazko eredua aurten bertan ezarteko asmoa dauena.
Scola Corsa eta Seaskagaz batera, Eskolimeko kide dira: ABCM-Zweisprachigkeit (alsaziera/alemaniera), Bressola (katalana), Calandreta (okzitaniera) eta Diwan (bretoiera).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!