Maialen Berasategi: 'Gozamena izan da idazten pasau dodan denporea'

Dabi Piedra 2021-04-12 07:57   Barriketan

Donostia Kultura Poesia Sariaren irabazlea.

Maialen Berasategi Catalan (Gasteiz, 1989) Itzulpengintzan eta Interpretazinoan lizentziaduna da EHUn, eta egin dituan itzulpenakaitik izan da ezagun orain arte. Besteak beste, Rebecca West-en Soldaduaren itzulera eta Adrienne Rich-en antologia bat ditu euskeratuak, saiakera ugarigaz batera. Berria-n zuzentzaile dabil gaur egun.

Baina, itzulpena albo batera itxi ez dauen arren, olerkigintzearen plazara be salto egin dau. Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak antolatzen daben poesia saria irabazi dau, Altzarienea bildumeari esker. Balea Zuriak argitaratuko dau bildumea laster, baina Berasategik kontau deusku seguruenez izenburua aldatuko deutsala. Poesia txikitatik gustuko izan dauen arren, orain dala urtebete inguru berrekin eutsan olerkiak sortzeari. Sariak bultzadea emon deutso idazten segitzeko.

1.- Altzarienean izeneko bildumeagaz irabazi dozu Donostia Kultura Saria. Zelako poemak dira?
 
Egia esateko, argitu behar dot Altzarienean behin behineko izenburua dala, lehiaketarako titulua ipini behar neutsan eta horixe aukeratu neban. John Berger idazleak esan eban mila aldiz errepetidutako istorioak altzari bihurtzen jakuzala, eta, esaldi horretatik tiraka, konturatu nintzan nire poema askotan etxe barruko giro hori baegoala. 
 
Poemetan ez dot gai bakarra landu. Badago, beharbada, etxe barrutik kanpora, leihotik, begiratzen dauenaren ikuspegia, gure garaian ahal dabena eginaz bizi diran gizabereen istorioak edo danok gero eta gehiagotan sentiduten dogun ezinegon horren ingurukoak. Pandemia baino lehenagotik dakargu ezinegon hori, prekariedadea, emakumeen kontrako gerrea... Bestetik, kanpotik barrura begiratzeko ahalegina be badago, neure barruko gaiak lantzekoa, gai apalagoak dira seguruenez: paseo bat emon bitartean norbeari etorten jakozan burutazinoak edo lagun minak agiraka egiten deutsunekoa. Helduaroaren hasieran dagoan emakume baten gogoetak dira batzuk. Leihotik barrura eta kanpora begiratze horretan, mugea be lausotu egiten da.
 
2.- Izenburuaz aparte, bilduma hau liburu formatuan plazaratzen dozunean aldaketarik egingo dozu?
 
Epaimahaikoek sorta hau saritu dabenez, ezin da sekulako aldaketarik egin. Dana dala, barriro begiratzeko astia emon deuste Balea Zuria argitaletxekoek, eta eurek be edizino lana egingo dabe, jakina. Funtsa ez da aldatuko, baina orraztuta eta, ahal dala, hobetuta joango da. 
 
3.- Zure lehenengo sormen lantzat aurkeztu da Altzarienean, baina itzulpengintzan eta artikulugintzan ibilia zara. Hor ez dago sormenik ala?
 
Hori betiko auzia da, zenbat daukan itzulpenak edo artikuluak sormenetik. Askotan ekuazino sinplea egiten da, sormena bardin literaturea, eta ez dau zertan holan izan. Itzultzea eta idaztea disziplina diferenteak dira. Danetarako behar da sormena, bai, baina arlo bakotxean oso modu diferentean erabili behar dan lanabesa da. 
 
4.- Olerkigintzan, lehenengo aldiz agertu dozu zuere lana jentaurrean. Noiztik dozu poesia idazteko zaletasuna?
 
Ni, batez be, irakurzalea naz, txikitatik. Orduan, poesiagaz izan neban lehenengo kontaktua umetan izan zan; olgeta zein kantuetan, umeak barruratzen ditu erritmo batzuk, gai batzuk... Gero jente asko bidean galtzen da, baina, nire kasuan, nerabezaroan barriro zaletu nintzan, nire gauzatxuak idazten nebazan, asmo handi barik, baina gero itxi egin neutsan, laneko zurrunbiloan sartu nintzalako. Igaz hasi nintzan barriro, ez dakit ondo azaltzen zergaitik, baina poesiarako aldarteagaz nago orain. 
 
5.- Lehen esan dozu desbardina dala itzultzea edo literatura egitea. Alde handia igarri dozu itzulpenak egitetik zeuk sortutako testuak idaztera?
 
Bai, antzekotasun batzuk izan arren, ondo bereizten diran disziplina bi dira. Nancy Mitford-ek esaten eban, oker ez banabil, maite ebala itzultzea, idaztearen plazerra emoten eutsalako ezer asmatzen ibili beharraren zailtasun eta kalamidade barik. Itzultzaileak ez dau zer esan pentsau behar, esanda dagoena zelan adierazo baino. Baina itzultzeak be baditu alde gatxak: idazle batek ez badaki ondo zeozer zelan esan, iges egin leike eta beste gauza bat idatzi; itzultzaileak ezin dau hori egin, hor dagoana itzuli behar dau. 
 
Bestetik, disziplina biak lotuta dagoz, baten ibilteak besterako laguntzen deutsu. Anjel Lertxundik uste dot esaten ebala ze, idazle gazte bati emongo leuskion aholkua izango litzatekeela itzulpenak egiteko, asko irakurteaz eta idazteaz gan. 
 
6.- Literatura unibersalean, Rebecca West-en eta Adrienne Rich-en obrak euskeratu dozuz. Nahita jo dozu emakumeen ahotsaren bila?
 
Interesa badot, gero eta gehiago eta kontzienteago. Halandabe, itzuli dodazan liburu batzuk ez dodaz neuk aukeratu, enkarguak izan dira. Ganera, egunen batean gizon batek idatzitako liburu bat itzultzea be ondo egongo litzateke, ez dot baztertzen. 
 
Adrienne Rich-ek, duda barik, eragina izan dau gero neuk idatzi dodazan poemetan. Idazteko moduan, landutako gaietan, aukera batzuk egiteko orduan... eragina izan dauela uste dot. Rebecca West-en kasua bestelakoa da, idazkera guztiz diferentea dauelako, baina esango neuke lagundu deustala, esate baterako, deskribapenei eta adjektibazinoari bildurra galtzen. Gaur egun ez dago modan, baina konturatu naz adjektibazinoa tresna indartsua izan leitekela, ondo egiten jakin ezkero, jakina. 
 
7.- Literatura unibersaleko obra ugari euskeratuta egoteak ze ekarpen egiten deutso gure hizkuntza txikiari?
 
Duda barik, aberastasuna ekarri dau, esparru literarioari jagokonez, baina hizkuntzeari osotasunean begiratuta be bai. Euskeraz idazterakoan danok daukaguzan joeratxu edo inertzia batzuk apurtzeko lagungarria izan leiteke. Euskeraz berez badaukagun literatura oparo horri gehitzen badeutsazu, zer esango deutsut, ba Silvia Plath bat, edo Anne Sexton, edo Shakespeareren sonetoak, hor sortzen dozun aberastasuna ikaragarria da, irakurzale huts diranentzat zein hizkuntzea langai dogunontzat. 
 
8.- Euskeraz badoguz proiektu ugari, kanpoko obrak geurera ekarteko: Igelakoek urteak daroez jo eta su itzulpenak argitaratzen, Munduko Poesia Kaierak be hor dago... Euskerearen neurria ikusita, bada zeozer.
 
Hor bada jente bat sekulako ahalegina egiten dabilena. Aitatu dozuzanaz gan, ez dira ahaztu behar bekak, lehiaketak... EIZIEren literatura unibersalarena, Jokin Zaitegi eta (H)ilbeltza, adibidez. Itzultzaileari emoten deutse aukerea literaturea baldintza duinetan itzultzeko, eta horrek kalidadeari eragiten deutso. Azken hamarkadetan egiten gabizan bidea txalotzekoa da, eta batzuk ia musutruk egiten dabizan lana be autortzeko modukoa da. 
 
9.- Poesiarako aldartean zagozala aitatu dozu lehen. Gehiago idazteko indarra emongo deutsu Donostia Kultura Sariak?
 
Sari batek beti laguntzen dau, batez be, hasikera baten uzkur bazagoz idazteko. Batzuetan lagunek edo ingurukoek esaten deutsue animetako, baina kanpotik jatortzun autortza hori beti da bultzadea, jakinik sariek daben puntu injustu hori. Ilusinoz nago, ganera badakit papelean argitaratuko dodazala nire poemak. Gero, badakit grina hau etorri jatan moduan, beharbada, barriro amatauko jatala edo beste lehentasun batzuk agertuko dirala. Baina aldarte honetan nagoan bitartean, segidu nahi dot idazten, nire estiloa bilatzen eta hobetzen, eta gozetan. Orain arte gozamena izan da idazten pasau dodan denporea. 
 
10.- Itzulpengintzan be bazabiz. Ames egiten hasita, zelako lanak itzuliko zendukez gustura?
 
Eskatzen hasita, nahiko neuke ofizioari edo lanbideari lotutako orduak gitxitu eta itzulpengintza literarioari ordu gehiago emon ahal izatea, ederra litzateke. Orain, askok egiten doguna da, libre daukaguzan orduetan zeozer idazten ahalegindu. Aspaldi daukat hasita G. K. Chesterton-en obra baten itzulpena, baina beti dago zeozer, lana dala, edo orain poesia, ezin amaitu. Egunen baten literaturea itzultzeko enkarguren bat jaso ezkero, pozik hartuko dot, eta, bestela, ahaleginduko naz lehiaketaren batera aurkezten. Gatxa da lehiaketetan lekua egitea, egia esan, maila handiko itzultzaileak dagozalako.
 
Beti gogoan daukat, ganera, Virginia Woolf-en libururen bat itzultzeko fantasia. Haren obra dezente dagoz dagoeneko euskeratuta, autore horri jagokonez ez gagoz herren, ez da euskal irakurleak gehien behar dauen autorea momentu honetan. Baina, itzultzaile moduan, gustura ahaleginduko nintzateke Woolf euskeratzen. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu