Maialen Berasategi Catalanek irabazi dau Donostia Kultura Poesia Sariketea
2021-03-30 09:16 KultureaItzulpengintzan ibilbide oparoa dau, baina honako hau dau lehenengo sormen lana.
Poesiaren Nazinoarteko Egunaren bueltan, IV. Donostia Kultura Poesia Lehiaketako saria emon deutse Maialen Berasategi Catalan itzultzaile eta zuzentzaileari (Gasteiz, 1989). Literaturako lanak euskerara ekarteagaitik ezaguna da Berasategi, eta orain poesia idazteari be ekin deutso. Besteak beste, Rebeca Westen Soldaduaren itzulera itzuli dau euskerara, baina Donostia Kultura Sariketako bildumea dau itzulpengintzaz aparteko lehenengo sormen lana.
Balea Zuria argitaletxeak kaleratuko dau Maialen Berasategi Catalanen poemategia. Altzarienean izenburupean aurkeztu dau bildumea lehiaketara, baina autoreak berak azaldu dau, seguruenez, beste izenburu bat emongo deutsala liburua argitaratzeko orduan. Bagilean egingo dan Poesia eta Pentsamendua jardunaldietan errezitauko ditu poesiak Berasategik.
Horrezaz gan, bildumako olerki baten oinarritutako margolan bat emon deutse antolatzaileek irabazleari. Imanol Larrinagak egin dau obrea. Azkenik, mila euroko sari ekonomikoa be eskuratu dau Berasategik.
Aurtengo edizinora aurkeztu diran 17 hautagaien artean, epaimahaiak aho batez aukeratu dau Maialen Berasategi Catalanena. Euskerearen erabilerea, sen poetikoa eta feminismoaren barruko begirada freskoa txalotu ditu epaimahaiak Berasategiren lanean. Itxaro Borda, Eli Tolaretxipi eta Aritz Gorrotxategi izan dira epaimahaikide.
Donostia Kulturak eta Balea Zuriak antolatzen dabe sariketea, 2018tik, poesia zabaltzeko eta idazle gazteei bultzadea emoteko asmoz. 35 urtetik beherako autoreek hartu leikie parte, eta olerkiak euskerazkoak izan behar dira. Aurreko hiru edizinoetako irabazleak Esti Martinez Diaz de Cerio (Azalberritze bat), Gorka Salces (Iraganaren izterrak) eta Lizar Begoña (Aro beilegia) izan ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!