Gorka Ganso: 'Barrea urtenbide aproposa da bildurraren kontra'
2021-03-29 07:58 BarriketanTopaklown-eko zuzendari artistikoa.
Martiaren 31tik apirilaren 3ra egingo dabe Durangoko Topaklown jaialdiaren 2021eko edizinoa, Antibirus edition dalakoa. Igazko edizinoa bertan behera itxi eben, pandemiagaitik, baina indarbarrituta dator aurtengoa, 2020an aurkeztu beharreko ikuskizun batzuk berreskuratuta. Danetara, zazpi konpainiak 14 saio eskainiko ditue San Agustin Kulturgunean eta Landakon. Osasun egoereagaitik egitarauan aldaketa batzuk egin behar izan ditue, esate baterako, ez dabe ikastarorik antolatu. Klowna eta umorezko antzerkia maite dabenen topaleku izateko prest dago Durango.
Topaklowneko zuzendari artistikoa da Gorka Ganso. Azken hileotako bildurrei eta ezkortasunari aurre egiteko tresnatzat jo dau barrea, eta halako jaialdien beharra azpimarratu. Ganera, Ganso&Cía konpainiako aktorea da Gorka Ganso; Alpha ikuskizuna aurkezteko birea amaitu barri, udako denporaldiari baikortasunez begiratzen deutso.
1.- Azken hileotako oztopoen ganetik, badator Topaklown. Gogoz egongo zarie...
Pozik gagoz, aukera polita da ikuskizun barriak gure herrira ekarteko, eta, bestetik, igaz bertan behera itxi genduzan hainbat ikuskizun programau doguz. Igazko edizinorako sortu genduzan irudia, argazkia eta kartela aprobetxau doguz. Igazkoa pena handia izan zan, baina galdutakoa berreskuratuko dogu.
2.- Jarduera batzuk kendu behar izan dozuez, adibidez ikastaroak, baina trukean zuzeneko saio gehiago antolatu dozuez.
Gure indargune nagusietako bat galdu dogu, ze formakuntzan ahalegin handia egiten dogu. Klown eta antzerki ikastaroek jente ugari erakarten dabe, batzuk atzerrikoak, zale zein profesionalak. Urtero, gitxi gorabehera 200 lagun etorten dira Durangora ikastaroen kontura, eta herrian giro berezia sortzen dau. Baina gauzak dagozan moduan dagoz, eta, behinik behin, ikuskizunei eutsi ahal izan deutsegu, formatua pixka bat aldatuta eta obra bakotxaren saio bi antolatuta, aforoaren murrizketei aurre egiteko.
Kaleko programazinoa handitu dogu, baina, berez, ez doguz kalean egingo, hori dan arren euren leku naturala. Landako Gunean egingo doguz kaleko ikuskizunak, aforoa kontroletako errazagoa dalako. Baina, azken finean, Topaklownen arimearen zati bat topauko dogu han.
3.- Aurtengo helburuetako bat emakume artistak ikusiarazotea da. Zelan egingo dozue hori?
Atzerriko artista ospetsuak bakarrik ekarri beharrean, zuzendaritza artistikotik ahalegintzen gara bertoko artistak edo horren finkatuta ez dagozanak be ekarten, aukerea emoten. Aurten, egitarauan sartu doguzan bertoko hiru konpainietan emakumeak dira nagusi. Maite Guevara klownak Qué buen día ikuskizunaren aurrestreinaldia egingo dau; Naita Produkzinoak-ek Adela eta Martirio Bernarda Albaren etxean, Bernarda Albaren obrearen bersino bat aurkeztuko dau. Azkenik, Karrikan ikuskizuna dago, Karrika talde amateurraren eskutik datorrena, hau be estreinaldia. Pandemiaren erruz, obrea estreinau ezinda ibili dira, ez dakit zenbat ahalegin egin dituen, azkenean Topaklownen ikusiko dogu lehenengo aldiz, espero dogu!
4.- Kanpoko konpainiak be badagoz egitarauan. Pandemia sasoian gatxagoa izan da atzerriko artistak ekartea?
Frantziatik L'Arbre à Vache konpainia etorriko da, igazko programazinoan be egon ziran, baina bertan behera itxi genduan. Ilusino handiz dagoz, ze kontau deuskue euren lehenengo saioa izango dala hile askoan, Frantzian antzokiak guztiz itxita dagozalako. Mugea pasetako ez dabe arazorik izango, lanerako baimenagaz bidaiatu leiteke eta. Kataluniako konpainia bi be badatoz, Carlos Mô eta Los Barlou. Durangoko ikusleei aukerea emoten deutsegu, normalean gure inguruan ibilten ez diran konpainiak ezagutzeko.
5.- Artistentzat arnasea da pandemia bete-betean Topaklownera etorri ahal izatea?
Azken urteotan erreferente bihurtu da Topaklown artisten artean, halako topagune asko-asko be ez dagozalako. Horregaitik eutsi nahi izan deutsagu aurtengo edizinoari, ikastaroak bertan behera itxi arren, behintzat Topaklown egin daitela, badakigulako Euskal Herriko zaleak hurreratuko dirana. Danontzat da inportantea, oraingo sasoietan barrea oinarri daben ikuskizunak plazaratzea. Azken finean, bildurrez inguratuta bizi gara gaur egun, guzurrezko albisteek sortutako bildurra zein benetan drama handi bat daukagulako geure artean birusaren kontura. Ezinegon horretatik askatzeko eta beste emozino batzuk lantzeko, klowna eta barrea urtenbide aproposak dira.
Medikuek sistema immunologikoa indartzeko eskatzen deuskue danori, eta horregaitik, aurten, izenburutik bertatik gatoz horretan laguntzeko prest, Antibirus edition izenburua ipini deutsagu. Ikuskizunetan segurtasun neurri guztiak jagongo doguz, baina uste dogu barre egin ezkero, barruko birusetatik libre geratuko garela.
6.- Kulturea segurua dala aldarrikatzen dozue behin eta barriro.
Bai, aforoak mugatuta dagoz, distantziak gordeko dira... Hemerotekak edo estatistikak begiratu ezkero, ikusten da ekitaldi kulturaletan kutsatzeak bat edo bi izan dirala, oso gitxi. Leku segurua da, supermerkadura joatea edo autobusean ibiltea baino seguruagoa. Ganera, irribarre bategaz urteten dozu!
7.- Klownak asko sufridu dau pandemiaren kontura?
Guk geuk, Ganso&Cía konpainian lanean segidu ahal izan dogu, ezin gara kejau, baina egia da lan baldintzak ez dirala onak klownarentzat. Eragin negatibo bi dagoz: batetik, maskarak jantzi behar dirala, eta kontuan izan klownok asko inprobisetan dogula eta publikoaren erreakzinoak momentuan ikusi behar doguzala, arpegiak ikusi behar doguz, kontua ondo doan ala ez jakiteko. Bigarren eragina da, distantziak handiagoak izan behar dirala, ezin dogu jenteagana hurreratu edo ikusleren bat ikutu. Guk ikuskizun batzuk egokitu behar izan doguz, publikoaren parte-hartzea handia zalako, ikuskizun bakotxean pare bat persona ateratzen nebazan oholtzara. Hori ezin dogu egin orain, aldatu egin behar izan doguz horreek parteak. Gure lan artistikoari eragiten deutso horrek, txarrerako.
Beste alde batetik, festibal asko bertan behera geratu dira, adibidez igazko Topaklown. Udan be, baimena egon arren, ekitaldi asko bertan behera geratu ziran, bildurragaitik. Egoera hau surfeatzen gabizala esango neuke, ahal dan moduan. Ogibide polita da gurea, eta horrek pozten gaitu, eskerrak.
8.- Zuen konpainia Alpha ikuskizuna emoten ibili da pandemia bete-betean. Zer kontau dozue hor?
Orain dala urte bi inguru hasi ginan prestakuntzak egiten, eta estreinaldia urriaren amaieran izan zan, hau da, pandemiaren erdian. Egia esan, gaia aproposa da sasoi honeetarako, bildurra landu dogulako. Hain zuzen be, bildurra amesen bitartez. Oholtza ganean, ohera doan tipo bat agertzen da, eta lo egiteko daukazan zailtasunak, amesgaiztoak... erakusten doguz, errealidadea eta fantasia nahastauta. Publikoak azkenean ez daki amesaren barruan ala errealidadean dagoan. Danok barruan doguzan bildur abstraktuak agertu nahi doguz. Ikuskizun bisuala da, hasi eta amaitzen dan istoriorik bakoa, hunkigarria. Barrea eragiten dau, baina beste emozino batzuk be bai, sustoren bat tartean.
Orain artekoagaz pozik gagoz, behintzat estreinau ahal izan dogu, ze pandemiagaz hori be ez da ziurra. Zorionez, plangintzea ondo eginda egon zan aurretik, eta ez dogu aldaketa handirik egin behar izan. Batez be Euskal Herrian aurkeztu dogu Alpha, ondo joan da birea, hogei bat saio egin doguz.
9.- Ganso&Cíaren ikuskizunak berbarik bakoak izaten dira. Horrek adierazkortasunerako beste ate batzuk zabaltzen ditu?
Gure lehenengo ikuskizun bietan pilo bat berba egiten neban nik oholtzan, baina gero berba barik egitearen aldeko erabagia hartu genduan. Askotan, berba egiten dogu ezer esan barik. Gorputzak, ostera, uste doguna baino gauza gehiago kontetan ditu, eta egiazko gauzak dira, gorputzak ez dau guzurrik esaten, ez dago hizkuntzearen tranparik. Horrek, zelanbait, lotura indartsua sortzen dau publikoagaz. Antzerkigintza unibersala da gurea, Frantzian, Portugalen eta Errumanian ibilita gagoz gu, eta gure ikuskizunak ulertu egiten ditue leku guztietan, hizkuntzearen mugea apurtuta.
10.- Proiektu gehiago darabilzuez buruan, ala oraingoari eusteagaz nahikoa?
Udea laster helduko da, kaleko denporaldia hasiko da. Jenteak aisialdia behar dauela ikusten dogu, kalean barre egitea, eta uste dot kultur programatzaileek hori ulertuko dabela. Neurri bereziak hartuta, jakina, baina festibalak eta halakoak antolatuko diralakoan nago. Geuri jagokunez, kaleko ikuskizun biren emonaldiak egiten segiduko dogu, Panoli Kabaret eta Babo Royal.
Horrezaz gan, buruan badoguz idea barri batzuk, datorren urteko kaleko ikuskizunen denporaldian estreinetako. Baina obra barri bat sortzeko prozesua luzea izaten da, gitxienez urtebeteko lana da. Ganera, Alpha sortzen eta birea egiten ibili gara azkenaldion, eta gure sormen gaitasuna pixka bat lehortuta dago. Dana dala, laster hasiko gara proiektu barrian lan egiten.
Argazkiak: Gorka Ganso eta Topaklown.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!