Topaklown 2021 Durangon, martiaren 31tik apirilaren 3ra
2021-03-17 08:14 KultureaZazpi talde, 14 saio 4 egunetan.
Pandemiaren eraginez, bertan behera itxi dira topaketa eta ikastaroak baina 14 antzezlan antolatu ditue 2021eko Aste Santurako. Topaklown berez klowna eta oro har umorezko antzerkia maite daben profesional eta lagunen topaketea da. Urtero Aste Santuan egiten da (eguaztenetik domekara) eta trebakuntzea izaten dau ardatz nagusi. 'Orain arte klowna zein alboko arteak lantzeko 9 ikastaro atontzen genduzan eta, hain zuzen be, hauxe da Espainiako zein atzerriko parte-hartzaileak erakarteko gakoetako bat, izan be, topaketan parte hartzen dabenek trebakuntzaz harago beste onura batzuk be izaten ditue gurean, besteak beste, antzeko afizino eta ofiziodunakaz konpartiduteko esperientziak (lagun barriak egin, kolaborazino artistikoak, enpresa arlokoak, sormenaren inguruko sinergiak eta jakintzea be konpartiduten dituelako)'.
Topaklownen bigarren ardatza programazinoa da: Kaleko zein aretoko antzerki saioak Durangon zehar eta San Agustin kultur gunean.
2021eko Topaklownaren helburua
Topaketeari egutegian bizirik eustea. '2020rako deituak egozan artistak berreskuratu egin doguz eta, holan, aukeraketa lana erraztu da eta parte hartu behar eben artistei lagunduko deutsegu.
Lau egunetako egitaraua, 7 talde, 14 saio 4 egunetan zehar. Aretoko eta kaleko antzerki saioak izango dira; kalekoak Landako Gunean eta aretokoak San Agustin
Kultur Gunean.
Landakon eskainiko diranak era guztietako ikusleentzat egokiak izango dira eta San Agustin Kultur Gunekoak aproposagoak publiko gazte eta helduarentzat. Landakokoak doban eta San Agustinekoak pagautako sarrereagaz.
Aretoko eta kaleko antzezlanak gordeten ditugu, kalidadea kantidadearen gainetik lehenetsiz. Ohiko programazinoetan lekurik izan ez arren barrea eragiteko lanak aurkezten dira.
Kontuak kontu, topaketea eta hari lotutako elementuak: ikastaroak, alkarbizitzea, otorduak, berbaldiak, pilaketak... eta erkidegoz kanpoko jentea hartzeko aukerea.
Aparteko Programazinoa
Saio bikotxak izango dira ikusle kopurua murritzagoa orekatu eta albo batera itxi behar izandako ekintzak bardintzeko.
Landako gunean egunero saio bikotxa izango da, saio bera birritan eskainiko da egun berean, bata 12:00etan eta bestea 17:30ean.
San Agustinen egunero aretorako sorkuntzen funtzino bikotxa izango dugu, bata 12:00etan eta bestea 17:30ean.
Bertoko sorkuntzea babestu gura dogu, umorezko lanak dituen hurreko konpainia gazteen lanak programauta.
Programazino hau San Agustin Kultur Gunearen eta Ganso & Ciaren artean antolatzen da eta aurten euskal emakume sortzaileak ikusarazotea eta gazteentzat plan erakargarria atontzea be izan dira helburu, horretarako Durangoko Udaleko Bardintasun Sailaren eta Gazteria Sailaren babesa izanik.
Ikuskizunak San Agustin Kulturgunean
Martiak 31 – 17:30 / 19:30. Karrikan. Karrika Antzerki Taldea – Estreinaldia – Euskeraz. Antzezleak: Uxuri Gallastegi, Maite Lopez, Naiara Lopez, Gorka Madrazo, Garazi Magunagoitia, Mikel Uribelarrea, Maialen Magunagoitia eta Eider Chavez. Zuzendaritzea: Patricia Urrutia.
Durangoko taldeak ibilbide barriari ekin deutso eta umorea ardatz, lotzen gaituen edota geure buruak lotzen ditugun klitxeak erabiliko ditue.
Apirilak 1 – 17:30 / 19:30. Secuestrados Teatro Indigesto (Zaragoza). Antzezleak: Encarni Corrales eta J.J. Sánchez. Zuzendariak: Alfonso Palomares eta Jaime Ocaña.
Secuestrados inprobisazio antzerki saio zoroa da. Edozein auzotakoak izan daitekezan bahitzaile bik zehatz-mehatz atondutako bahiketaz gozauko dogu. Euren nahia bahituek bahitzaileen istorioa konpartidutea izango da.
Apirilak 2 – 17:30 / 19:30. eMe Carlo Mô (Cataluña). Sortzailea eta antzezlea: Carlo Mô
Carlo Môk klowna xalotasunetik eromeneraino doan bidaia metaforiko legez ulertzen dau. Hain modu berezian interpretetan dau bidaia hori eta hainbesteraino puzten dau, ezen sarri errealidadetik urteten dauela. Emozinoen zintzotasunetik sortutako errealidadea da berea, batzuetan karikatureagaz muga egin arte.
Apirilak 3 – 17:30 / 19:30. Adela eta Martirio, Bernarda Albaren etxean. Naita Produkzinoak (Euskal Herrria) – Euskeraz. Sortzaileak: Nerea Ariznabarreta eta Saioa Iribarren. Antzezleak: Nerea Ariznabarreta eta Irene Hernando.
Adela eta Martirio, Bernarda Albaren etxean umore kutsuko dramea da, musikal grotesko eta poetikoa. Tragikomedia kantau eta ikusteko deigarria, mundu zarratu, sakon eta itogarria iradokitzen dauena, higuina sortu arren erabat erakargarria be badana.
Ikuskizunak Landakon
Apirilak 1 – 12:00 / 17:30. M&Mme Poiseau Cie L’Arbre à Vache (Frantzia). Sorkuntzea: Léa Blanche Bernard eta Louis Grison. Antzezleak: Louis Grison eta Macha Léon.
Keinuaren eta umore bisualaren bidez, agure biren zorion jai sorpresa bat ospatzen topauko ditugu. Mosnieru Poiseau-k Madamen 75. urtebetetzera gonbidauko ditu ikusleak, bikoteak antxina hain gustuko eban lekuan.
Apirilak 2 – 12:00 / 17:30. Qué buen día Maite Guevara (Euskal Herria). Pailazoa: Maite Guevara (Martina Nuatina). Zuzendaria: Pablo Ibarluzea.
Leitekeana da euria egitea, akaso edurra, edota batek daki, baita txingorra be baina Martinari galdetu ezkero, beti erantzungo dau egun parebakoa dala! Zein izango ete da bere sekretua? Beharbada amestea maite dauelako izango da, izan be, begiak zabal-zabalik izaten dituen ameslariek munduak eskainitako harribitxi guztiez gozetan dabe.
Apirilak 3 – 12:00 / 17:30. Set up Los Barlou (Cataluña). Los Barlou: Dani Cercos Patillas, Jordi Juanet Boni eta Minervino Montell Miner.
Produkzino erraldoien handitasunak txundituta, 3 personaia zoro horreek ikuskizun bardina egiten saiatuko dira, baina euren erara, hau da, nahiera eskasagaz eta atso zaharrenaren iruditegiagaz. Eta hori gitxi balitz, oduz erratu eta saiora ordu erdi berandu etorri dira. Halan da be, maila goreneko trakeskeria eta deskoordinazinoa erakutsiko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!