Artistas en Ruta zirkuiturako aukeratu ditue O. Salvador, Liher, Zetak eta X. Aburruzaga

Bizkaie! 2021-03-23 12:32   Musikea

Euskerazko musikearen ordezkari izango dira Espainiako hainbat oholtzatan.

Olatz Salvador (argazkia: Ander Arraras) | Ikusi handiago | Argazki originala

Martxan da barriro Artistas en Ruta, musikariei euren ohiko eremutik kanpo joteko aukerea emoten deutsen zirkuitua. AIE erakunde antolatzaileakaz alkarlanean, Etxepare Euskal Institutuak euskerazko musikagintzearen lau ordezkariak hautatu ditu: Olatz Salvador, Liher, Zetak eta Xabi Aburruzaga. Estilo eta ibilbide diferentedun lau talde edo bakarlari, beraz.

Normalean fase bi izaten ditu Artistas en Rutak, baina aurten dana egingo dabe fase bakarrean. Honenbestez, aukeratutako lau euskal ordezkariek kontzertuak joko ditue Espainiako hainbat lekutan, urteko hirugarren lauhilekoan. Modu horretara, beste leku batzuetako panorama musikala ezagutu ahal izango dabe bertoko sortzaileek, eta kanpoko publikoak euskeraz egiten dan musikearen lagin bat entzungo dau.

Olatz Salvadorrek oraintsu plazaratu dau Aho uhal izeneko diskoa. Bakarkako bigarren lan luzea dau hori, baina musikan ibilbide luzea egin dau donostiarrak. Skakeitan taldean ezagutu genduan lehenengo, eta 2014tik bakarka be badabil. 

Xabi Aburruzagak be bide luzea egin dau musikan, baina kasu honetan musika tradizionalagaz eta folkagaz lotutako doinuak lantzen ditu. Trikitia da bizkaitarraren bidelagun nagusia. 2020an Womex topaketa entzutetsurako aukeratu eben, gero pandemiagaitik hitzordua bertan behera geratu zan arren. 

Zetak taldearen arimea Pello Reparaz da, musikearen eta komunikazinoaren munduan eragin handiko lanak sortu dituan artista nafarra, besteak beste, Vendetta taldean. Zetak proiektuan bide personalagoari ekin deutso, eta publikoak gogoz erantzun dau. 

Azkenik, Liher izenaren atzean Lide Hernando dago. Kasu honetan be, taldetaren babesetik proiektu intimoetarako bidea egin dau. Horren erakusgarri da 2020ko martian argitaratutako Hemen herensugeak daude diskoa, kritikeak zein publikoak gustura hartutakoa. Narrazinoa, ikus-entzunezkoak eta ilustrazinoa diskoaren osogai dira, musikearen pare. Baina zoritxarrez pandemia heldu zan aurkezpenaren ostean.

Artistas en Ruta zirkuiturako 19 artista edo talde aukeratu ditue aurten, horreetatik lau euskerazkoak. Izan be, Etxeparek AIEgaz dauen lankidetzeari esker, egitasmo honetan beti egoten da euskerazko musikearen ordezkaritza zabala. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu