Olatz Salvador: 'Kulturea sekula baino gehiago behar dogu sasoi honeetan'
2021-02-01 07:59 BarriketanMusikaria.
Olatz Salvador donostiarraren bigarren diskoa da Aho uhal, zintzotasunaren alde egindako ahalegina, norberaren ahuldadeak onartzeko deia, inperfekzinoaren aldarrikapena. Bakarkako lana izan arren, bidelagun ugari izan ditu, esate baterako, Pablo Novoa produktorea eta kantu batzuetako berbak idatzi dituen Alaia Martin eta Ane Labaka bertsolariak. Ander Zulaika (bateria), Jagoba Salvador (baxua) eta Mattin Saldias (gitarrea) ditu ohiko taldekide.
Ahots hari kantuan euskeraz abestu dauen Rozalén da, beharbada, disko honetako kolaboratzailerik ospetsuena, baina La Mare, Idoia Asurmendi eta Ivan Ferreiroren ahotsak be badagoz. Pandemia bete-betean, kulturearen beharra nabarmendu dau Olatz Salvadorrek, eta, horregaitik, Aho uhal zuzenean aurkezteko kontzertuen zerrenda luzea dau zain. Hurrengoa, hilaren 4an, Bergarako Seminarixoan.
1.- Aho uhal, sinbolismo handia dago izenburu horren atzean.
Gaztelaniazko rienda berbea euskeraz esateko moduen bila nenbilela deskubridu neban aho uhal, hiztegian ikusi neban. Sorpesea hartu neban, rienda-ri kontrolagaz lotutako konnotazinoa emoten deutsagulako gaztelaniaz, eta aho uhal, ostera, kontrakoa dalako, edo niri kontrakoa iradoki eustan behinik behin. Bozala edo baten batek berba egiten ez deutsunean ixten, horixe jatort burura aho uhal entzunda, eta rienda-gaz ez jat hori pasetan, esanguraz bardinak diran arren. Kontzeptu horregaz olgetan hasi nintzan: gure ikuspegi antropozentristatik, kontrola hartzeagaz lotzen dogu aho uhala.
2.- Diskoan dagozan kantuen abiapuntua izan da kontzeptu hori?
Izenburua topau neban, gitxi gorabehera, diskoaren erdia eginda neukanean, eta kantuak alkarren artean lotzeko abiapuntu ona begitandu jatan. Normalean, izenburua izaten da disko bat egitean pentsetan dan azkenengo gauzea, baina, nire kasuan, amaitu baino askoz lehenagotik baneukan izenburua, eta horrek, duda barik, lagundu eustan diskoa osotzeko geratzen jatena bideratzen.
3.- Aho uhal eta rienda, ezintasuna eta gidaritzea. Halako kontraesanak plazaratu dozuz diskoan?
Nik uste dot abesti bakotxak gauza desbardin bat transmitidu leikela. Ganera, persona bakotxari, bere bizipenen arabera, gauza bat edo bestea ekarriko deutso gogora. Orduan, ez dakit ausartu nahi dodan esatera zer dan kantu bakotxaren azpiko esangurea. Egia da, bestetik, abesti bakotxak badaukala bere historia eta bere harrikadea, lanketa bat dago atzean.
4.- Abesti bakotxak nortasun bat daukan arren, badago danak lotzen dituan haririk?
Karmele Jaiok testu baten aitatzen dau hauskortasunak daukan balioa, eta diskoak hori aldarrikatzen dau. Beti ondo egon beharraren hipokresia alde batera itxi eta zintzoa izatea, onartzea beti ez gagozala gure onenean edo momenturik indartsuenean.
5.- Beharbada, urtebetera doan pandemiak lagundu deusku horretaz hobeto konturatzen?
Konfinamendua hasi barritan jaso neban Alaia Martinek idatzitako Ahots hari kantuaren testua, eta, egia da momentu horretan sortu nebazan pieza batzuek badabela horren eragina. Lehendik datorren aldarria da, baina egoera honek berretsi egin dau.
6.- Sortzaileoi, ganera, sakon eragin deutsue pandemiak. Kulturgintzea bigarren mailan geratu dala sentidu dozu azkenaldion?
Hain zuzen be, egoera horregaitik arduratuta, kulturearen arloko hainbat lagun batu ginan konfinamenduan, modu telematikoan, jakina. Danok daukaguzan ardurei formea emotea zan asmoa. Pandemiak agirian itxi dau lehenagotik datorren prekarizazino bat, ezelako babes barik geratu gara. Honi bueltea emoteko marko bat behar dogula garbi ikusi dogu, Artistearen Estatutua lantzen gabiz Musikari alkartekook, beste alkarte askotako kideakaz batera, honi guztioni modu eregitzailean egin nahi deutsagu aurre.
7.- Pandemiak diskoa sortzen harrapau zaitu. Zenbaterainoko oztopoa izan da?
Presentzialtasuna galdu dogu. Pablo Novoa produktoreagaz ibili naz lanean, eta bera Madrilen bizi da. Gure asmoa alkarri bisitak egitea zan, ni Madrilera joanda edo bera Donostiara etorrita. Pandemiak bultzatu gaitu era digitalean lan egitera, askoz hotzagoa izan da. Oztopoak izan doguz, baina distantziatik jente askok egiten dau lan eta, gure kasuan be, ez da horren katastrofikoa izan.
8.- Pablo Novoa produktorea izan dozu bidelagun, beste kolaboratzaile askoren artean. Ze ikutu emon deutso diskoari?
Hasikeratik, Pablok erakutsi eustan kalidade handiko personea dala, eta alde profesionalean be, badaki beti bere lekuan egoten. Artistearen asmoa gauzatzea da beti bere asmoa. Niretzat hori abiapuntu ona izan da, bestela talkak sortu leitekezalako. Berak kantu bat modu baten ikusten ebanean, eta nik beste baten, alkarri geure ikuspegia erraz azaldu deutsagu, ondo ulertu dogu alkar.
9.- Kolaboratzaileen artean, Rozalén aitagarria da (Ahots hari kantuan), daukan ospea kontuan izanda. Zelako esperientzia izan da beragaz abestea?
Ez da egunero pasetan dan zeozer, oso berezia izan da Rozalénegaz lan egitea. Orain dala denpora bat, bera ezagutzeko aukerea izan neban, baina bost minutuko kontaktua baino ez zan izan. Disko honetako kolaborazinoa, gure managerrak egindako lan bikainari esker izan da, galbahe asko pasau behar dira halako artista bategana heltzeko. Pablo Novoak be ezagutzen dau Rozalén, eta lagundu deusku.
Behin kontaktua eginda, eskutitza idatzi neutsan Rozaléni, nire asmoen barri emoteko, eta, ez dakit ondo zelan, baiezkoa emon euskun, eta han joan ginan Madrilera, bertan daukan estudiora. Egunean hogei bat kolaborazino proposamen jasoten dituala kontau eustan gero, baina gurea gustau jakon, antza. Rozalén eta bere lantalde guztia jente bikaina dira, profesional handiak izan arren, hurreko personak dira eta ederto jagon gintuen. Egun ha oso ondo gogoratzen dot.
10.- Zuzenekoei eragin deutse pandemiak. Aho uhal aurkezteko birea hasi barri dozu, zer moduzko esperientziak izan dira orain arteko kontzertuak?
Lehenengo kontzertua Aretxabaletan izan zan, eta han batu ziran gogoa eta urduritasuna, tensino handiko egoerak diralako, gauza askotan pentsau behar da. Ganera, neurriak zorrozten dabiz azkenaldion, eta, orduan, oholtzan zagozala pentsetan dozu azken kontzertua izan leitekela. Horregaitik, kontzertuak bizi dodaz azkenak balira legez, egunean-egunean bizi naz, aurreikuspenak egitea oso gatxa dalako. Lanean segidu behar dogu, hau dalako gure diru-iturri bakarra, baina ez da erraza egoera hau kudeatzea.
Aretxabaletan emon genduan kontzertua areto txiki baten izan zan, eta, osasun neurriakaitik, jente gitxi egon zan. Han sortu zan berotasunagaitik, asko gozau genduan, txikitasunak konfiantzea emon eutsan publikoari. Hurrekotasun horri esker, hartu-emon berezia egon zan jentearen eta gure artean, musikariok asko eskertzen dogu komunikazino hori egotea.
11.- Musikazaleentzat sasoi gatxak dira: kontzertu asko bertan behera, aforo txikiak, jesarrita egon beharra... Zaleentzat badozu mezurik?
Musikazaleei, eta beste jente guztiari be bai, mezu garbia bialdu nahi deutset: kulturea segurua da, eta beharrezkoa be bada. Jenteagan igarten dot, sekula baino gehiago behar dogula kulturea sasoi honeetan. Ikusten dot jente asko inplikau dala gu babesteko asmoz, kontzertuetako sarrerak zelan agortzen diran gogoan hartu besterik ez dago, eta nire diskoak erosi nahi ditu jente askok. Babesa sentidu dot.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!