Aurrez aurrekoa baztertu barik, formatu birtualean dator 18. Zinegoak

Dabi Piedra 2021-02-23 12:49   Zinemea

Sail ofizialean 18 pelikula lehiatuko dira.

Antolatzaileen taldeko kideak, Helena Goñik egindako kartela erakusten | Ikusi handiago | Argazki originala

Osasun larrialdiak zuzeneko jarduera guztiak baldintzatu ditu azkenaldion, baina Zinegoak jaialdiko arduradunek aurrez aurreko programazinoaren aldeko apustua egin dabe, eta aurtengo edizinoa egingo dala ez dabe zalantzan jarri. Hori bai, Covid-19ak eragindako egoera honetara hobeto egokitzeko, modu telematikoan be ikusi ahal izango dira 18. Zinegoak jaialdiko filmak, Filmin plataformearen bidez.

Aretoetara bueltetea izan da gure erronkea, presentzialtasunaren alde egin dogu, adierazo dau Pau Guillén jaialdiko zuzendariak. Ez da erraza, gaur egun, aste biko programazino zabalari eustea, baina, azken orduko ezusterik ezean, sail ofizialeko zein beste ataletako pelikulek hartuko ditue Bilboko pantailak, martiaren 1etik 14ra.

Golem aretoetan proiektauko ditue sail ofizialeko 18 pelikulak. Ganerako saioak Bilborocken, BilbaoArten, La Fundiciónen eta uriko beste espazio askotan izango dira. Inaugurazino ekitaldia Arriaga Antzokian egingo dabe. Aurten Lekeitio be Zinegoaken egoitza ofiziala izango danez, han be ikusiko dira proiekzinoak. Ganera, galdera-erantzunen tartean, Bilbotik zein Lekeitiotik hartu ahal izango dabe parte ikusleek, teknologia barriei esker.

Zinegoak Hedapena atalak azkenaldion izan dauen arrakastea ikusita, jaialdiak egoitza ofizial gehiago izatea pentsetan ibili dira antolatzaileak. Une egokia da hau, ze publikoak udalerritik ezin badau urten, geu joango gara, azaldu dau Guillének. Zine Bilereagaz akordioa egin, eta Lekeitora helduko da, beraz, 18. Zinegoak. 

Filmin plataformara salto egiteko erabagiaren atzean, kontrara, ez dago jaialdiaren zabalkundea edo oihartzuna handitzeko asmorik, Guillének zehaztu dauenez. Gehiago da pandemia sasoian jenteari aukera hobeak emoteko gogoa. Espazio seguru bat emotea da, etorri ezin dauenarentzat, osasun neurriakaitik edo dana dalakoagaitik. Pelikula bakotxa 72 orduz baino ez da egongo Filminen ikusgai, jaialdi presentzial baten tensinoari sarean be  eusteko. 

Ohiko moduan, 18. Zinegoakek LGTBI+ komunidadearen ahalduntzeari eta genero identidadeari buruzko film ugari ekarriko ditu Bilbora eta Lekeitiora. Sail ofizialeko 18 film luzeak hiru ataletan banatuko ditue: Fik (fikzinoa), Dok (dokumentala) eta Krak (narratiba barriak). Horrezaz gan, sei ziklotan banatutako film labur ugari proiektauko ditue, tartean bost euskal produkzino.

Euskal Begiradak zikloaren barruan ikusi ahal izango dira bost euskal pelikulak. Red Bay (José A. Cortes Amunarriz), Eguna iluntzen denean (Paloma Arias-Liam McDonnell), Meritum (Yago Mateo), Hemen. Gaur. Berriz (Aitor Gametxo) eta Les saints de Kiko (Manuel Marmier) dira. 

Danetara, aurrez aurreko 45 proiekzino, online bidezko beste 25, bost jarduera eszeniko... dakarz 18. Zinegoakek. Bilbon, Golem aretoa izango da lehenengo asteko erdigunea, martiaren 1ean hasita. Bigarren astean, uriko beste espazio batzuetara joko dabe. Lekeitioko Ikusgarri aretoan, ostera, martiaren 6tik 8ra egongo dira saioak.

Pau Guillének azaldu dauenez, edizino honetan arreta berezia jarri dabe euren identidade sexualaren bila dabizan gazteen istorioetan. Gaur egungo belaunaldiek baditue erreferenteak, eta, horregaitik, segurtasunez egiten deutse aurre zalantzei. Kontrara, dagoeneko helduak diran pertsonaiak be agiri dira programazinoko beste film batzuetan, gaztetan erreferente eta erreminta egokirik izan ez ebenak. 

18. edizinoan landuko daben beste gai bat lesbianen amatasunarena da. Guillénen arabera, askotariko moduak topauko ditu ikusleak gai horri aurre egiteko. Esate baterako, seme-alabak taldean heztea erabagiten daben lau lesbiana, edo ama izan nahi ez dauen beste bat. 

Zinemagintzatik harago doazan jarduerak be Zinegoaken ezaugarri dira, eta aurten be ez dira halakoak faltauko. Aitatzekoa da Nola esan / Izan bollera izeneko jarduerea, June Fernandezek gidatuta, euskeraz lesbiana esateko dagozan moduak batzeko asmoz datorrena. Bestetik, TRAUMA podcastaren bigarren denporaldia aurkeztuko dabe, eta ikus-entzunezko industriako profesionalentzako ZG Pro topaketak egingo dira.

Martiaren 1ean programazinoari ekin baino lehen, ganera, motorrak berotzeko aukerea egongo da asteon, 3, 2, 1... Zinegoak zikloan. Sébastien Lifshitzen Petite fille filma proiektauko dabe, besteak beste, zuzendari frantsesari emongo deutsielako Zinegoak Ohorezko Saria, modu birutalean bada be. 

Amaitzeko, jaialdia amaitzen danean, Hedapena zikloaren txandea izango da. Zinegoaken erakutsitako film batzuk herririk herri eroango ditue, Euskal Herri osoan. Aurten, 40 herri baino gehiagotara helduko da Hedapena, igaz baino pixka bat gitxiago, osasun egoereak ez dauelako laguntzen.

Edozein kasutan, eta pandemiak eragindako aldaketak aldaketa, Zinegoakeko arduradunak pozik dagoz, jaialdiaren funtsari eutsi ahal izan deutsielako, eta formatu presentziala egongo dalako. Pau Guillénen arabera, Zinegoak urtero-urtero egitea bera bada pozik egoteko arrazoia. Ganera, urteotan LGTBI+ komunidadearen topagune erreferentziala izatea lortu dauela azpimarratu dau, eta gai hori gizarteratzen lagundu dauela. 

Zinegoak 2021, egunez eguneko programazinoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu