Donostia Zinemaldiaren eta Tokioko Cervantes Institutuaren arteko lankidetzea martxan
2025-10-24 12:35 ZinemeaDonostia Japonian programeari esker dator lankidetzea.
Donostia Zinemaldiak (SSIFF) eta Tokioko Cervantes Institutuak Donostia Japonian: SSIFF X Tokioko Cervantes Institutua programea martxan jarriz sendotu dabe euren kooperazinoa; Japoniako uriburuan zinema-proiekzinak gauzatzea. Tokioko Nazinoarteko zinema-jaialdian (TIFF) alkarregazko partaidetzea barrubatzen ditu ekimen horrek.
Lankidetzea 2024an hasi zan eta aurten Soy Nevenka filmaren aurkezpenagaz zabaldu da. Koldo Zuazua eta Isa Campo Soy Nevenka filmako produktorea eta idazlea, hurranez hurran, Japonian egongo dira, ikus-entzuleakaz egingo diran hainbat topaketatan parte hartzeko. Filma Sail Ofizialeko parte izan zan 2024ko Zinemaldian eta Agenda 2030 Basque Country saria jaso eban. Tokioko nazinoarteko zinema-jaialdian proiekzino berezi lez aurkeztuko da urriaren 30ean, sortzaileen arteko barriketaldiagaz batera.
Era berean, Donostia Japonian: jaialdi baten historia izeneko aurkezpen berezia egingo da, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria, Lucia Olaciregui zuzendariordea, Isa Campo gidoilaria, Koldo Zuazua produktorea eta Daniel Aguilar Zinemaldiak Japonian dauen ordezkaria Tokioko Cervantes Institutuan batuko dituana. Saioa publikoagaz alkarrizketa edegi lez sortu da eta Donostia Zinemaldiaren ibilbidea eskainiko dau, baita harek Espainiako zinemaren sustapenean izandako eginkizuna eta Japoniagazko hartu-emon historikoak be. Topaketan zehar, lehiaketako eraldaketak, nazinoarteko kolaborazioak eta ikus-entzule japoniarrek zinema iberiarragaz daben gero eta interes handiagoa jorratuko dira.
Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariaren eretxiz, Japoniak kidetasun bereziko hartu-emonak ditu Zinemaldiagaz. Hango sentiberatasun zinematografikoa, egileei eskaintzen deutsen errespetua eta Espainiako kultureagazko loturea dirala-eta, aukera parebakoa da programa hau bion hartu-emonetarako.
Bestalde, Víctor Andresco Tokioko Cervantes Institutuko zuzendariak honako hau azpimarratu dau: zinemea baliabide pribilegiatua da alkar ulertzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
