Mungiak 17. Zinema Ikusezinaren Nazinoarteko Jaialdia hartuko dau urriaren 17tik 19ra
2025-10-15 12:24 ZinemeaGai sozialen inguruan sensibilizetea da asmoa.

Beste urte batez, Mungia 2025eko Zinema Ikusezinaren Nazinoarteko 17. Jaialdia hartuko dauen egoitzetako bat izango da. Jaialdiaren helburua gai sozialen inguruan sensibilizetea da, munduko leku guztietatik heldutako ikus-entzunezko piezen bidez. Hitzorduak urriaren 17, 18 eta 19an izango dira eta sartzea doban izango da Torrebillela Kultur Etxean eskainiko diran 21 ikuskizunetarako.
Zinema Ikusezinaren Nazinoarteko Jaialdiak hausnartzeko eta eztabaidatzeko konbita egiten deutso gizarteari, fikzino, dokumental eta animazinoko lanaka gizateriaren kausen bozeroaie bihurtu diran komunikatzaileen bitartez, izan be, jaialdia urtero egiten da, aniztasunez eta konpromiso sozialez betetako zinemea erakusteko. Ezinbesteko hitzordua da garapenerako lankidetzeagaz, gizartea eraldatzeko hezkuntzeagaz, giza eskubideakaz, genero-ekidadeagaz, kulturartekotasunagaz eta alkartasunagaz zerikusia daben gaiak aztertu nahi dituenentzat.
Kontuak kontu, aurten, 21 film eta dokumental proiektauko dira Torrebillelan, aurreko edizinoan baino 5 gehiago:
- Urriaren 17an, barikuan, jaialdiaren aurkezpena egingo da eta 19:35etik 21:10era honako lan honeek proiektauko dira: Beharrezkoa da; Ez daukate; ¿Derechos humanos en El Salvador?; Corre, Adela; Free words: a poet from Gaza; eta Antes del litio.
- Urriaren 18an, zapatuan, 19:30etik 21:00etara, honako film honeek eskainiko dira: Cala, cala son; Hogeitabat; La niña tatuada; High roads; Loc sub soare – place under the sun; eta Utländsk.
- Amaitzeko, urriaren 19an, domekan, Fashion victims 2.0; Bokeh baranech; Misión secreta; Yo voy conmigo; Al fresco; Azkena; Blood like water; Solo kim; eta Guardianas del lago lanak proiektatuko dira 19:30etik 21:00etara.
Kontuak kontu, emonaldi bakarra izango da proiekzino bakotxeko eta, saioen ondoren, munduko hainbat lekutatik etorritako konbidaduak izango dira (filmen errealizadoreak edo filmen sorkuntzan parte hartu daben personak). Horreekaz, galderak egiteko eta ikusitako filmetan islatzen diran gaien inguruko eztabaidarako tarte bat edegiteko aukerea izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!