Sébastien Lifshitz, Zinegoak 2021 Ohorezko Saria: Ikusezina ikusgarri bihurtzeko magia

Bizkaie! 2021-02-03 11:46   Zinemea

Zuzendari frantziarrak Bilbon jasoko dau saria.

Sébastien Lifshitz | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak ezagutzera emon dau gaur zeinek jasoko dauen 18. edizino honetako ohorezko saria: Sébastien Lifshitz gidoilari eta zuzendari frantziarra izango da (Paris, 1968).

Jaialdiak nabarmendu nahi izan dau zinemagilearen konpromiso sozial eta emozionala. Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariaren berbetan, Lifshitzek gaitasun handia dau kontakizun filmikoa modu organiko eta gizatiarrean eregiteko. Gainera, formatu dokumentalaren aldeko apustua egin dau beti, gizartea eraldatzeko erreminta modura ulertzen dauelako. Horregaitik guztiagatik erabagi dogu Zinegoakeko saririk gorena berari emotea.

Lifshitzek sexu, identidade eta genero aniztasuna landu dau bere ibilbide profesional oparoan eta Zinegoaken hainbat aldiz parte hartu dau, baita sariak jaso be. Wild side lanari esker Film Onenaren Saria irabazi eban Zinegoakeko lehenengo edizinoan, 2004an. Bambi filmagaz, ostera, Lesbianismo eta Generoa saria jaso eban 2014. urtean, eta Les vies de Thérèse dokumental zoragarria 2016ko inaugurazinoko filma izan zan.

Pau Guillenek adierazo dauenez, zinemagile frantziarrak giza esentziaren funtsezko gaiak lantzen ditu LGTBI+ errealidadeak abiapuntutzat hartuta. Haren lan guztiek eraldatu eta aberasten gaitue eta gizartea hobetzea dabe helburu.

Nazinoartean be sari ugari jaso ditu Lifshitzek: Jean Vigo saria, Berlinaleko Teddy bi edo Epaimahaiaren Sari Nagusia Xixoneko Zinema Jaialdian. Dokumentalista honek oso ibilbide sendoa eregi dau bere begirada sentibera eta bereziari eutsiz. Gure gizartean ikusezinak edo baztertuak izandako horreei ikusgarritasuna emon deutse, duintasuna eta gizatasuna eskainiz.

Zezeilaren 28an, Sébastien Bilbora etorriko da Ohorezko Saria jaso eta bere azken lana aurkeztera, Petite Fille. Proiekzinoa Azkuna Zentroko auditorioan izango da, 12:00etan, doban (gonbidapenak jaso daitekez gaurtik aurrera AZ Infoan).

Azken buruan, jaialdiak aurtengo Ohorezko Saridun honen atzera begirakoa eskainiko dau. Aurrez aurre BilbaoArte aretoan gozau ahal izan da doban eta online bidez Filmin plataforman.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu