XI. Serieslandek 'Go!azen 12'ren aurrestreinaldia hartuko dau
2025-10-29 10:20 ZinemeaJaialdia zemendiaren 6tik 8ra izango da.
Zemendiaren 6tik 8ra, XI. Seriesland – Bilbao International Digital Festival egingo da. Ondoko erakunde honeek babesten dabe: Laboral Kutxa, Bizkaiko Foru Aldundia, Beaz Bizkaia eta Bilbao Ekintza.
Rose of Dolls Seriesland – Bilbao International Digital Festivaleko zuzendariak jaialdiaren programazino osoa aurkeztu dau Bilbon. Bertan izan dira Olatz Goitia, Beazeko Zuzendari Nagusia, Agustin Atxa, Bilbao Ekintzako Film Commission Unidadeko burua eta Eneritz García Alonso aktorea (Fetitxe).
Betiko lez, inaugurazino jardunaldia, zemendiaren 6an, Bilborocken egingo da. Lehiaketako Sail Ofizialeko edukiak aurkezteko proiekzinoetan eta mahai-inguruetan zentrauko da. Aurton, Serieslandek nazinoarteko erakusleiho bezela dauen posizinoa indartu dau, 20 herrialde eta bost kontinente baino gehiagoko produkzinoak batuz.
Egitarauan The Shadow thriller korearraren aukeraketea nabarmentzen da. Yeosuko (Hego Korea) Nazinoarteko Webserie Jaialdiagaz izandako lankidetza estuari esker helduko da jaialdira. Europako (The Struggle for Existence S2) eta Latinoamerikako (Quien sabe nadie) produkzinoez gan, Kanadako proiektuen presentzia be handitu egin da, Emmy baterako izentautako Lauren Corber zuzendariaren My Dead Mom filmearen parte-hartzeagaz. Nabarmentzekoa da emakume sortzaileak gero eta leku handiagoa hartzen dabizela.
Bestalde, hainbat kategoriatako izentapenek egungo euskal ikus-entzunezko produkzinoaren momentu bikaina eta dibersidade handia egiaztatzen dabe. Gazteen fikzinoa (Go!azen 11, Irabazi Arte! 4), programak (Potx eta Lotx), dokumentalak eta formatu digital barritzaileak (Glaziarrak agurtzen, Zeru Ahoak) batzen dituan film bildumearen artean, Desagertuta thrillerra nabarmendu behar da. Plataformetan arrakasta handia izan dauen telesail horrek, indarra hartzen dabilen Jon Lukas aktorea lako personaiak erakarriko ditu jaialdira.
Borja Cobeagak zuzendutako Su Majestad seriea be emongo da, euskal serierik onenaren izentapena jaso ebana.
Zemendiaren 7an, Golem Zinema Aretoetan estreinaldi-saioak izango dira. Ume eta gazteen blokea 19:00retan hasiko da eta Go!azen 12ren aurrestreinaldia hartuko dau, protagonistak bertan dirala. Gainera, Power Upen hirugarren denporaldiko lehen kapitulua estreinauko da, Marina Ostolaza protagonista bertan izango da. Mari sorgin ehiztariren atal berezia proiektauko da, egun batzuk lehenago egingo dan Gau Baltza dala-eta. Helduentzat, saio golfoa izango da 21:00etan; izan be, Serieslandek Fetitxe seriea estreinauko dau. Eneritz Garcia eta Alazne Astorga protagonistak aurkezten izango dira.
Rose of Dolls Seriesland Bilbaoko zuzendariak adierazo dauenez: ezin ditugu begi-bistatik galdu eduki digital barritzaileak, hemendik kanpo egiten diran gauzak, baina begiradea jarri gura izan dogu gaur egungo euskal produkzinoetan. Pil-pilean dagoan sektorea gazteekaz konsumiduteko aukerea be izango dabe.
Seriesland Pro
Sektoreko profesionalentzako agendea zemendiaren 7an hasiko da, goizean. Finantzaketa kakoak eta formulak eta ikus-entzunezkoen garapena izango ditu ardatz. Azkuna Zentroak Bizkaiko inbersinoari eta biztugarri fiskalei (BIFIC) eta EAEko finantzaketa publikoaren panorameari buruzko funtsezko mahai inguruak hartuko ditu. Jarraitzeko, EiTBren Ilargi produkzinoaren azterketa egingo da haren sortzaileekaz, baita Josu Bilbao adituagaz. Gainera, ekitaldiak haren nazinoarteko bokazinoa berresten dau, Young Man Kang, Sened Dhab eta Csongor Dobrotka lako figurek parte hartuko daben sormen saioagaz. Gainera, sinergiak eta lankidetzak sustatzeko networking gunea egongo da.
Seriesland Proren bihotza, aukera gehiago eskaintzeko bikoiztu egin diran pitching saioetan dago. Nazinoarteko deialdiak eta euskal industriara bideratutako proiektuetarako deialdiak egongo dira. Hautatutako proiektuek euren proposamenak bost minutuko formatu laburrean adierazoteko aukerea izango dabe sektoreko funtsezko profesionalen aurrean. Hautatutako proiektuen eta tokiko eta nazinoarteko ejekutiboen eta produktoreen arteko speed meetingetan zarratuko dira, sormen talentua industriagaz zuzenean konektatea ahalbidetuz, finantzaketea, banaketea eta aliantza estrategikoak topetako. Seriesland PRO programea profesionalean izena emoteko epea edegita dago jaialdiaren webgunean.
Garrantzi handia emoten deutsegu foro profesionalei, holako topaketek proiektuak aurrera eroatea ahalbidetzen dabe-eta. Aurreko edizinoetan lez, produktoreak, banatzaileak eta talentua batzea espero dogu, azpimarratu dau Rose of Dollsek.
Kontuak kontu, Serieslanden amaiera ekitaldia zemendiaren 8an izango da, 19:30ean Bilboko Guggenheim Museoan egingo dan Sarien Gala Handiagaz. Euskal Herriko eta nazinoarteko sortzaileei autortzea egiteaz gan, Kai Nakairen kontzertua be izango da. Gainera, ekitaldi horrek euskal ekosistema digital biziagaz hartu-emonak estutzeko balio dau, sareetako Euskal Edukiaren Sortzaile Onenaren sailean izentautako influencerren presentziagaz, esaterako Beñat Olea (euskerazko berbei buruzko bideoak), Ane Lindane (euskal kultureagaz eta feminismoagaz konprometidua) edo BocaBeats Comedia (bakarrizketea Beatbox komediagaz buztartzen dabenak). Horreen edukiek sare sozialetan miloeka bistaratze batzen ditue. Gainera, Telmo Trenado, Iban Garcia, Eleder Iglesias edo 72 kilos be izango dira.
Nazinoarteko epaimahaia, ibilbide ezaguna daben beste profesional batzuen artean, Felix Maximilian (Machos Alfa) aktore alemaniarrak eta 7 goya sari irabazi dituan Ivan Miñambres produktore bilbotarrak osotuko dabe.
Informazinoa eta sarrerak
Saio guztiak doban izango dira. Hori bai, Guggenheim Bilbao Museoan egingo dan sari banaketarako sarrerak eskatu egin behar dira hemen.
Seriesland – Bilbao International Digital Festivalen egitarau osoa hemen dago eskuragarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
