Aitor Gametxoren 'Geratzen den hori' filmearen mundu estreinaldia hartuko dau 67. Zinebik

Bizkaie! 2025-10-27 12:37   Zinemea

Guztira, 58 film labur lehiatuko dira zemendiaren 21etik 28ra.

'Geratzen den hori'. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak atondutako Zinebi – Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak zemendiaren 21etik 28ra arte izango da. Guztira, 33 herrialdetako 58 film aurkeztuko dira.

Horreek guztiak bederatzi saiotan proiektauko dira Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaoko Auditorioan, hilaren 22tik (zapatua) 27ra (eguena).

Zinemaldiaren araudian ezarritako hiru kategorien arabera, 19 film fikzinoak dira, 19 dokumentalak eta 20 animazinoak.

Zinemaldiko programazino taldeak 58 film aukerau ditu martitik hona jasotako 9.000 filmen artean. Banaketa geografikoari jagokonez, Euskal Herriko eta Estaduko filmez gan, aurton be Alemaniako (9) eta Frantziako (7) konpainiek produzidutako edo koproduzidutako film laburrak nabarmentzen dira Nazinoarteko Lehiaketan parte-hartzeagaitik.

Hautatutako filmen artean, euskal bost produkzino (edo koprodukzino) Estaduan estreinauko dira hilaren 22an eta 23an, Nazinoarteko Lehiaketearen lehenengo lau saioetan:

  • El cuerpo de Cristo (Bea Lema, 2025), 2024ko Komiki Sari Nazinonalaren irabazlearen komiki autobiografikoaren egokitzapena, Uniko bizkaitar konpainiak eta Abano galiziarrak produziduta.
  • Geratzen den hori (Aitor Gametxo, 2025), zuzendariaren lanik personalenetakoa da, hildako amaren objektu personalen eta akorduen bilaketatik abiatuta egina. Lutua aztertzen dauen film laburra, mundu mailako estreinaldia izango da.
  • Habana industrial (Ainhoa Ordoñez Yralagoitia, 2025), Habanako gau-giroan eta gero eta ilunagoa dan gazte talde baten joan-etorria kontetan dauen dokumentala.
  • Le prime volte (Giulia Cosentino & Perla Sardella, 2025), Visions du Réel Suitzako jaialdi ospetsuan mundu mailako estreinaldia izan eban italiar eta euskal dokumentalen koprodukzinoa.
  • Ultramarino (Maren Zubeldia & Silvina Guglielmotti, 2025), fikzinoko film laburra, Zion Arakistain, Iraia Elias eta Josean Bengoetxea ditu protagonista.

Gainera, Zinebik Estaduko film laburrak proiektauko ditu lehen aldiz, Nazinoarteko Film Labur Lehiaketan:

  • 09/05/1982 (Jorge Caballero & Camilo Restrepo, 2025). 1982. urtean Latinoamerikako herrialde batean filmautako film hondatu batez baliatzen da irudien balioa dudan jarteko. FidMarseille eta Toronton izan ondoren, Bilboko jaialdiak haren estaduko aurkezpena hartuko dau.
  • La desesperació de la pell (Mireia Vilapuig, 2025). Hamahiru urteko neskato batek etxean egindako grabazinoen bidezko bidaia emozinonala da. Florentziako Dei Popoli Jaialdian eta Amsterdamgo IDFAn izan ondoren Zinebin proiektauko da.
  • La durmiente (Maria Inês Gonçalves, 2025). Portugalgo Beatriz infantak Erdi Aroan izandako istorioa kontetan dau, umeen fabulazinoaren eta irudimenaren bidez. Sancti Spiritus de Toro monasterioan filmauta, Rotterdamgo Nazinoarteko Jaialdiak urteko Europako film labur onenaren sarirako hautagai izentau eban.
  • El ensayo (Carmen Ayala Marín & Alberto Martín Menacho, 2025) ijitoen kultureari edo ijito-herriari buruzko dokumental laburra da, Kordoba uriko ikastetxe batean egindako entsegu labur baten bidez egina. 
  • Mal de madre (Irene Baqué, 2025). Fikzinoa da, protagonista amamaren etxera buelta dala kontetan dau, Lagarterara. Haren familiaren tradizinoak oso errotuta dagoz.
  • Mon autre maman (Fon Cortizo, 2025) filmak Bilbon izango dau mundu mailako estreinaldia. Abellón (2024) filmearen zuzendaria, Zinebin Publikoaren Saria eskuratu ebana, emakume batek Paristik Galiziara egindako bidaia kontetan dau.
  • The Rock Speaks (Amy Louise Wilson & Francois Knoetze, 2025). Koprodukzino hispaniar-hegoafrikarra da, Kongoko meategi batzuetatik azken belaunaldiko teknologia bihurtu arte kobaltozko arrokearen bidaia jarraiten dauena.

Beste film batzuk 

Zinebiren 67. edizinoan parte hartuko daben filmen artean, Pek Jia Hao eta Ang Jia Jun singapurtar errealizadoreen lana dago: As If to Nothing (2025). Gangsterren munduan girotutako drama sozial iluna, joan dan hilean Tellurideko AEBetako jaialdian lehen aldiz aurkeztu zan.

Era berean, Bilbon lehiatuko dira Locarnoko (Suitza) Zinemaldiaren aurreko edizinoan Egile Film Labur Onenaren Saria irabazi eban film laburra A Very Straight Neck (2025), Ryuichi Sakamoto musikari japoniarrari buruzko Opus (2023) luzemetraia dokumentala sinatu eban zinemagileak zuzendua; Marta Popivoda artista serbiarraren Slet 1988 (2025) lana; Katharina Huber alemaniarraren Late Harvest (2025) indarkeriari buruzko hausnarketa lasaia; edo Theo Panagosing jatorri palestinarreko zinemagile eskoziarraren The Flowers Stand Silently, Witnessing (2024) Europako film labur onenaren sarirako hautagai dan dokumentala.

Sariak

Zinebiren Nazinoarteko Film Labur Lehiaketako sarien zenbatekoa handitu egingo da aurton. Holan pasetan da, adibidez, Zinebi Sari Nagusiagaz, 8.000 eurora igo da-eta.

Nazinoarteko Epaimahaiak ondoko honeek osotuko dabe: Ramia Beladel artista marokoar eta Marrakexeko Film Laburren Jaialdiko zuzendariak; Callisto McNulty idazle eta zinemagile frantziarrak; Norika Sefa zuzendari kosovoarrak; Daniel Šulji animazinoko zinema-zuzendari eta musikari kroaziarrak; eta, Santiago Tabernero zuzendari eta gidoilari espainiarrak. Halanda ze, Nazinoarteko Epaimahaiak sari honeek banatuko ditu:

  • Euskal Film Labur Onenaren Saria (6.000 euro), Euskal Autonomia Erkidegoan produzidutako eta Sail Ofizialean hautatutako film laburrentzat. 
  • Espainiako Film Labur Onenaren Saria (6.000 euro), Estaduan produzidutako eta Sail Ofizialean parte-hartzen daben film laburrentzat.
  • Dokumental Labur Onenaren Mikeldi Saria (5.000 euro).
  • Fikzinoko Film Labur Onenaren Mikeldi Saria (5.000 euro).
  • Animazinoko Film Labur Onenaren Mikeldi Saria (5.000 euro).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu