Alberto Vazquezen 'Decorado' filmearen aurrestreinaldia egin dabe
2025-10-21 09:09 ZinemeaPreFANT zikloaren barruan.

Bilboko Udalak atondutako FANT Fantasiazko Zinemaren Jaialdiak PreFANT zikloa edegi dau. Jaialdiaren 32. edizinoa 2026ko maiatzean izango da.
Alberto Vazquezek zuzendutako Decorado animazinoko film luzea urriaren 24an estreinatuko da zinema-aretoetan. Halanda be, aurrestreinaldia hilaren 20an egin da PreFANTen barruan. Ivan Miñambresek produziduta, Ohorezko FANT 2024 saria jaso eban. Ekitaldian izan dira Gonzalo Olabarria, Udaleko zinegotzia, Amaia Domingo FANTeko zuzendaria, Iván Miñambres, Alberto Vázquez eta Iñaki López de Aguileta (Udaleko Kultura Saileko zuzendaria).
Filmeak, Arnold, krisi existentzialean dagoan edade ertaineko saguaren bizipenak islatzen ditu. Haren ezkontza gainbehera doa, bizitea zentzubakoa iruditzen jako eta susmatzen hasten da inguruko guztia farsa handia dala. Haren lagun onena egoera susmagarrietan hiltzen danean, Arnold konbenziduten da zerbait ez datorrela bat.
Decoradok satirea, surrealismoa eta umore baltza buztartzen ditu, publikoa errealidade kezkagarri eta zentzubakoan sartuz.
Alberto Vazquez
Animazino-zuzendaria, ilustratzailea eta komiki-marrazkilaria da. Galiziar horren liburuak Espainian, Frantzian, Italian, Brasilen eta Korean argitaratu dira. Birdboy, Sangre de Unicornio, Decorado eta Homelles Home animazinoko film laburrak idatzi eta zuzendu ditu.
Haren lanek lau Goya sari irabazi ditue: Animazinoko Film Labur Onena 2012an (Birdboy); 2017an Marrazki Bizidunetako Film Onenaren Goya Saria (Psiconautas) eta Animazinoko Film Labur Onena (Decorado); eta 2022an Marrazki Bizidunetako Film Onenaren Goya Saria (Unicorn Wars).
Vazquezek nazinoarteko 100 sari baino gehiago jaso ditu, besteak beste, Annecyko Jaialdian, Chicagon, Platino Sarietan, Foylen (Oscar sarietarako aurre-hautatua), Expotoonen eta Meliesen. Haren lanak Cannes, EFA Awards, Toronto, Annecy, Clermond-Ferrand, Animafest Zagreb edo Slamdance lako jaialdi ospetsuetan proiektau dira.
Ivan Miñambres
Animazinoko zineman nabarmentzen dan UniKo produkzino-etxe bilbotarraren CEOa da eta Ohorezko FANT saria jaso eban Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 30. edizinoan. Publizidadearen sektorean lan egin dau, 2009an UniKo sortu eban arte, animazinoan espezializautako produkzino-etxea.
Sari garrantzitsuak jaso ditu, esaterako, zazpi Goya sari (Semillas de Kivu, To Bird or not To Bird, Unicorn Wars, Loop, Decorado, Birdboy eta Psiconautas) edo Annecyko Nazinoarteko Animazino Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Nagusia (Homeless Home). Gainera, hiru lan saritu ditu Shorts from Spain katalogo ospetsuak.
Haren lanek 500 sari baino gehiago eta 4.000 selekzino batzen ditue mundu osoko jaialdietan, esaterako, Berlin, Cannes, Toronto, Chicago, Annecy edo Clermont-Ferranden. Portugaletetarrak El cuerpo de Cristo produzidu barri dau, Bea Lemaren opera prima; Tsunami, María Pulidok zuzendutako film laburra; eta Decorado, Alberto Vazquezen animazinoko azken film luzea.
Decorado
- Urtea: 2025.
- Iraupena: 93 minutu.
- Generoa: Drama • Fantasia • Komedia.
- Teknikea: 2D animazinoa.
- Zuzendaria: Alberto Vázquez.
- Gidoia: Alberto Vázquez eta Francesc Xavier Manuel.
- Produkzinoa: Abano Produóns, UniKo, The Glow, Sardinha em lata, María eta Arnold AIE.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
