Eneko Muruzabalen 'Planetagatik' filma izan da Urrezko Antzarraren irabazlea

Bizkaie! 2025-10-20 07:40   Zinemea

Pantailak Euskaraz ekimenak jaso dau Euskal Zinearen Begirada Saria.

48. Euskal Zine Bilerak Sail Ofizialeko Lehiaketearen irabazleak emon ditu ezagutzera. Guztira, 20 film labur izan dira lehiaketan parte hartu dabenak. Urriaren 16tik 18ra eskaini ditue Ikusgarri Zine Aretoan.

Ondoko honeek izan dira epaimahaikoak: Itziar Atienza, Beñat Sarasola eta Miren Aperribay. Bestalde, ikusleek astean zehar emondako botoen bidez EITB Ikuslearen Saria erabagi dabe.

Sariak

Film onenaren saria, Eneko Muruzabal Elezcanoren Planetagatik lanak eroan dau. Epaileek adierazo dabenez: sekulako filma da, pil-pilean dogun gaia erakusten dau. Azpimarratzekoak dira aktore bien interpretazinoa eta gidoia. Holan, 48. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria eskuratu dau.

Zuzendaritza Onenaren Saria, Aitzol Saratxagaren Ehiza filmak irabazi dau. Epaileek ondokoa azpimarratu dabe: zuzendariak dana lotzeko abilezia erakutsi dau. Era originalean ondo buztartuta dago. Zidarrezko Antzarra eta 1.600 euro irabazi ditu.

Gidoi Onenaren saria, Ana Ines Landeta eta Lorea Lyonsen Azkena filmak eroan dau. Epaileen eretxiz: oso era originalean erakusten dau amatasunaren gaia, perspektiba personal batetik. Zidarrezko Antzarra eta 1.600 euro lortu ditu.

Benito Ansola Saria, Ekaitz Bertizen Erreka zoko hortan filmarentzat izan da. Epaileek nabarmendu dabenez: kalidadea ona da eta istorioaren misterioa ondo adierazota dago. Sari horren irabazleak 2001. urtetik gora jaiotakoa izan behar dau. Sari horren irabazleak Zidarrezko Antzarra eta 1.000 euroko saria jaso dau.

Ikusleek astean zehar emondako botoen bidez EITB Ikuslearen sariaren irabazlea zein izan dan be ezagutu dogu. Halanda ze, Mikel Balerdi eta Deñe Garcia-Bravoren Eraman zutela filmak Zidarrezko Antzarra eta 750 euroko saria irabazi dau, batez beste 5etik 4,58 puntu lortuz. Era berean, filmak epaimahaiaren Aitamen Berezia jaso dau.

Euskal Zinemearen Begiradea: Pantailak Euskaraz

Euskal zinemagintzearen figurea eta ekimenak autortzeko asmoz Euskal Zinemearen Begiradeagaz Pantailak Euskaraz egitasmoa autortu gura izan da. EZBrak urtero jarten dau haren begiradea euskal ikus-entzunezkoen arloan ekarpen berezia egin dauen eragile edo persona batengan. 

Danon arteko alkarlana

Aurtengo jaialdiaren parte izan diran laguntzaile eta babesleak gogorarazo ditue: Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, EITB, Hazi Fundazinoa, Erabil, Cikautxo, Zine-Lab, Hitza, Arropaineko Arragua, Euskadiko Filmategia, Zinegin, Lekeitioko Zinemazaleek Alkartea, Taupa eta Elias Querejeta Zine Eskola. Lekeitioko Udalak atondu dau jaialdia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu