Paul Urjikoren 'Gaua' filmak edegiko dau Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. Astea

Bizkaie! 2025-10-23 08:30   Zinemea

Urriaren 31tik zemendiaren 7ra bitartean izango da.

Urriaren 31n, barikua, Gaua (2025) euskal produkzinoak, Paul Urkijo Alijok zuzenduak, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. Astea inauguratuko dau Kursaalean. Johannes Robertsen Primate (2025) film estatubatuarrak, barriz, zarratuko dau jaialdia Antzoki Zaharrean zemendiaren 7an.

Horreezaz gan, Euskal produkzinoko beste bi film luze programauko dira: Antonio Muñoz de Mesak zuzendutako Santa Zeta (2025)eta Alberto Vazquezen Decorado (2025) animazinoko filma, azken hori euskerazko bersinoan.

Beraz, urteko fantasiazko zinemako film onenen hautaketea proiektatuko da, film luzeak eta laburrak, eta hainbat jarduera paralelo egingo dira. Besteak beste, Luc Bessonen Dracula: A Love Tale (2025), Stephen Kingen nobela homonimoan oinarritutako The Long Walk (2025), A Useful Ghost (2025) Thailandiako produkzinoa eta Eduardo Casanovak zuzendutako Silencio (2025) banpiroen miniseriea ikusi ahal izango dira egun horreetan Antzoki Zaharrean. Guztira, 30 film luze, 36 film labur eta telebistako 4 kapitulu proiektatuko dira.

Gainera, Animedonen bigarren edizinoa, animazinoko zinema japoniarrari eskainitako sail paraleloa, Victoria Eugenia Antzokira bueltauko da barriro be. Hiru film luze proiektauko dira, baita familiei zuzendutako saioa be: Gora eta gora beti, Doraemon eta lagunak. Fujiko Fujiori autortzea da, Doraemon, Hattori Ninja eta Kiteretsuren sortzailea. Horrezaz gan, sail paraleloak erakusketa bi izango ditu: Fantasia eta beldurra Japoniako bideo-jokoan eta Euskadi Fantastikoa 21: María Jiménez & Letucse (tailerrak eta topaketak Donostiako FNACen eta Tabakaleran); eta, familiei zuzendutako kaleko jarduera tradizionala Boulevarden (Dragon-con).

Antzoki Zaharra izango da zinemaldiaren egoitza nagusia. Bertan proiektauko da film luzeen sail ofiziala, 22 filmek osotua. Victoria Eugenia Antzokian Animedonen zinema-saioak eta EITBk babestutako euskal film laburren maratoia programauko dira.

Saio bi programauko dira Tabakaleran: Eraserhead (1977), David Lynchek zuzendutako lehen film luzea eta La torre de los siete jorobados (1944), Edgar Nevilleren Espainiako fantasiazko zinemearen klasikoa, Euskadiko Filmategiagaz lankidetzan.

Bestalde, urriaren 25ean, Bang! Bang!ek haren ohiko saio bikotxa aurkeztuko dau Antzoki Zaharrean, urteko programazinoari hasierea emonez: Big Trouble in Little China (1986) eta The Lost Boys (1987).

Aitatutakoez gan, beste erakusketa bi izango dira programazinoan: Fernando Vicente: Beldurrezko zinemaren mitoak, Udal Liburutegiko ekitaldi-aretoan (San Jeronimo) eta Mexicráneos kale-erakusketa, Ramon Labayen plazan ikusgai.

Beste jarduera batzuk be dagoz programan, esaterako, Fanzineen Gerra klasikoaren 10. edizinoa eta hainbat hitzaldi eta topaketa.

Sarrerak

Gaur, urriak 23, 09:00etan jarriko dira salgai abonuak Antzoki Zaharreko leihatilan. Urriaren 27an, barriz, 11:30ean, jarriko dira salgai sarrera solteak Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kultura webgunean. Inaugurazinorako sarrerak Kursaaleko leihatilan eta hemen eskuratuko ahalko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu