Diasporako 11 euskera ikasle Iñigo Urkullugaz batu dira

Bizkaie! 2021-02-17 12:23   Euskaldunak munduan

Argentina, Txile eta Uruguaitik etorrita, egonaldia egiten dabiz Lazkaoko Maizpide barnetegian.

Lehendakaria, diasporako kideak agurtzen (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bisitari bereziak ditue asteotan Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegian, Hego Amerikako diasporako kide diran 11 ikasle hain zuzen. Argentina, Uruguai eta Txileko euskal-amerikar horreek 2013an erabagi eben euskerea ikasten hastea, ondoren euren herrialdeetako euskal etxeetan gure hizkuntzea ezagutzera emon eta interesa dabenei klaseak emoteko. Euskal Herrian egiten dabizan egonaldi aberasgarriaren barruan, Eusko Jaurlaritzea ezagutzeko aukerea izan dabe, Gasteizen. Iñigo Urkullu Lehendakariak egin deutse harrerea.

Diasporako 11 kideakaz eta Urkullugaz batera, Bingen Zupiria sailburua, Jaurlaritzearen Kanpo Hartu-emonetarako idazkari Marian Elorza eta Etxepare Institutuko zuzendari Irene Larraza egon dira Lehendakaritzan egindako batzarrean. Euren esperientziaren barri emon deutse diasporakoek Lehendakariari.

Argentina, Txileko eta Uruguaiko euskal-amerikarrok hutsetik hasi ziran euskerea ikasten 2013an, eta pixkanaka joan dira euren mailea hobetzen. Maizpiden egiten dabizan egonaldian, ikasteko prozesuan maila bat igotea da helburua, hau da, B2n dagozanak C1era heltzea eta B1dunak B2ra. 

Etxepare Euskal Institutuak, Euskara Munduan programearen bitartez, mundu osoko euskal giza kolektibidadeetan euskerearen ezagutzea sustatzen dau. Gaur egun, euskal etxeetan 2.000 lagun inguru dabiz euskerea ikasten, eta, Institutuak nazinoarteko 35 unibersidadegaz dituan irakurletzei esker, beste 1.900 ikasle be badabiz. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu