Euskal diasporako 11 lagunek Lazkaoko barnetegian egonaldia egingo dabe
2021-01-22 12:38 Euskerea berbagaiEuskera irakasle izateko prestakuntzea amaitzea da helburua.
Argentina, Txile eta Uruguaiko euskal diasporako 11 lagunek euskera mailea hobetzeko hile biko egonaldia egingo dabe Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegian Etxepare Euskal Institutuaren Euskerea Munduan programearen eskutik. Taldea 2013an hasi zan zerotik euskerea ikasten eta orain, lehen aldiz testuinguru euskaldunean egingo daben ikastaro trinkoa amaitu eta gero, euskera irakasle ibiliko dira norberaren uriko euskal etxean: Buenos Aires, Mendoza, Necochea, San Nicolas, Tres Arroyos, Villa Marían, Argentinatik etorritakoen kasuan, eta Santiago eta Montevideon, Txile eta Uruguatik etorritakoak.
Taldearen ikasketa ibilbidea (20 personak osotzen dabe nahiz eta 11 izan Euskal Herrian egonaldia egingo dabenak) orain 8 urte hasi zan eta urteotan online prestakuntzea eta aurrez-aurrekoa tartekatu ditue. Ikasleek urtero 36 saio egin ditue HABEren Ikasten online plataformearen bidez. Era berean, urtero aurrez-aurreko barnetegi bitan hartu dabe parte Argentinan, 52 ordukoa bakotxa. Danetara, 1200 eta 1600 ordu artean eskaini deutse euskerea ikasteari eta 2019an, Buenos Airesen, euskera mailea egiaztatzeko frogak egin eta gero B1 eta B2 mailak eskuratu ditue. Lazkaon hasi barri daben egonaldian euskalduntzearen maila bat egitea da helburua: B2 dabenek C1a egitea; eta B1 dabenek B2a. Ikasleek Maizpideko programea jarraituko dabe eta bertako ikasleakaz nahastauko dira taldeetan. Asmoa familia euskaldunetan kokatzea bazan be, bizi dogun pandemia egoerea dala eta, Maizpide barnetegian egongo dira, osasun neurri guztiak bermatuta.
Euskerea Munduan
Programearen bitartez mundu osoko euskal giza kolektibidadeen artean euskerearen ezagutzea sustatzen dau Etxepare Euskal Institutuak. Programeak 1990ean Argentinako euskal etxeetan euskerearen ezagutza berreskuratzeko asmoz sorturiko Argentinan Euskeraz egitasmoan dau jatorria. Urte batzuk aurrerago programea munduko beste hainbat herrialdetako euskal etxetara zabaldu zan eta ordutik Euskerea Munduan dau izena. 2018tik Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen dau programea eta, honen bidez, munduko euskal etxeetan emoten diran euskera eskolak diruz lagundu, euskal etxeak euskera eskolak emoteko materialez hornidu, euskera mailea egiaztatzeko azterketak antolatu eta euskera irakasleen trebakuntzea sustatzen dira, izan be, giza baliabideei jagokenez, euskal etxeek askotan beren irakasle taldea trebatu behar izaten dabe. Egun, 2.000 inguru dira urtero munduko euskal etxeetan euskerea ikasten dabenak eta Etxepare Euskal Institutuak nazinoarteko 35 unibersidadetan dituan irakurletza-programetan beste 1.900 ikasle inguruk hartuko ditue euskera eskolak aurten.
FEVAra batutako euskal etxeen aspaldiko eskakizuna da trebakuntza prozesu hori Euskal Herrian amaitzeko aukerea eskaintzea eta holan helarazo eutson Lehendakariari, honek 2018an Argentinara egindako bidaian. Covid-19aren pandemiak egitasmoa urtebete atzeratu ostean, 2021ean egingo da egonaldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!