Indarkeria matxistearen biktimak gogoratuko ditu mural batek Bilbon
2021-02-15 10:17 KultureaJunita Makina artistea dabil horma-irudia egiten, Mesedeetako kaian.
Bilboko Udalak gogoan hartu nahi ditu indarkeria matxistea sufridu daben emakumeak, batez be, indarkeria horretatik bizirik urten dabenak. Junita Makina izen artistikoa darabilen Ruth Juan sortzaileari eskatu deutse memoria eta erreparazinorako murala egiteko, eta zeregin horretan dabil, Bilbo Zaharreko Mesedeetako kaian. Lehen zirriborroa egin dau dagoeneko.
Horma-irudi honek modu sinbolikoan erakusten dau indarkeria matxistearen zikloa dalakoa, indarkeria sotilenetik basatieneraino doana. Junita Makinak indarkeria matxistea sufridu dabenen eskutik ezagutu ahal izan ditu faseok, Bizitu alkartean dabizan emakume batzuen lekukotzak erabili ditualako obrea sortzeko. Euren kontakizunak, eten barik, gorputzari, gaixotasunei, tensinoari eta indarkeriek gorputzean dituen eraginei buruzkoak ziran, azaldu dau artisteak.
Murala Mesedeetako kaiko hormearen neurriaren eta harriaren ezaugarrietara egokituko da, eta indarkeria matxistearen faseak erakutsiko ditu hainbat sekuentziaren bidez. Gitxi gorabehera, hiru aste beharko ditu Junita Makinak horma-irudiaren behin betiko bersinoa amaitzeko, Bilboko Udalak aurreratu dauenez.
Ekimen artistiko hau genero-indarkeriaren biktima izan diran eta bizirik urten daben emakumeei eta hareen seme-alabei errekonozimendu eta erreparazino sinbolikoa emoteko udal-estrategiaren barruan dago. Eskubidea berrezarteaz, aintzatespen sozialaz eta memoria kolektiboa eregiteaz gabiz berbetan, indarkeria matxistetatik bizirik urten daben biktimen errekonozimenduan sakontzen jarraitzeko, azaldu dau Nekane Alonso Bardintasun zinegotziak.
Ruth Juan, izen artistikoz Junita Makina, orain dala 12 urtetik bizi da Bilbo Zaharra auzoan. Bere lanak uria dau ardatz, eguneroko bizimodua, gizarte auziak eta lankidetza proiektuak. Bilbao Arte Fundazinoak bekea emon eutsan 2013an, eta horri esker sortu eban liburu ilustrau bat, Bilbo Zaharra, tolerantzia eremua izenburuduna. Gaur egun, hainbat proiektutan dabil freelance, eta oraintsu beste mural handi bat inaugurau dau Bilboko Zabala auzoko Sortzez Garbiaren komentuaren kanpoaldean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!