Formatu txikiko ekitaldien bidez egingo dabe 2021eko Lekuek

Bizkaie! 2021-02-15 08:33   Musikea

Osasun egoereak gehiagorako aukerarik emon ez arren, sugarrari biztuta eutsi nahi izan deutse.

Gernikako Lekuek jaialdiak zortzigarren edizinoko programazinoaren barri emon dau, baina gauza jakina izan da aurtengoa ez dana jaialdi arrunta izango. Antolatzaileek eurek esan dabe, osasun egoerearen eraginez, ohiko jaialdia baino, formatu txikiko ekitaldien bildumea izango dala 2021eko Lekuek. Edozelan be, astebetez musikeak, ikus-entzunezkoek eta erakusketek hartuko ditue Gernikako hainbat txoko.

Orain dala egun batzuk iragarri ebenez, martiaren 13tik 21era egingo dabe Lekuek. Bitarte horretan formatu txikiko emonaldiak egingo ditue hainbat talde eta bakarlarik. Antolatzaileek honeek izenak aitatu ditue: Rita Payés, Rüdiger, Teksuo, Labana, American Folk Singer, Tashakor, Vulk, Elle Belga, Aiama & Aneguria, Knives, Azken Sustraiak, Feline eta Euskatalites. 

Iparragirren, Lizeo Antzokian eta Astran izango dira ekitaldiak. Azken horretan, solairu biak erabiliko ditue, baina ez aldi berean, osasun aldetik seguruagoa izan daiten. Izan be, osasuna jagoteari emongo deutse lehentasuna, eta aforoak zorrotz beteko ditue. Egoereak txarrera egin ezkero, ez dabe baztertu jaialdia atzeratzea. Halako ezustekorik ez badago, datorren astean hasiko dira sarrerak saltzen.

Igazko edizinoa Covid-19aren erruz bertan behera itxi eta gero, aurtengoa be ez da ohikoa izango. Halandabe, formatu txikiko ekitaldien bidez, jaialdiak Gernikan biztuten dauen sugarrari eutsi nahi deutsela azpimarratu dabe antolatzaileek. Musikea da gure oxigenoa, azaldu dabe, txinpartatik eta sua biztuteko beharretik sortzen da zortzigarren edizinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu