Bueltan da Gernikako Lekuek

Bizkaie! 2021-02-08 12:20   Musikea

Martiaren 13tik 21era egingo dabe zortzigarren edizinoa.

Igaz bertan behera itxi behar izan eben Gernikako Lekuek festibala, Covid-19aren pandemia hasi barritan, etxeko itxialdia ezarri ebelako agintariek. Musikazaleen eta kulturazaleen bihotzetan sartuta egoan ordurako Lekuek, baina ezustean etorri zan etena. Zorionez, antolatzaileek gogotsu segidu dabe lanean, eta, urtebeteko geldialdiaren ostean, 2021ean bueltan da Lekuek. 

Martiaren 13tik 21era egingo dabe jaialdia, Astran, Iparragirren eta Lizeo Antzokian. Betiko legez, musikea izango da programazinoaren ardatza, eta hortik abiatuta antolatuko ditue kontzertuak, erakusketak, tailerrak, berbaldiak eta bestelakoak. Oraindino ez dabe egitarauaren barri emon, aste batzuk gehiago itxaron beharko dabe zaleek eskaintzea ezagutzeko.

Aurtengo edizinoko kartela eta irudizko identidadea bai, horreek zabaldu ditue. Iban Sainz Jaio artistea arduratu da horreek sortzeaz. 

Gernika-Lumoko hainbat alkartek eta boluntario ugarik bat egiten dabe Lekuek antolatzeko beharrean, urtero-urtero. Aurtengoa zortzigarren edizinoa izango da. Bizi doguzan sasoi gatxak gogoan, aurten erresistentzia hartuko dabe jarreratzat, adierazo dabe antolatzaileek ohar baten. Erre daigun guztia, su garen bitartean. Suak argituko deusku bidea, su emongo deutsagu alkarri, esan dabe. 

Beroak atrapau gaizala umelak gagozan bitartean, eskuok haragizkoak bihurtzen diran bitartean, ganeratzen dau oharrak. Indarrez gatoz, ez ahaztu. Ikusteko dago martian pandemiak zenbaterainoko tartea emoten dauen Lekuek behar dan moduan egiteko, baina, garbi dago, traba guztien ganetik, antolatzaileak gogotsu dagozala: Ahots ozenez nator, martian alkar ikusteko gogoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu