Jaizkibel, boulderraren gotorleku preziadua

Amaia Larruzea 2021-02-05 12:56   Ibilian-ibilian

Helduleku bakotxa kresalagaz buztartuz gozau leiteke bertan.

Euskal Herriko mugetako batera joko dogu oraingoan, hain zuzen be, Bidasoa inguru zoragarrira, Txingudi badiako ikuspegirik onenetako bat eskaintzen dauen herrira. Harresitutako herrigune ederraz berba egin ezkero errazagoa litzateke antzemoteko, nortasun berezia dauen lekua dogulako Hondarribia, edo bertakoek eta ingurukoek dinoen lez, Onyarbi. Ezaguna dogu garai bateko arrantzaleen koloretako etxeek eta kale koloretsuek janzten dabelako herria, kalidadezko gastronomiagaz bat.

Baina badau beste zeozer Hondarribiak eskaintzeko, itsasoa eta mendia bete-betean buztartzen diran tokirik aproposenetako bat da-eta; itsas kirolak praktikau geinkezan aldi berean, mendi txango bat be egin geinke Jaizkibel mendilerroan edota orain dala aste batzuk idatzi neban artikuluan aitatu neutsuen Talaia Bidean. Oraingo honetan, ostera, boulderraren gotorleku preziadua be badala esatera etorri gara; hainbat dira Hondarribiko arrokek eskaintzen dituen aukerak.

Pirinioek Kantauri itsasoagaz bat egiten daben Jaizkibel mendiaren magalean, eskalatzaileen gozamenerako, hareharrizko bloke ederrak sortu ditu natureak. Hainbat eta hainbat urte daroez inguruetako eskalatzaileek bloke horreetan zeharkaldi eta bide barriak zabaltzen, eta egun, beste hainbat leku be badagozan arren (Larraona, esaterako), maila guztietarako aukerea emoten dauen boulderraren erreferente nagusietako bat dala esan geinke. Askoren esanetan, fanatismoz bertan hasi zan praktiketan; batez be, Cerillas sektorean, bertan atzemon zituelako horretarako aproposak ziran blokeak, eta esan bezela, maila guztietarako, Larraona bide gogorragaitik ezagunagoa bada be.

Ondoren, eskaintzea zabaldu eta danetariko aukerak bilatu nahian, beste hainbat sektore zabaldu zituen inguruetan. Mikel Vera Martiarena eskalatzaile irundarrak idatzitako Guía de Boulder Jaizkibel liburuan jasoten dira berbagai doguzanak. Eskalatzaile taldeek egindako lanari esker, itsasoagaz hartu-emon zuzenean kokatuz, pege eta helduleku bakotxa itsasoaren kresalagaz buztartuz gozau daiteke bertan. Romoak, regletak, desplomea… ez da ezertxu be falta Jaizkibelen, maila eta gustu guztietarako aukerak dagoz, eta bertako hareharria kalidade onekoa izanik, sektore batetik bestera ezbardintasun ugari dagoz. Ganera, gehienak gerizpean dagoz, eta beraz, udan be ez da berotegi-efektu hori igarten; neguan, barriz, nahiko inguru hotza bihurtzen da, askok eskaletako nahiago daben legez. Beraz, urte osoan eskalau daiteke bertan, nahiz eta uda garaian garoa dezente hazten dan, eta sektore batzuetara heltzea oso gatxa egiten dan.

Gorosti zonaldea azken urteotan eskalatzaileek egin daben lanaren adibide garbia dogu, eta bertan, Zeria, Munandi, Namaste, Gorosti, Txurtxipi eta Hawaii sektoreak dira aitagarrienak. Bestalde, Gaztelutarte sektorea be nahiko ezaguna da, eta danetan ezagunena eta aitzindaria, aitagai dogun Cerillas sektorea.

Sektore gehienetan eta Jaizkibel inguruan, oro har, mobikor sarea ez dabil eta Frantziakoagaz egiten da bat, hortaz, komenidu da krokisak lehenago bilatu eta eskura edota gordeta izatea, sektore gehienetan ez dagoalako estaldurarik.

Argazkiotan, arestian aitatutako Cerillas sektore ezaguna dogu berbagai, eta, sektoreetan aurrera eginez, itsas mailan kokatutako hondartza txiki eta eder bat, koltxoneta lurrean bota eta eskaleteaz gan, inguruaz lasaitasunez gozetako aproposa. Heltzeko bideari jagokonez, Ama Guadalupekora igon beharko dogu, eta handik aurrera eginez, sektoreetatik hur autoa aparkau. Handik oinez egin beharko dogu, crash pads koltxonetak hartu eta bertako animalien artetik bidean aurrera eginez.

Lasai asko pasau beharko dogu albotik, bertako faunea eta florea errespetauta, une guztietan. Bestalde, bertakoek dinoenez, azken aldian zarama asko pilotzen hasi da aparkalekuetan, furgonetetan lo egiten dabenen ondorioz, beraz, animaliakaz zein inguruagaz beti errespetuz jokatu behar dogu. Aitagarriak dira Donostiako Xabier Mendi Taldeko eskalatzaileek Irungo Ñapaleku Mendi Alkarteko kideen laguntasunagaz egindako garbiketa lanak. Naturea gu heldu aurretik egoan moduan ixtea izan behar da naturea maite dogun guztion helburua.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu