Talaia Bidea, itsasoaren eta mendiaren binomio perfektua
2020-11-26 07:55 Ibilian-ibilianTxakur Txiki eskalada eskolearen ingurua ikusgarria da.
Mendi magaletik kostaldera abiatuko gara, ez, ostera, mendi ingurutik gehiegi aldentzeko, mundu honek emon deuskun binomiorik perfektuenetako bati erreparauko deutsagu, horrenbeste maite eta beteten gaituan mendiaren eta itsasoaren buztarketa horri, hain zuzen be. Horretarako, Donostiara joango gara, oso indartsu dabilen Gros auzora; ez, ostera, pintxo batzuk jaten, ezta Zurriolan olatu gainean izarrak ikusten be, Ulia mendirantz abiatzeko asmoagaz baino.
Murrizketak geure udalerrira eta ondoko udalerrietara mugatzen diran honetan, Euskaditik kanpo joateko aukerarik eza luzerako kontua izango dala pentsaurik, proposamen eder bat dakartsuet Euskaditik libre ibilteko momentua heltzen danerako. Begientzako gozamen hutsa diran bideetatik joango gara Gipuzkoako Talaia Bidean sartuta.
Gros auzo ezagunerantz jo eta Uliara igoteko bidea hartu eta berehala izango dogu lehen erretratu magikoa: Donostia bete-betean, geure begien aurrean, Sagues, Zurriolako hondartzea, Urgull mendia eta Gipuzkoako uriburuak horren adierazgarri dauen arkitekturea begi bistan. Bide ederrean aurrera egingo dugu, bai oinez eta bai korrika joateko be, norberaren esku itxiko dogu aukera hori.
Ez dago galbiderik, markak bide guztian topauko dozuez eta hurrengo helburura heltzeko falta jakun guztia bistan izango dogu. Aurrerago bidegurutzean, Uliara igoteko edota Talaia bidean jarraitzeko aukerak dagoz, baina kartelakaz ez dozue ezelako arazorik izango, bakarrik joanda be. Behin barruko bideok segiduta, ezkerretara itsasoa izango dogu bidelagun hemendik aurrera, ez eizue galdu zehetasun txikiena be.
Hemendik aurrera, hainbat aukera dagoz, denporearen, sasoiaren eta gogoaren araberakoak. Pasaia San Pedron autobusean bueltetako aukerea izango dugu, txitean-pitean baitagoz Donostiara doazen autobusak. Bestalde, kilometro gehiago egin guran geratu bagara, Donibanetik gora eginez Jaizkibeleko mendilerroan sartuko gara.
Hondarribiaraino doan bidea ederra da eta amaierearen aldamenean dagoan Txakur Txiki eskalada eskolearen ingurua ikusgarria da, benetan. Mendi bide erosoak, ezelako zailtasunik bakoak, zuhur ibiltea nahikoa da. Beraz, begiak eta bihotza edegi eta gozau daigun geure kostaldeko leku magikoez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!