EKE-Elkar literatura bekea sortu dabe, Gaztelumaren ordez

Bizkaie! 2021-01-14 08:21   Kulturea

Batez be, Ipar Euskal Herriko idazleentzako deialdia da. 

Joxe Mari Sors (Elkar) eta Pantxoa Etchegoin (EKE), bekearen barri emoten, Donostian (argazkia: Elkar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen Kultur Erakundeak (EKE) eta Elkar argitaletxeak EKE-Elkar izeneko bekearen lehenengo edizinoa antolatu dabe, eta lanak aurkezteko epea zabaldu. Ipar Euskal Herriko idazle gazteei bultzadea emoteko urteotan martxan egon dan Gazteluma sariaren ordez dator beka barri hau, antzeko baldintzei eutsita, baina detaile batzuk gaurkotuta. 

Gaztelumaren kasuan egiten eben legez, EKE-Elkar literatura bekarako deialdia be urte birik behin egingo dabe. Baina badago alde nabarmen bat: EKE-Elkar bekako edizino bakotxean genero jakin bateko lanak baino ez ditue onartuko. Esate baterako, orain aurkeztu barri daben lehenengo aldian, komikia edo nobela grafikoa.

Hautagaien jatorriari jagokonez, lehengo moduan segiduko dabe, hau da, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko literaturea bultzatzen. Berez, hortik kanpoko idazleek be hartu leikie parte, baina taldeka aurkeztutako proiektuetan baino ez, Ipar Euskal Herriko beste kide batzuen alboan. Ganera, lehiaketearen oinarrietan zehazten danez, testuetan Iparraldeko euskera batua dalakoa erabili beharko da. Edadearen aldetik, ez dago mugarik.

Maiatzaren 31ra arteko epea dago nobela grafiko edo komikiak sortzeko proiektuak aurkezteko. Sortu nahi daben obrearen azalpen laburra eta 4-5 orrialdeko lagina entregau beharko ditue hautagaiek. Gero, irabazleak 2022ko martira arteko epea izango dau liburua amaitzeko, eta, horretarako, 6.000 euro emongo deutsez. Elkarrek argitaratuko dau obra irabazlea. 

Oinarriak hemen.

EKE-Elkar bekearen aurrekari dan Gazteluma saria 2000. urtetik emoten zan. Bitarte horretan, bederatzi irabazle egon dira, eta beste horrenbeste liburu argitaratu. Azkena, igaz, Maddi Ane Txoperenaren Ene baitan bizi da. Hortaz, Ipar Euskal Herriko hainbat gazte euskalduni literaturearen munduan sartzeko laguntzino handia emon deutse Gaztelumak, eta beka barriaren bidez, aurrerantzean be bardin segitzea da asmoa. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu