Amaia Jauregizar: 'Herri Hizkeren Atlasa beste egitasmo batzuen oinarri izan behar da'
2021-01-11 08:00 BarriketanEuskaltzaindiko teknikaria EHHA egitasmoan.
Amaia Jauregizarrek Hizkuntza-atlasgintzatik hiztegigintzara: Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arteko lotura-gakoak izeneko tesia aurkeztu dau Deustuko Unibersidadean, Miriam Urkia, Andoni Sagarna eta Jon Ortiz de Urbinaren zuzendaritzapean. Euskerearen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arteko loturea egin dau Jauregizarrek, eta lehenengoak bigarrenari egin leikion ekarpena zehaztu.
Ederto baten ezagutzen dau Atlasa, hamabi urte darozalako egitasmo horretan, teknikari. Euskal Herriko eremu euskaldunetako hizkeren bilduma zehatza da Atlasa, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan egindako grabazinoetatik eskuratutako datuetatik landua. Hamaikagarren eta azken liburukia, bildumea biribiltzen dauena, 2020ako abenduan aurkeztu zan. Baina Jauregizarrek kontau deuskunez, orain erabilerea emon behar jako Atlaseko informazino oparoari, euskerearen alorreko eremu askotan lagungarri izan leitekelako.
1.- Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa eta Euskaltzaindiaren Hiztegia lotzen ditu zure tesiak, zelan laburbatuko zenduke lanaren funtsa?
Izenburuan esaten danez, hizkuntzen atlasgintzea da tesiaren oinarria, batez be hiztegigintzan zelan lagundu leiken. Horretarako, erreferente bi hartu dodaz, Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa eta Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bata, euskerearen atlasgintzearen emoitza nagusia da, eta, bestea, Euskaltzaindiaren hiztegi arau emolea. Lehenengo oinarri teoriko bat emon dot, adibide batzuk ipinita. Ondoren, hizkuntzearen aldakortasuna aztertzen dauen lan batek (Atlasak), zer daukan Euskaltzaindiaren Hiztegiari emoteko jakin nahi izan dot.
2.- Herriz herriko aldaerak, ahozkoak, batzen ditu Atlasak. Hiztegian, ostera, euskera estandarrerako formak arautzen dira. Mutur bi batzeko ahalegina egin dozula dirudi.
Atlasgintzeak hizkuntzearen maila guztiak hartu leikez, baina gehienek lexikoa, gramatikea, ahoskerea eta abar hartzen ditue kontuan. Lexikoaren kasuan, egia da hiztegien edukiagaz bat egiten dauela, baina gure Atlasak kontzeptuak eta horreek adierazoteko moduak batzen ditu, eta hiztegiak kontrakoa dakar, hau da, izendapen bakotxak ze esangura daukan. Ganera, Atlasa tradizinoari lotuta dagoan bitartean, Euskaltzaindiaren Hiztegia gaur egungo erabilerarako da. Alde horretatik, kontrako muturretan dagozala esan geinke, deskribatzailea bata, arau emolea bestea.
Orduan, nik pentsau neban ia zer egin behar neban horregaz, Atlasa eta hiztegiak kontrako norabideetan badoaz. Ba, uste dot badagoala batak besteari ekarpena egiteko modua, baina, horretarako, lehenengo pausua izan zan ahozkoaren eta idatziaren arteko jauzia txikitzea. 400 kontzeptu aukeratu nebazan, ausaz, Atlaseko 1.450 kontzeptu, hau da, % 27tik gorako lagina. Orain bi mila lexiko-kontzeptu baino gehiago dakarz Atlasak, baina tesia hasi nebanean lehenengo zortzi liburukiak egozan eskura, 1.450 kontzeptu.
3.- Lagin hori zelan landu dozu?
Guk, Atlasa egiteko orduan, barriemoleei jasotako moduan izaten doguz berbak, baina askotarikoak diranez, sailkatu eta moltsokatu egin behar izaten doguz. Lematizazinoa da prozesu hori, aldaerak lema gitxi batzuetan batzen doguz. Gero, ezaugarri jakin batzuei begiratuta, superlemak diralakoak sortzen doguz. Superlemek, sarritan, ahozko kutsua gordeten dabe, eta nire tesirako hori oztopo bat izan da, Euskaltzaindiaren Hiztegia idatzirako dalako gehienbat. Ahozkoa idatzira gehiago hurreratzeko, nik beste galbahe bat gehiago pasau dot, eta megalemak atera dodaz. Megalemak tesi honetarako sortutako kontzeptua da, normalean ez da erabilten.
Ondoren, Atlasetik eratorritako megalema horreek Euskaltzaindiaren Hiztegiaren edukiagaz zenbateraino datozen bat neurtu dot, adibidez grafian. Gero, esangura aldetik be konparau dodaz. Grafian, ikusi dot Atlasaren eta Euskaltzaindiaren arteko bat-etorte mailea % 63koa dala; esangura mailan, % 72tik gorakoa. Lan honetan ezinbesteko laguntzaile izan dot Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindiaren beste altxorretako bat. Eten barik jo dot horra, batez be megalemak zehazteko orduan.
4.- Euskaltzaindiaren Hiztegiari ze onura ekarten deutsaz Atlasagaz egindako konparazino sakon horrek?
Hainbat modutan aberastu leike Euskaltzaindiaren Hiztegia. Batetik, orain arte egon ez diran sarrera edo forma barriak gehitzeko balio dau. Bestetik, sarrera eta azpisarrerei adiera barriak gehitzeko, ze Euskaltzaindaren Hiztegian badagoan berba batek adiera gehiago daukazala erakusten deusku Atlaseko informazinoak. Hirugarrenik, Atlasak euskerearen hedadura geografiko osoa kontuan hartzen dauenez, hiztegiko sarrerei argibide geografikoa gehitu ahal jake. Ekarpen gehiago be egin leikioz Atlasak Euskaltzaindiaren Hiztegiari, kontu etimologikoak argitzeko adibidez, baina nik aitatutako hirurei erreparau deutset gehienbat.
5.- Lanbidez Euskaltzaindiaren teknikaria zara, Herri Hizkeren Atlasaren egitasmoan. Hori oinarri ona izan da tesiari ekiteko?
Bai, ze askotan doktoregaiak sartzen dira doktorego-programetan zer ikertu jakin barik. Hizkuntza Atlasa barrutik ezagutzea nire alde egon da. Ganera, nirea tesi industriala da, modalidade hori ez da bape ezaguna. Industria doktoregoa egin nahi izan ezkero, unibersidadekoa ez dan erakunde edo enpresa baten beharrean egon behar dozu. Atlasean ondo trebatuta nago, baina hiztegigintzan ez horrenbeste, horregaitik, nire tesi-zuzendarien laguntasuna ezinbestekoa izan da. Miriam Urkia eta Andoni Sagarna dira. Deustuko Unibersidadearen partetik, Jon Urtiz de Urbina izan dot zuzendari.
6.- Egia esan, euskerazko hiztegigintzan nekez topauko doguz Urkia eta Sagarna baino aditu handiagoak.
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak dira, laguntzaile bikainak izan dira. Esan beharra dago, aditu guztiak ez dirala izaten gai doktoregaiak ondo zuzentzeko, baina ez da nire kasua izan. Eskerrak emon nahi deutsedaz erakutsi deusten guztiagaitik eta erakusteko izan daben moduagaitik. Ohorea izan da Miriam eta Andonigaz tesia egin izana, beti gogoan izango dot. Xabier Kaltzakortak esaten eban, tesia egitea basamortuan bakarrik ibiltearen modukoa zala, eta neuk be izan dodaz momentu txarrak, baina ez naz bakarrik sentidu, ohorea izan da basamortua zuzendari horreen laguntasunagaz zeharkatzea.
7.- Euskerearen Herri Hizkeren Atlasaren bildumako azken alea oraintsu argitaratu da, eta hamarkada askotako lana amaitutzat jo dau Euskaltzaindiak. Proiektu horretan behar egiten dozuenok zer sentidu dozue?
Poza ezinbestean, kontuan izan Hizkuntza Atlasa ni baino zaharragoa dala. Urte askotako lana izan da, txindurri-lan handia dago atzean, lekukoak topau eta grabazinoak egin ziranetik gaur arte. Ia 5.000 ordu grabazino daukaz Euskaltzaindiak, eta horren ganean lan egin dogu. Hamaika liburuki erraz esaten da, baina lan potoloa da, kontuan hartzekoa. Etorkizunera begira be bagagoz, nik uste dot Atlasa orain erabili egin behar dala, beste egitasmo batzuen oinarri izan behar da. Informazino ikaragarria dago grabazinoetan eta hamaika liburukietan, horrek ekarria egingo deutso euskereari.
8.- Hain zuzen be, zeure tesia horretara dator, Atlasak Euskaltzaindiaren Hiztegiari ekarpen garrantzitsua egin leikiola uste dozu.
Danok esaten dogu atlasgintzea oso inportantea dala, ahozko lekukotasunak jaso behar dirala... Baina, askotan pasetan da gero ez dirala konsulta asko egiten, beharbada espezializaduegiak diralako, edo liburuki potoloegiak diralako. Baina orain interneten dago dana, uste dot material honeei beste erabilera bat emon behar jakela, hizkuntzalaritzearen beste adar batzuen lagungarri izan daitezan.
9.- Behin liburuki guztiak kaleratuta, ze fasetan sartuko da Herri Hizkeren Atlasaren egitasmoa?
Euskaltzaindiaren esku dago erabagia, oraindino ez dakigu zein izango dan hurrengo urteetako norabidea. Tesian proposamen batzuk egin dodaz, baina horrek ez dau esan nahi kontua hortik joango danik.
Orain dala hiru urte hasi nintzan tesia egiten, baina hamabi urte daroadaz Atlasaren egitasmoan teknikari, eta lehen eskutik ikusi dot Atlasa altxor hutsa dala, baina altxorrak kutxa barruan ez dau ezer egiten. Behin liburuki guztiak kalean, Atlasaren bigarren erabilerearen inguruko gogoetea egin behar da, Atlasaren beraren zein beste hizkuntza baliabide batzuen mesedetan izango dalako.
10.- Literaturea be idazten zenduan sasoi baten, sariak irabazitakoa zara. Tesia amaitu eta gero berrekingo deutsazu?
Azkenaldion ez nabil idazten, baina ez da tesiagaitik bakarrik, ze ume txiki bi be badaukadaz. Tesia aurkeztu eta gero, zelan ez, lehenengo begiradak umeentzat izan ziran. Dana dala, orain asko irakurten dot, sekula baino gustorago nabil horretan. Idaztearena, beharbada aurrerago etorriko da horretarako momentua, oraingoz ordenagailua aparte itxi dot, sormenari jagokonez behinik behin. Badaukat gogoa idaztearen bidez gozetako, sasoi baten gozetan neban moduan, baina orain lasai hartu nahi dot dana.
Argazkiak: Euskaltzaindia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!