Arrantzeari eta gizarteari lotutako berbak, Euskerearen Herri Hizkeren Atlasaren XI. liburukian

Bizkaie! 2020-12-11 12:54   Euskerea berbagai

Aldi baten amaierea da argitalpena, bildumako azkena dalako.

Adolfo Arejita, Andres Urrutia eta Laboral Kutxako Ibon Urgoiti (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

EHHA, Euskerearen Herri Hizkeren Atlasaren XI. liburukia aurkeztu dau Euskaltzaindiak Bilbon, papelean zein CDan konsultau ahal izango dan lana. Laboral Kutxaren babesari esker argitaratu dabe. Oraingo honetan, arrantzeari eta gizarte-bizitzeari lotutako lexikoa batu da, ondorengo arloetakoa: ofizioak eta tresnak; itsasontzia eta eskifaia; itsas arrantzea eta beste lanbide batzuk; gizarte-bizitzea, pisuak, neurriak, dirua eta koloreak. Danetara, 232 mapa koloretsu, herriz herri erabilten diran berbak zehaztasunez erakusteko.

Hamaikagarren liburuki hau argitaratuta, Euskaltzaindiak amaituzat jo dau aldi bat, Euskerearen Herri Hizkeren Atlasarena, honako hau dalako bildumako azken alea. Etapa bat amaitzen da, eta aukera barriak zabaltzen dira, material hau beste egitasmo batzuk ontzeko baliagarri izan leitekelako, adierazo dau Andres Urrutia euskaltzainburuak. 

Joan Martí ohorezko euskaltzain katalanak txalotu egin dau Euskaltzaindiaren lana, baita Societat d'Estudis Catalans erakundearena be, EHHAren antzeko obra bat plazaratu dauelako, katalanaren ondarea zabaltzeko. Euskerearen Atlasa pausu garrantzitsua da hizkuntzearen normalizazinorako bide luze eta neketsuan. Euskaltzaindiak euskereari opari ikaragarria egin deutsala dino Martík, hizkuntzea bera deskribatzen dauen lehen mailako ikerlana da.

Egitasmoaren zuzendari akademiko Adolfo Arejitak be gerora begira Atlasak ezarri leiken oinarria nabarmendu dau: Atlas honek euskerearen lehenaren ezaguera sendo eta ziur baten oinarriturik, gaur egungo eta geroko euskereak bizirik irauteko eta modernizetako zimendu egonkorra eskaintzen deusku.

Liburuki barria interesa daben guztien eskura jarri dau Euskaltzaindiak, ohiko liburu formatuan zein modu digitalean CDan batuta. Ganera, Euskaltzaindiaren webgunean ikusi leitekez eduki guztiak, lehenengo liburukitik hamaikagarren honetaraino (eta V. eta VI. aleetako audioak be bai), horretarako atondutako atalean

EHHAren lehenengo liburuki biak 2010ean argitaratu ziran, eta, harrezkero, pixkanaka joan da Euskaltzaindia ganerakoak plazaratzen. Hamaika aleotan batzen diran edukiak batzeko lana askoz lehenago hasi zan, baina. 1984an ipini eben martxan euskerearen aldaera guztiak batu, dokumentau eta mapetan emoteko asmoa. 

Galdera sorta eta metodologia zehatzak erabilita, adituak herirrik herri ibili ziran leku bakotxeko euskeran kontzeptuak zelan esaten ziran galdetzen. 1980ko hamarkadan jatorrizko euskereari bizirik eusten eutsien leku guztiak helburu, 145 herritara joan ziran, eta 320 lekukori galderak egin: 4.000 ordu dagoz grabauta.

Ondorengo urteetako lana izan da inkestetan batutako datu guztiak atondu, sailkatu eta mapetan ipintea. Azkenik, liburuki bakotxean gai bati edo batzuei erreparau jake: animalien, tresnen zein bestelakoen izenak, deklinabidea, aditzak, denporeagaz lotutako kontzeptuak, eguneroko bizimodukoak... Galtzear dagozan hizkeren zein bizi-bizirik dagozanen lekukotasun oparoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu