Xabier Amuriza eta Agus Barandiaran Bilbon, Euskerearen Egunean
2020-12-01 12:43 Euskerea berbagaiKoplariak koplari berbaldi musikatua egingo dabe Bidebarrieta liburutegian.
Euskerearen Nazinoarteko Eguna, abenduaren 3a, musikaz eta koplaz alaituko dabe Bilboko Udalak eta Bidebarrieta liburutegiak. Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek Koplariak koplari izeneko berbaldi musikatua egingo dabe, 19:00etan, liburutegiko ekitaldi aretoan.
Amurizak eta Barandiaranek egunotan aurkeztu dabe bien arteko alkarlanetik jaiotako Koplariak diskoa (Elkar). Xabier Amurizak idatzitako eta tradizinotik hartutako koplei musikea ipini deutsie Agus Barandiaranek eta Korrontzi taldeko ganerako kideek, tradizinoari heldu eta gaur egungo mundura ekarten dauen proiektu horretan. Zuztarretara bueltau dira Koplariak diskoan, koplagintzeak musika herrikoian dauen lekua eta koplen berezitasunak nabarmentzeko asmoz.
Orain dala hiru urte inguru hasi ziran alkarlanean Xabier Amuriza eta Korrontzi. Amuriza sano egokia begitandu jakun koplak batu eta zabaltzeko, aitatu dau Agus Barandiaranek, Bizkaie!-ri emondako alkarrizketa baten. Arlo horretan baegoala zeregina pentsau genduan eta aurrera egin dogu. Amurizak batuta izan dituan kopla guztietatik eta proiektu honetarako beren-beregi idatzi dituanetatik, hamar kantu aukeratu ditue Koplariak-erako.
Disko horretan oinarrituko da abenduaren 3rako, eguena, Amurizak eta Barandiaranek atondu daben berbaldi musikatua. Batak koplak abestuko ditu, eta besteak trikitixea jo, azalpenak be tartekatuta. Sartzea doban da, baina osasun egoereak behartuta, sarrerak aurretiaz hartu behar dira (hemen). Bestela, streaming bidez be emongo dabe ekitaldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!