Agus Barandiaran: 'Kopla zaharrak eta Amurizak sortutakoak batu doguz diskora'
2020-11-23 07:55 BarriketanKorrontziko arimea.
Korrontzi taldeak hamargarren diskoa aurkeztu dau Koplariak, hain zuzen be, Agus Barandiaranen (Korrontzi) eta Xabier Amurizaren arteko lankidetzea, Elkar diskoetxearen eskutik datorrena.
2004. urtean Mungian sortutako folk taldea da, Euskal Herriko musika tradizionalari gaur egungo ikuspuntua emotea helburu dauena.
2006an, Korrontzi izenburuko lehen diskoa plazaratu eben Madrilgo Nubenegra-gaz eta jentearen erantzuna upealakoa izan zan, sariak be irabazi zituen, besteak beste, Navelgasko (Asturias) 2006ko txapelketako Espainiako talderik onenaren saria eta 2008an, Malagako Eurofolk Jaialdiko folk talde internazional onenaren saria.
Euskerea, euskal jantzak eta musikea mundu osoko jaialdietan ezagutzera emon ditu Mungiako taldeak.
2020an, Koplariak diskoa ekarri deusku, sustraietara bueltea, koplagintzeari musika herrikoian dauen garrantzia emoten deutsona. Entzun Ederregia zalako bideoklipa hemen.
1.- Koplariak diskoa plazan dago eta Koplariak Koplari berbaldi musikatuakaz be bazabizie. Jenteak ze harrera egin deutsue?
Oso ona. Orain hiru bat urte edo hasi ginan Xabier Amurizagaz beharrean, disko barri baterako aproposa zalakoan eta holan izan da orain harek batutako koplak eta berak sortutakoak erabili doguzalako disko barri honetan. Horrezaz gan, Amurizak koplak zabaldu gura zituan eta koplak Koplari berbaldi musikatuakaz be bagabiz, Xabier koplakaz eta neu trikitixeagaz eta herritarrek ondo hartu gaitue.
2.- Zelan otu jatzuen Xabier Amuriza taldera erakarri eta holako proiektu bat aurrera eroatea?
Xabier Amuriza ezagutzen ez dauenik ba al dago Euskal Herrian, ez dot uste. Plazerra da haregaz behar egitea, beti dauka zer erakutsi eta asko ikasi dot prozesuan. 79 urte egin ditu maiatzean eta, bertsolaritzan, liburugintzan zein itzulpengintzan egindakoak eginda eta irabazitako sariak irabazita (2019an, Eusko Ikaskuntzearen Manuel Lekuona saria irabazi eban bertsolaritzan eragindako iraultzeagaitik eta literaturan, itzulpengintzan eta euskeran egindako lanagaitik) indar eta ilusino handia dauka gauza barriak egiteko eta esan geuntsanean geugaz Koplariak diskoan parte hartzeko berehala emon euskun baietza. Dakizunez, Korrontziren % 80 edo hortik gora instrumentala izaten eta eta berbak idazten eta neu ibii banaz be, Amuriza sano egokia begitandu jakun koplak batu eta zabaltzeko. Arlo horretan baegoala zeregina pentsau genduan eta aurrera egin dogu.
3.- CD-Liburua da plazaratu dozuena, doinuak, koplak... Nor ibili da hori guztia batzen eta atontzen?
Liburura kopla guztiak batu doguz eta Amurizaren arrazoiak koplei garrantzia emoteko, lan hau egiteko. Kantu bakotxaren gaineko azalpenak agertzen dira, baita Amurizaren beraren koplak sortzeko arrazoiak be.
Ganerakoan, Xabier Amurizaren lana izan da koplak hautatzea, tradizionalak zein berak sortutakoak. Hogei bat kopla neuk be aztertu izan dodaz eta horreetatik 10 hartu doguz diskorako.
4.- Nortzuk zabizie orain taldean?
Galdames Folk Jaialdian emon genduan lehenengo kontzertua eta ordutik pasau dira urte batzuk, 16 zehatz esateko. 2009an bik edo alde egin eben, eskolak emoten eta bestelako zeregin batzuetan hasi ziralako eta orduantxe sartu ziran Kike Mora bajua, Alberto Rodriguez gitarristea, Ander Hurtado bateria eta perkusinoak eta Cesar Ibarretxe soinu injinerua. Hamar urte daroaguz alkarregaz eta gustora gabiz. Hamasei urteko ibilbidea egin dogu eta gu pozarren gagoz, aurrera egiteko gogoz.
5.- Oso oker ez bagagoz Rufino Arrolagaz hasi zinan trikitixea joten, zelan gogoratzen dozuz sasoi hareek?
Bai. Gaur egun trikitxea joten segiduten badot Rufinogaitik da; 13 urte edo nituan eta asko ikasi neban Rufinoagaz, Andrakan taberna bat eukan eta alboko gelatxuan orduak emoten genduzan, tabernan sartzen ziran bezeroak atendidu eta neugaz egotea ziran Arrolaren ardurak. Musika mundua, trikitixeagaz olgetako jarrerea eta energia, ekian guztia gazteei eskaintzeko gogoa beste sasoi batekoak ziran eta hori barruraino sartu jatan. Gaur egun indar handia hartu dau trikitixeak baina sasoi hareetan, 70. hamarkadan eta galtzear be egon zan trikitixea eta Rufinok ez eban gura holakorik.Nire eredu nagusia Rufino Arrola da baina ez dodaz ahaztuko, berbarako, Solano, Etxebarria, Aburruzaga eta Kepa Junkera, bidebatez aupadea bialduko deutsat Junkera hadiari, munduan ezaguna dan trikitilariari, geu be kanpoan ibili garenean, Kepa Junkeraren doinuak edo kontzertuak aitatzen euskuezalako beti.
6.- Musikea eta jantzak buztartu zenduezan Oinkari taldeagaz batera. Pozik geratu zinien emoitzeagaz?
Bai. Guretzako jantzak beti izan dira garrantsitsuak eta jaubetu ginanean geure musikea sano aproposa zala jantzarako, bidea egin genduan arlo horretan. Rufino esaten eustan, trikitixea joten hasi eta jantzan inor hasten ez bada, txarto joten zaizelako da. Rufinok trikitixea jantzarako musika tresnatzat eban. Orain urteak, 2008. urtean, kontzertuotan be jantzariak sartzen hasi ginan, Jon Maya eta beste batzukaz ekin geuntsan eta erantzuna upealakoa izan zan.
Oinkari Jantza taldeagaz be antzera, geure doinuen koreografiak eginda zituen eta oso erraza izan zan eurekaz behar egitea. 2009. urtean, eurek deitu eta proposamena egin euskuen ikusizuna batera egiteko. Hamaika urte joan dira eta alkarregaz gabiz oraindino, Infernuko Hauspoa, Korrontzi Jantzan lako beharrak zein oraintsu Saizarren grabetan be ibili ginanean, geugaz izan ziran Oikarikoak be.
7.- Zelan sortu zan Javier Limón produktoreagaz lan egiteko aukerea?
[Barreka] Euskal Herritik kanpo kontzertu asko emon doguz, hasierako urteetan Euskal Herrian baino gehiago egia esan behar badeutsut eta sariak be irabazi genduzan, Europako Talde Onena saria be emon euskuen 2008. urtean. Gure izena eta izana zabaltzea zan gure asmoa eta, esangura horretan, hainbat lekutatik hasi jakuzan deika eta holan ezagutu genduan Javier Limon. Flamenkoagaz eta maiteminduta dago eta produkzino lan bikainak egiten ditu baina geugaz beharrean hasteko prest azaldu zan eta 2013. urtean ekin geuntsan Tradition 2.1 diskoa atontzeari. Munduko musikariak batu eta ekarri egin genduzan Korrontzigaz joteko eta horretan gengozala, buztarketa lan handia egin euskun Javier Limonek.
8.- Hamargarren urteurrenean argitaratutako Korrontzi & Bilboko Orkestra Sinfonikoa be ez da lan makala. Zelakoa izan zan buztarketea?
Taldearen 10. urteurrenerako Hasieran gatxa izan zan. Pentsaizu tren bi batu ginan, orkestra sinfonikoa zan bat eta Korrontzi beste bat. Lan bateratua bada helburua gauza asko moldatu eta egokitu behar dira. Gure musikea musika sinfonikoaren arlora eroatea erronka handia zan baina azkenean lortu genduan eta emoitzeagaz oso gustora gagoz, baita entzuleak be. Tartean Jabier Zabala ibili zan, konpositore ezaguna, tren biak buztartu zituana, Korrontziren musikea partituratan ipini eta sinfonikoaren mundura eroan gintuan. Lan ederra egin eban.
9.- 2020an, 25 kontzertu inguruko birearen amaieran, zemendiaren 27an, Marurin eta 28an, Urdulizen emongo dozuez kontzertuak eta 2020ko Bireari amaierea emoteko, abenduaren 27an, Bilboko Campos Antzokian eskainiko dozue kontzertua. Jentearen harrerea zelakoa da?
Jentea emozionauta etorten da kontzertuotara, denporalditxua preso egon ondoren, ilusino handiz hurreratzen dira. Maskaren sasoian bizi gara eta aurrean dozuzan arpegiak ikusterik ez daukagun arren, politak izaten dira esperientziak, hunkigarriak. Kontua da ze pandemiak bazterrak astindu dituala baina 60 bat kontzertu berbatuta geunkazan eta urtearen hasieran kontzertu piloa emon arren, pilo bat atzeratu edo bertan behera itxi behar izan doguz. Garagarrilean, abuztuan eta susperraldi txikia egon zan eta hor kontzertu batzuk emon genduzan. Azken aldion be bagabiz, Koplariak diskoa aurkeztu genduan egunean, zemendiaren 20an, Lekeition izan ginan, Usurbilen be bai eta Maruri (27an) eta Urdulizeko (28an) kontzertuak be ez dodaz ahaztu gura.
10.- Mundu osoan eskaini beharreko 50 bat kontzertu zenduezan berbatuta baina pandemiaren eraginez asko bertan behera geratu dira. Italian, barriz, esperientzia ederrak bizi izan dozuez. Kontaiguzu nondik nora ibili zarien...
Italian birea egitea zan asmoa eta kontzertuak bertan behera geratu arren, aurrerago barriro deitu euskuen formato txikiagoan kontzertu batzuk emoteko. Jantza tailer batzuk egin genduzan eta horreetan erakutsi geuntsezan gure jantzak eta Euskal Herriko tradizinoa. Jantzari italiar horreek gure kontzertura eroan eta ikuskizun ederra eskaini genduan. Sarritan egiten doguz holakoak Euskal Herritik kanpo gabizenean.
11.- Maruri-Jatabeko XXII. Jantza Suelto Txapelketan eta Euskal Telebistan be ibili zara. Zelan sartzen zara holakoetan?
Rufinok beti esaten eban ohiturei eutsi behar jakela eta oraintsu jaubetu nintzan umetan Maruriko plazara joatea erromesaldia zala niretzako, jantza taxapelketak eta jantza sueltokoak ikusteko gogoz. Urtero egiten zan sueltoko txapelketea Marurin eta orain urte batzuk galbidean egoala eta, alkateari deitu eta ez zala galtzen itxi behar esan neutson. Aurten, Euskal Herriko Jantza Sueltoko txapeldunak be izan dira Marurin eta honezkero jenteak badaki Bizkaiko herri hori hitzordu garrantsitsua dala. Nik neuk be estimadu daukat Marurikoa, umeak eta gazteak bueltan ibilten dira eta oso pozgarria da hori.Udalaren babes osoa izan dogu beti eta pozarren joaten gara.
12.- Azken mezurik?
Azaldu dozun interesagaitik eta hor egoteagaitik, zuri eskerrak emon behar deutsudaz eta jentea animau gura dot gure kontzertuetara hurreratu daitezan, ezustekoak izango dira eta gogoratu geugaz batera, Xabier Amuriza izango dala
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!