'Gure Izarrak': BULEGO-ren kantu barria
2020-11-25 11:01 MusikeaAzkoitiarrek aitita-amamei omenaldia eskaini gura izan deutse.
BULEGO taldeko musikariak sasoiko dagoz: Hilabete gitxi dira gipuzkoarrek Kantu Bat single-aren aurre-estreinaldiagaz Euskal Herriko hamaikatxu txoko kartelez josi zituenetik eta, daborduko, lan barri bat aurkeztu dabe: Gure Izarrak.
Garai gatx honeetan personarik helduenek bizi daben egoereari keinu eginaz, azkoitiarrek aitita-amamei omenaldi bat eskaini gura izan deutse, kanta barri honen bitartez: Guztia zor deutsegu gure aurreko belaunaldiei; eurek erakutsi deuskuen danagaitik ez balitz, gu ez ginake gaur hemen egongo. Esan geinke eurak gure izarrak dirala eta abesti honegaz geure alboan ez dagozan hareei gugaitik eginiko guztia eskertu gura deutsegu. Azken baten, gure alboan egon ez arren, betirako gugaz dagozalako.
Alor musikalari jagokonez, balada elektroniko bat lez hasten dan kantu honetan, besteak beste, shynteak eta elektronikea gailentzen dira lehendabiziko minutuetan. Abestian aurrera joan ahala, baina, instrumentazinoa eta kantua bera indarra hartzen doaz, erritmoak bizituz eta sendotuz; azkenean, piezea ahots hutseko zati bategaz borobiltzen da, era intimo eta gozoan amaitzeko. Honezkero BULEGO taldearen bereizgarria dan pop elektronikoa jaun eta jaube da Gure Izarrak lan barri honetan.
Bideoklipari helduta, sinpletasuna gailentzen da kantuaren irudietan. Tomi abeslaria, abestiaren letratan aitatzen dan Itzurungo hareatzan ageri da, eskuetan antxinakoa dirudian bitxi bat daukalarik. Horregaz, aurreko belaunaldiei erreferentzia edo omenaldia egin gura jake.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!