Helena Goñi: 'Konfinamenduan ikusi dogu jenteak kulturan topau dauela entretenimendua'
2020-08-24 07:58 BarriketanArtistea.
Bizkaiko artistei bultzadea emon eta euren obrak publikoari hurreratzeko asmoz Foru Aldundiak antolatzen dauen Ertibil lehiaketea irabazi dau Helena Goñik (Bilbo, 1990). 2016 eta 2018ko edizinoetan be sariak irabazi zituan. Aurten, Dos retratos de Gabe en el tren izeneko lanagaitik emon deutse lehenengo saria: Kanadako tren baten ezagutu eban mutil gazte bati egindako argazkietan oinarritutako obrea da.
Izan be, argazkigintzea da Goñik gehien erabilten dauen euskarria, formatu horretan topetan ditu adierazo nahi dauena erakusteko baliabideak. Sortzaile gehienei moduan, berari be sakon eragin deutso Covid-19aren pandemiak, eta, beraz, 2020ko Ertibil irabazi izanak arnasea emon deutso.
1.- Ze historia dago Ertibil lehiaketara aurkeztu dozun argazkiaren atzean?
Txikitan urte eta erdiz bizi izan nintzan Kanadan, eta beharrizana neukan hara bueltetako. Neuk bakarrik ekialdetik mendebaldera zeharkatu neban herrialde osoa, trenean. Torontotik Edmontonera joateko lau egun eta hiru gauko bidaia zan trenez, eta Torontoko geltokian ikusi neban lehenengoz Gabe, argazkiko protagonistea. Deigarri egin jatazan haren ule berdea eta arpegikera berezia. Kasualidadez, Gabe eta haren amaren aurrez aurre jesartea tokau jatan trenean. Ezinegon handiz egoan Gabe trenean, bidaia luzea zalako, wifirik ez egoan, eta 13 urteko mutil bat zan, pentsau. Denporea pasetako, alkarri argazkiak egiten hasi ginan, eta holan sortu jatan erretratu honeek egiteko asmoa.
2.- Zergaitik begitandu jatzun Gabe zure proiektu artistikorako modelo aproposa?
Agertzen eban jarrerea berezia zan: Argazki baten arpegia estali guran dago, eta bestean harridura arpegia dauka. Deigarria egin jatan bera fase anbiguo baten egoala, haren ezaugarri fisikoei begiratuta ez egoan garbi umea zan, mutil gaztea... Tarteko puntu horretan egoalako interesetan jatan, batzuetan ume baten erreakzinoak eukazan, baina gero helduen interesak be bai. Zehaztu bako fasean egoan.
3.- Argazkiak dira artelan honen euskarria. Eroso zagoz formatu horretan?
Bai, argazkia da nire tresna artistiko nagusia. Lantzean behin beste disziplina batzukaz buztartzen dot, adibidez bideoagaz edo performanceagaz. Duda barik, argazkigintzeagaz disfrutetan dot gehien. Ganera, ahalegintzen naz argazkigintza analogikoan behar egiten, era horretara ez daukat berehalako feedback-ik, momentuan ezin dot jakin zer egiten nabilen, tarte bat dago argazkia egiten dodanetik emoitzea ikusten dodan arte. Batez be, beste persona batzuei argazkiak egitea gustetan jat.
4.- Ertibil saria irabazi dozu Kanadan egindako argazkioi esker. Pandemia sasoian arnasea izan da zuretzat sari hau?
Ondo gogoan dot non nengoan sariaren barri izan nebanean, ez dakt ze egun izan zan, ze konfinamenduaren asteak ziran eta denporearen erreferentzia galdu dot, baina mezua irakurri neban lekua eta momentua ederto gomutetan dodaz. Apiril bueltan izango zan. Momentu txarrean etorri zan konfinamendua niretzat, Bartzelonara erresidentzia artistiko bat egiten joan behar nintzan, eta bidaia baino egun bi lehenago ezarri eben itxialdia. Plan guztiak bertan behera geratu ziran, edo atzeratu. Horregaitik, sari hau irabaztea errekonozimendua da nire obrearentzat, baina babes ekonomikoa be bada frustrazinoa baino ekarri ez deustan sasoi honetan. Sekula baino beharrezkoagoa izan da halako sari bat irabaztea. Ganera, Ertibileko saridunok egonaldi artistikoa egin ahal izango dogu Japonian, ez dago garbi noz, baina seguruenez 2021ean, eta hori be bide bikaina izango da beste kultura bateko sortzaileak ezagutzeko.
5.- Beste urte batzuetan be aurkeztu zara Ertibilera, eta sariren bat be irabazi. Gogoko lehiaketea dozu?
Asko dago hobetzeko, baina uste dot Bizkaian artistak babesteko sistema ona dogula. Inguruko beste lurraldeen aldean, erakundeek badeutse kultureari errespetua. Ertibil horren adibide ona da.
6.- Pandemia dala eta, beste sektore batzuk baino ahaztuago zagoze sortzaileak?
Beste momentu batzuetan baino gehiago ez, behinik behin. Era honetako krisiak datozanean artistak ez gaitue kontuan hartzen. Konfinamenduan argi eta garbi ikusi dogu jenteak kulturan topau dauela entretenimendua eta egunak pasetako modua, horregaitik gure sektorea ez da ahaztu behar, sortzaileak babestu behar dira. Gazteei bultzadea emon behar jake, baina ibilbide luzea dabenek be behar dabe babesa, hau ez da inorentzat be erraza. Laguntzino berezi batzuk egon diran arren, ez da nahikoa, eta ikusteko dago hurrengo urteetan ze eragin daukan pandemiak, errekorte latzak egon leitekez.
7.- Egoera gatx honetan, Euskal Herriko giro artistikoa zelan sumatzen dozu?
Jardun prekarioa da, artista asko gagoz, proiektu interesgarri eta barritzaileak lantzen, baina egoereak mugatu egiten gaitu. Azkenean geure lana sortu eta erakusteko bideren bat topetan dogu, handik edo hemendik. Uste dot mobimendu handia dagoala ikusizko arteetan, musikan... Do It Yourself (zuk zeuk egin) filosofia asko zabaldu dala ikusten dot, giro aktiboa dago.
8.- Zure hurrengo proiektu artistikoetan ze bide jorratu nahi zenduke?
Badaukadaz proiektu batzuk buruan, eta, ganera, orain dala hilebete inguru esan eusten Juan eta Pablo Otaola bekea irabazi dodala. Horri esker, lau hileko egonaldia egingo dot Pariseko Cité des Arts-en, uriagaz lotutako proiektu bat aurrera eroaten. Aste bi barru joango naz hara, birusak kontrakoa ez badino. Gogoz nago bideoa sakonago lantzen hasteko, zemendian erakusketa bat zabalduko dot Gasteizko Montehermoson eta han ikusiko da horren inguruko zeozer.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!