Helena Goñik irabazi dau 2020ko Ertibil saria

Bizkaie! 2020-08-10 13:36   Kulturea

Erakusketa ibiltaria Bilbon, Igorren, Basaurin eta Ermuan ikusi ahal izango da.

Lorea Bilbao eta artistak, Rekalde Aretoan (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak artistei bultzadea emoteko eta hareen lana ezagutarazoteko antolatzen dauen Ertibil lehiaketearen 2020ko edizinoak baditu irabazleak. Lehenengo saria Helena Goñirentzat izan da, Dos retratos de Gabe en el tren izeneko lanagaitik. 

Bigarren saria Maite Leyunek irabazi dau, Kitty & Co izenburudun proposamen artistikoari esker, eta hirugarren saria Daniel Llariari emon deutse, Be seen be safe obreagaitik. Danetara, 2020ko edizino honetan 18 artistaren lanak aukeratu ditue Ertibil erakusketa ibiltarian parte hartu deien. Gaur, astelehena, zabaldu dabe erakusketea Bilboko Rekalde Aretoan. Ondoren, Igorre, Basauri eta Ermura be eroango dabe.

Ertibil 2020ko irabazleak eta erakusketea aurkezteko ekitaldian, Lorea Bilbao Foru Aldundiko Kultura diputaduak azpimarratu dau artea, talentua eta Bizkaia buztartzen dituala ekimenak. Proiektu finkatua da, eta sormen lana Bizkaian garatzen daben artista barriei laguntzea dau helburu. Pandemiak nahi baino eragozpen gehiago jarri dituan arren, aurten 38. edizinoa bete dau Ertibilek.

Danetara 113 artistak hartu dabe parte edizino honetan, eta estilo artistiko guztietako 160 bat obra aurkeztu ditue. Hortaz, epaimahaiak lan nekeza izan dau erakusketako 18 piezak aukeratzen, eta, zer esanik ez, hiru onenak zeintzuk diran ebazten.

Epaimahaian, hain zuzen be, honeek egon dira: Alicia Fernández López, Rekalde Aretoko zuzendaria; Arantza Lauzirika Morea, EHUko Arte Eder Fakultadeko dekanoa; eta Mikel Onandia Garate, EHUko Artearen Historiako irakaslea eta edizino honetarako argitaratutako liburuaren testuen egilea.

Irabazleei, normalean, sari potoloa emoten jake: Egonaldi artistikoa Japonian, kulturen arteko komunikazinoa eta artisten nazinoartekotzea bultzatzeko. Aurten, baina, Covid-19aren pandemiak ez dau halako bidaiak egiteko tarterik ixten. Beraz, 2021era atzeratu dabe.

Erakusketa ibiltarian parte hartuko daben artistak: Helena Goñi, Maite Leyun, Daniel Llaria, Asier Aguayo, Raquel Asensi, Nora Aurrekoetxea, Detrito la muela, Guido di Marzio, Jone Elorriaga, Nerea Garro, Ibon Landa, Joaquín Pedro Gómez, Ibai Madariaga, Miel Oyarzabal, Amaia Molinet, Rubén Pino, Nahia Ruiz, Ander Sagastiberri, Alberto Eguiluz eta Ane Seijas.

Erakusketen datak:

- Bilbo (Rekalde Aretoa): Abuztuaren 10etik urriaren 12ra.

- Igorre (Kultur Etxea): Urriaren 14tik zemendiaren 8ra.

- Basauri (Ariz Dorrea): Zemendiaren 10etik 29ra.

- Ermua (Lobiano Kultur Gunea): Abenduaren 1etik 29ra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu