Malen Amenabar: 'Gure lanaren balioa justifiketan ibili beharra ez da erosoa'

Dabi Piedra 2020-08-17 07:55   Barriketan

Ilustratzailea.

Peru Abarka lehiaketearen 2020ko edizinoa irabazi dau Malen Amenabarrek, ilustrazinoaren atalean, Kaiola izeneko proposamenari esker. Ipuinen atala Yolanda Larreategik irabazi eban, eta kontakizun hori eta Amenabarren marrazkiak udagoienean plazaratuko ditue, album eder batean batuta.

Konfinamendua ez da sasoi erraza izan sortzaileentzat, baina Amenabarrek dino apurka-apurka lehengora bueltetan doala bere jardun profesionala. Txakur Gorria sormen kolektiboko kide izateak asko lagundu deutso aurrera egiten, baita bakarkako lanari ekiteko eskarmentua hartzen be. Ilustratzailearen lanaren atzean dagoan ahalegina aldarrikatu dau.

 

1.- Pandemia bete-betean jaso dozu saria, arnasea emon deutsu horren momentu gatxean?

Bada egia esan, bai. Proiektu barriek ilusinoa biztuten deuste beti. Etxetik urten ezinda gengozanean irakurri neban Yolandaren testua. Lehen irakurketan bertan engantxau nintzan. Oso ederra da eta ilustratzaileoi gure interpretazinoa sortzeko aukerea emoten deusku. Horrek motibau ninduan gehien. Gurasoen etxean pasau neban itxialdia eta amagaz konpartidu neban sortutako lehen idea. Polita zala begitandu jakun eta aurrera egitea erabagi. Eta orain pozik nago, egia esan.


2.- Kaiola lanean nondik nora heldu deutsazu Yolanda Larreateguiren istorioari?

Kontakizuna emakume baten ahotsetik jasoten du irakurleak. Bigarren persona bati zuzentzen jako eta bere bizitzako bizipenak kontetan deutsaz. Bere bizitzearen errepaso antzeko bat egiten dau Haritz zaharrera doan bitartean. Bidaia antzeko bat da, beraz, istorioa. Nik bidaia horri heldu deutsat. Baso batean egingo dan ibilbideari. Pertsonaiaren bizipen desbardinak basoko elementuakaz irudikatzen nabil. Haritz zaharrera helduko dan arte. Eta han... ez dot spoilerrik egingo.


3.- Halako enkargu baten, ilustratzaileak zenbateraino sartu leike beretik, testuari fidel izateari itxi barik?

Ni saiatzen naz testuari dauen espazioa ez kentzen. Hau da, testua irakurri, aztertu eta honen interpretazinoa egiten dot. Testuari fidel izanda, jakina. Album ilustraduak horretan dira aberatsak. Idazleak zeozer kontetan dau eta ilustratzaileak beste buelta bat emoten deutso idatzitakoari. Asko gustetan jat idazleak testua idazterakoan buruan zein irudi sortuko ete dituan pentsetea. Oso desbardinak izango dira Yolandaren lehen ideak eta nireak, seguru. Ea gustetan jakon azken emoitzea.


4.- Orain albuma egin behar dozue. Alkarlanean zabiz Yolandagaz? Zelakoa izango da prozesua?

Hilabete inguru da sariaren barri emon eustela eta orain ilustrazino barriak sortzen nabil. Egia esan, ez naz Yolandagaz hartu-emonetan jarri. Emoitza amaituak ikusten hasten nazenean bialduko deutsadaz ilustrazinoak. Azken aldian kolektiboan lan egin dot batez be eta pozik nago bakarrik lan egiteko aukera honegaz. Baina laster helduko da beste autoreagaz lana konpartiduteko momentua.


5.- Arlo profesionalean zelan eragin deutsu pandemiak?

Zurrunbilo bat izan da danontzat pandemia hau. Zer esanik ez, kultur munduan lan egiten dogun sortzaile, antolatzaile eta teknikarientzat. Nik Txakur Gorria kolektiboan eta Lanku kultur zerbitzuetan egiten dot lan. Proiektu personalak be badodaz. Marti erdialdean dana jausi zan bapatean. Gogorra izan zan mundua geratzen ikustea, egia esan. Baina, ahal izan dogun moduan lanean jarraitu dogu eta orain egoera hobean gagozala esan geinke.


6.- Pandemiaren aurretik be, sortzaileen egoera ez da on-ona izan. Ze hutsune ikusten dozuz zuen lanbidea duintzeko?

Ilustratzaile nazen aldetik, esan neike bidea ederra bezain gatxa izaten dala. Gaztea eta barria bazara, are gehiago. Lanak argitaratzeko ez dogu aukera gehiegi izaten. Ez baldin badozu Peru Abarka edo antzeko lehiaketa bat irabazten. Sortzaile pilo bat gagoz Euskal Herrian, idea eta proiektu pilo bategaz. Horreek plazaratzeko bidelagunak izatea ederra litzateke. Guk, adibidez, horregaitik sortu genduan Txakur Gorria, geure lanak argitaratzeko. Pixkanaka egin dogu bidea eta kanpoko eskariakaz fakturatzen dogun diruari esker bagoaz aurrerantz. Beti hartzen dogu lan propioak egiteko tartea. Egia esan, gustatuko litzakit horretarako denpora gehiago izatea, baina, ekonomia aldetik burujabe izatea ez da erraza. Kanpoko eskarien eta gure lanen arteko oreka bat bilatzen gabiz orain.


7.- Online mundu honetan badirudi sorkuntza guztiak libre eta doban zabaldu behar dirala sarean. Gatxa da ilustrazino baten atzean dagoan lana ulertarazo eta ikusiarazotea?

Sorkuntza lanak baloretea gatxa egiten da askotan. Sentidu izan dogu gure lanaren balioa justifiketako beharra. Eta ez da bape erosoa. Ganera, ilustrazino lanak bigarren mailakotzat hartzen dira gehienetan. Zelanbait testuak apaintzeko izango balira lez. Eta hori ez da holan. Ordu asko pasetan doguz lanean. Edozein ofiziotan lez. Lan asko eginda eta disziplina izanda urteten dira emoitza onak.

 

8.- Kartelgintzan be lan asko egiten dozuz, zer emoten deutsu jarduera horrek?

Kartelak sortzeak asko emoten deust. Orain arte gehien landu izan dodan alorra da. Gustura jarduten dot. Gustetan jat irudi bakarrean zeozer kontetea. Kartelak be kontakizunez beteta dagoz. Irakurtzen jakin behar...


9.- Txakur Gorria kolektiboko kidea zara, zertan da proiektua une honetan?

Lehen esan dodanez, zurrunbilotik urteten gabiz. Subertea izan dogu, hurrengo hilabeteetarako proiektu barriak sartu jakuzalako. Eta autoedizinoa lantzen be hasiak gara. Durangoko Azokeari begira egoten gara garai honeetan. Aurten be aterako dogu lan barri bat. Urte berezia izaten dabil eta pixkanaka goaz aurrerantz. Baina bagoaz, eta hori ez da gitxi.


10.- Esperientzia kolektiboak ze ekarpen egiten deutso sortzaileari?

Niri dena emoten deust. Lana, ilusinoa, babesa, zalantzak, buruko minak eta poz asko. Iruditzen jat bide kolektiboa egin barik ez neukela bide indibidualik jorratuko. Asko, asko, asko ikasten nabil. Indibidualismoari apologia egiten deutsan jendartean bizi gara. Eskerrak auzo-lanean sinisten daben proiektuak doguzala Euskal Herrian.


11.- Bertsotan ikusi izan zaitugu. Mundu horretan segitzeko asmorik bai?

Bai, badaukat asmoa. Bertsotan hasi nintzan sormen mundura sartzen, 12 urtegaz. Plaza batzuk izaten dodaz urtean eta esango neuke ikasten nabilela oholtza ganean eroso sentiduten. Bertso saio txikietan, musikatuetan... oso ondo pasetan dot. Kide bikainak izaten dodaz ondoan, ganera. Ezin da gehiago eskatu. Orain Bizkaiko Txapelketea jatorku. Orain dala urte bi pasau neban bezain ondo pasetan baldin badot, pozik igongo dot oholtzara.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu