Kolaboratzaile barria Bizkaie!-n: Amaia Larruzea

Bizkaie! 2020-08-13 12:49   Ibilian-ibilian

Mendia, abenturea eta bidaiak jorratuko ditu hilean birritan.

Gurean hasiera-hasieratik, 2002tik, egon dan kolaboratzaile bakarrak, Zigor Aldamak, agur esan deusku garagarrilean, Txinan makina bat urte pasau eta gero bertora bueltauko dalako. Agur horrek, baina, beste ondoetorri bat be badakar beragaz, izan be, Amaia Larruzea zornotzarra izango dogu aurrerantzean bidelagun Bizkaie!-n. Zigor Aldamaren bideari segiduta, urruneko kontuak ekarriko deuskuz batzuetan, baina hemengo inguruko parajeetako sekretuak be sarri erakutsiko deuskuz. Mendia, abenturea eta bidaiak izango dira Ibilian-ibilian atal barriaren ardatzak.

Naturea eta kirola txikitatik izan ditu gustuko Amaiak, baita idaztea be. Saskibaloian ibili zan luzaro, baina azken urteotan mendiko ibilaldiak, martxak eta antzekoak ditu zaletasun nagusi. Aitagandik natureagazko eta mendiagazko maitasun handia jaso izan dot, aitatu deusku gure kolaboratzaile barriak. Umetan gurasoakaz eta nebeagaz autoan joaten ziran Europako txoko urrunetara, leku barrien bila, hurrengo egunean non egingo eben lo jakin barik.

Geroago be bidaia ikusgarriak egindakoa da. Nepalen, Everesteko Beheko Kanpalekuan egon zan, Alex Txikonen espedizinoan, negu gorrian. Halandabe, azkenaldion beste filosofia hau be badarabil: Etxekoa maitatzeko etxekoa ezagutu behar da. Eta hor dabil, Euskal Herriko eta Pirinioetako paraje ezkutuak ezagutzen eta txoko barriak bilatzen. Ez naz geldirik egoten dakienetakoa, onartu dau. Pirinioak alderik alde zeharkatzea dau helburu orain, etapaka.

Askatasuna, superazinoa eta norbere burua hobeto ezagutzeko aukerea eskaintzen deustez natureak, mendiak eta leku barriek, kontau deusku. Jente gitxi dabilen lekuetara joaten ahalegintzen da, masifikazinoetatik igesi eta lasaitasun bila.

Kazetaritzea be pasinoz bizi dauen lanbidea da: Ikaragarri maite dot idaztea, txiki-txikitatik argi euki dot kazetari izan nahi nebala, kazetari sena barruan sentidu izan dot, berbak nire parte ukaezina diran aldetik. Jakinmin handikoa nazela esango neuke, eta beraz, gauzak galdetzeak eta ezagutzeak bete egiten nau.

Hain zuzen be, zaletasun handi biok buztartuko ditu Bizkaie!-n, hau da, kazetaritzea eta leku barriak ezagutzea. Beste proiektu batzuk be baditu esku artean, esate baterako, Mendialdiak ataria, orain dala zazpi urte unibersidaderako lan legez sortua, eta dagoeneko blog mamintsu bihurtua. Atera kontuak, Mendialdiak markako erropea be diseinau eta saltzen dau gaur egun.

Webgunean ez bada sare sozialetan, egunero idazteko tartea hartzen dau. Egunero berba barrien bila ibilten naz, jakinmina lantzen eta neure gaitasunak garatzen zeozer ezberdina eskaintzeko eta sekula ez aspertzeko. Zornotzako Hilero aldizkarian kolaboratzaile da, eta EITBren webgunean egiten dau behar.

Horrezaz gan, mendiko martxa eta lasterketa batzuetan argazkiak eta bideoak egiten ibili izan da, eta Alex Txikon alpinistearen komunikazinoaren arduradun izandakoa da.

Egunotan irakurri ahal izango dogu Amaia Larruzearen lehenengo erreportajea Bizkaie!-n. Aurrerantzean, hilero kolaborazino bi egingo ditu, irakurleen gozamenerako. Bizkaie!-k eskainitako Ibilian-ibilian txoko honetan alkarregaz amesten eta txoko barriak ezagutzen jarraitu daigun konbita egiten deutsuet. Ondo etorri eta urte askotarako!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu