'18 urte baino gehiago dira Bizkaie!-n beharrean hasi nintzana'
2020-07-29 12:15 BidaideEgon ardura barik, seguru ondo egingo dozula.
Oraintsu izan zalakoan, 18 urte baino gehiago joan dira Koldo Isusik hitzordua jarri eustana jaioteko egoan proiektura batu eta bidaien gaineko kronikak idazteko konbita eginez. Proiektua ez zan edozelakoa, bizkaiera hutsean, askotariko gaiak jorratzeko lehenengo aldizkari digitala, hain zuzen be; atara kontuak, digitala, egun normaltzat hartzen dogun arren, sasoi haretan sano barritzailea zan; hamaboskari, astekari, egunkari eta etenik bako edizinoa izan ziran pausuak eta gaur egun hor dabiz sare sozialetan eta urteen porasuz egin behar izan diran diseinu, formatu eta enparauak aplikauta.
Kontuak kontu, Koldok Bidaide atalaren ardurea emon eustan nahiz eta jakin ni neu ez nenbilela bidaiari munduan, nirea gehiago zala kazetari-erreportari lana; ikasketak amaitu barik, hasibarria nintzan eta Asian barriemoile hastea zan nire amesa; egon ardura barik, seguru ondo egingo dozula esan eustan eta Bizkaie-ren I. urtean, 0 zenbakian (zenbakia ipinten jaken hasieran edizinoei), Laoseko gorabeherak, Laosko Herri Errepublika Demokratikoko pasadizoak kontau nituan. Antza gustau jaken, ze ordutik hona eten barik ibili naz Asiako kontuak jorratzen.
Bizkaie! aitzindaria izan da aitatu jarrereari eta mendebaldeko euskalkiari eusten. Harro nago Bizkaie!-ri ekin geuntsan kolaboratzaileen artean, bakarra nazelako hasieratik, etenik barik, nabilena, izan be, gitxitan huts egin deutset irakurleei.
Asiako kontuak izan dira nagusi Bidaide atalean eta markau naben anekdotak, burukominak, pasadizuak eta eguneroko barriak eta kultura zein gai sozialak jorratzeko erreportajeak be ez doguz ahaztu; gogoan izan, kazetaria nazela abenturazalea baino gehiago. Txinako kontuak be topauko dozuez Bidaide atalean, batez be, han bizi nazelako 2005. urtetik eta azken aldion XXI. mendeko barri iturri handiena dalako.
Pozarren nabil Bizkaie!-ko lagunakaz baina etapa luze eta emonkorra izan bada be, agur esateko ordua be etorri da; testu hau izango da hazten ikusi nauen ziberespazioko txoko honetan argitaratuko dodan azken testua. Buruari eta bihotzari makinatxu bat itaun egin ostean, aspaldi geunkan Txina, Asia atzean itxi eta Euskadira, Bilbora, jaioterrira bueltan etorteko erabagia hartuta baina pandemiaren eraginez, hegaldiak eta azken kudeaketak atzeratzen joakuz eta kostata baina nozonoz helduko gara. Azken hamarkadotan familia eta lagunartea faltan hartu izan dodaz, aita be igaz hil jakun eta arnasea hartzen gabiz; kutsadurarik be ez dogu behar eta sistema demokratikoaren faltea be hartzen dot hemen, nire beharrean trabak be igarri dodaz eta hori onartezina da.
Blbon lur hartzen ixten deuskuenean, azken urteotan Asian ikasitako guztia landu gura neuke. Kazetaritzan jarraituko dot eta indartsuenen jarrera eta jokabideak aztertzen eta behar danean, krititiketan. Hori da nire hautua: inguruan dodana begitu, entzun, aztertu eta kontau eta, jakina, gure inguruan, Euskal Herrian, makinatxu bat kontu interesgarri dagoz, Asiatik kontau dodazanen antzekoak.
Ez dakit noiz bueltauko garen, mugak zarratuta dagoz eta hegaldiak bertan behera geratzen jakuz bata bestearen atzean. Hile batzuk joan dira eta gehiago be etorri daitekez; Bizkaie!-k ez dau merezidu ziurbakotasun egoerarik eta pena handiz bada be, bada sasoia Amaia Larruzeak lekukoa hartzeko. Aurrerago zehaztuko dau Bizkaie!- atariak baina mendia eta bidaiak izango ditu ardatz atal barriak.
Koldo eta Dabi Piedra lagun handiak dira eta espero dot aurrerantzean urteroko hitzordu bakarrean baino gehiagotan batu eta disfrutetea. Seguru nago horretaz eta badakit Bizkaie! atariak hasierako helburuei eutsi eta eredu izaten jarraituko dauela.
Eskerrik asko danoi, urteotan guztiotan nire testuak irakurri dozuezanoi.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!