Koronabirusa etorri jatzu bisitan (I)
2020-02-28 08:28 BidaideAtea joten dago bateren bat...
Atea joten dago bateren bat. Ez dira pakete bat dakarren mezulariaren zentzunezko golpeak. Golpe gogorrak dira. Lehenengo atzamarrakaz eta gero eskutadaka. Emakume bi dira, goitik behera laranja koloreko trajeak, maskarea eta kapela zurruna jantzita, Shangháiko Osasun Saileko beharginak dira eta termometro laserra erabiliz tenperaturea neurtzen deutsue. 36,3 gradu. Dana ondo. Jarraian galdeketea hasten da:
- Zure datu personalak behar doguz. Esaiguzu azken asteotan non egon zaren eta Shanghaitik urtetako amesik ete dozun.
- Mesedez, ez gorde daturik. Bestela zigor gogorrak dagoz aurreikusita adierazo dau aurretik betetako formularioagaz batera nortasun agiriari erretratua atarako deutson emakumeak.
- Hubei probintzia egon zara? Hango bateren bategaz egon zara? itauntzen deustie alboko pisura joan aurretik.
Pasabidean lejia hatsa dago. 24 miloe herritar diran urian gune publikoak egunean birritan garbitu edo desinfektetan ditue. Igogailuko botoiak plastikoz tapauta dagoz eta sarri alkoholagaz garbitzen dira. Eraikinetik sartu eta urtetako ateak zarratuta dagoz. Barrura sartzeko egoiliarra izatea nahitaezkoa da eta, beraz, paketeren bat heltzen dan bakotxean, kalera joan behar da bila.
Azpiko kolore gorrian, berbak beilegiz idatzita, Agintariei jaramon egin. Danok batera jokatuz irabaziko deutsagu koronabirusari lako mezuak edonon dagoz. Hori gitxi ez eta atean bertan jarritako oharretan egoiliarrak izena emoteko webgunearen ganeko informazinoa dago, maskarak non erosi, aholku eta bestelakoakaz. Sarean datu danak idatzi ostean, Gobernuak mezua bialtzen dau maskarak non eta ze ordutan erosi (Familia bakotxeko bost) baina maskara faltea handia danez, txandaka erabilten ditue kalera joan eta gitxieneko erosketak egin ahal izateko. Kontuak kontu, ez da harritzekoa normalean jentez ganezka egoten diran kaleak zein jubilatuek jantzan egiteko erabilitako lekuak hutsik ikustea. Parkeak be zarratu egin ditue. Jente pilaketak ebitau egin behar dira. Bezerorik ez dagoanez, denda eta jatetxe asko zarratuta dagoz. Ule-apaintzailerik be ez dago. Hamen, hor edo han, andra-gizon batzuk, sano kargauta jateko eta enparauakaz. Okela freskorik ez dago baina zorionez jateko faltarik ez dago.
Sarbide publikoko eraikin guztietan behargin bat egoten da, termometroa eskuetan, sartuko dan personeak kalenturarik dauen ala ez egiaztatzeko. 37 gradutik gorakoa badauka, bigarrenez jarten jako termometroa eta erantzuna lehengoa bada, agintariei deitzen jake. Medikuek erabagiten dabe koarentenea edo berrogeialdia egin beharko dozun azaldu dau Ogasuneko egoitzara sartzen diran guztien tenperaturea hartzen dauen beharginak.
Pasa dan urtarriletik 2019-nCoV koronabirusaren epidemiak hankaz gora jarri dau mundua. Txina zurtz eginda dago eta Ilargi-Urte Barriko oporraldia bigarrenez luzatu ostean, apurka apurka beharrean hasi dira herritarrak. Baina gizateria birrindu leiken birusa protagonista izan daiteke Hollywood-eko superprodukzino apokaliptikoetan. Zorionez, joandako abenduaren 11an, Wuhan urian identifikautako koronabirusa indarra galtzen doala esan daiteke. Halan da be, Zhong Nanshan, Gobernuak bialdutako espezialistearen aurreikuspenek ez dakarre gauza onik, izan be, epe laburrean, 3.000 izan daitekez hildakoak eta 80.000 baino gehiago kutsatutakoak. Baina kutsadurearen gehieneko mailea jo ostean, beheranzkoa izango ei da jokerea.
Jakina, badira aurreikuspen ezkorragoak be. Asia eta Europako zientzialarien predikzino eredu berezien arabera, munduan 200.000 lagun kutsatu daitekez. Txinako heriotza-tasea % 2koa izanik, Osasunaren Mundu Erakundearen eta espezialista txinatarren kalkuluen arabera, 4.000 persona hilko litzatekez, 2002-2004 bitartean, SARS-ek eragindako hildakoak baino bost bider gehiago.
Goizero, izartu eta egiten dodan lehenengo gauzea kutsatu eta hildakoen ganeko datuak eguneratzen dituan webgunea aztertzea da, azaldu dau Xu Meilian, Shanghaiko gazteak. Hasieran gitxi ziran egun batetik bestera. Aurrerago, barriz, hamarnaka ziran hildakoak eta milazak kutsatutakoak. Orain, ostera, ehun inguru dira hildakoak egunero; Oso gitxi joaten naz kalera, hiru bat aste izango dira kalean, jatetxeetan eta jaten ez dodana eta lagunakaz baten baino ez naz geratu. Hasieran pentsetan genduan bizimodua zorroztasunaren muturrera eroanda bizi ginala baina Gobernuak infekzinoaren erdigunetzat hartzen dan Hubeiko uri batzuk zarratzea erabagi ebanean, kontua serioa zala jaubetu ginan adierazo dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!