Hong Kong hil egin da
2020-05-26 10:53 BidaidePekinek kitu esan dau, pazientzia amaitu jako.
Coronabirusari zein Hong Kongeko protestei aurre egiteko gogor jotea beharrezkoa da. Donald Trumpen eten bako erasoak indar barik ixteko zein Askapenerako Herri Ejerzitoa indartzen eta eguneratzen jarraitu, besterik ez dago. Pandemiaren eragin sozioekomikoak gainditzeko diru gehiago gastetea lako botikarik ez dago, aurten indar handiz ekin behar jako pobrezia gorriaren arazoari, bederatzi miloe lanpostu sortu deiezan enpresak babestu eta lanbakotasun taseari % 6ren azpitik eustea dira neurriak.
Txinako egoerea deskribiduteko yin eta el yang horrek ez dau balio; mandarin hizkuntzan krisia (危机) berbea adierazoteko 'arriskua' eta 'aukerea' kontzeptuak erabilten dira. Txina oporretan baino bisitau ez daben ABC-ko Txinako gaietan adituen topikoak baino ez dira baina sano erabilgarriak dira hile biko atzerapenagaz, Txinako erakunde legegile gorena, hau da, Herri Asanblada Nazionala zehazten dagoan ibilbiderako.
Aurtengo hitzordu politiko nagusiaren iraupena murriztu egin da SARS-Cov-2 bildurgarriaren erruz baina Txinak hurrengo urtebetean egingo dauen ibilbidea zehazteko orduan makinatxu bat izan dira ezustekoak. Garrantsitsuena eta tirabira handienak eragin dituana Hong Kongen Segurtasun Nazionaleko Lege polemikoa indarrean sartzea izan da, hori guztia, eztabaidarik barik eta parlamentu autonomikoak botoa emon barik legean aurreikusitako igesbide bati esker: APN-k (Kolonia britainiar ohia gobernetako konstituzino txikia lakoa) datozen egunetan proponidu eta onartuko dau Oinarrizko Legera batzea, izan be, horra batuta dagoz urian zuzenean aplikau daitekezan Txina kontinentalaren arauak.
Egungo egoereari erreparauta, Konstituzinoak autortzen deutson jarduerea bideratzen baino ez dago ANP, Hong Kongen segurtasun nazionala bermatzeko. Oso beharrezkoa da adierazo dau Zhang Yesui-k, Txinako Gobernuko bozeroaileak herrialdeko hitzordurik garrantzitsuenaren aurreko prentsaurrekoan. Arau barriari esker jarduera sezesionista danak, esku-hartze atzerritarrak zein finantza gunean egin daitekezan ekintza terroristak galarazoko dira.
Duda barik, Pekínek kitu esan dau, pazientzia amaitu jako: Hong Kong erabiltea Txinari kalte egiteko onartezina da zehaztu dau Wang Chen-ek, APN-ko Batzorde Iraunkorreko presidente ordeak. Orain urtebete hasi ziran Hong Kongen komunismoaren kontrako protestak eta Txinako agintari batzuen eretxiz, AEBetako indarrak dira horren guztiaren erantzule. Testuinguru horretan, Oinarrizko Legeko 23. atikuluak agintzen dauenez, Erakunde Legegilea ez da kapaz Segurtasun Nazionaleko Legea onartzeko eta Alderdi Komunistea prest dago zirt edo zart egiteko.
Txinako agintariek adierazo dabenez, legea persona zehatz batzuei aplikauko jake, sistema ekonomikoan eraginik ez da izango baina erabagia ez da demokraziaren aldekoen gustokoa izan: Hong Kongen akabua da, adierazo dau Human Rights Watch erakundeak. Mekanismo hori erabilita Pekinek alde bakarreko neurriak ezarri leikez Hong Kongen ezelako legegintza-zenbaketa barik adierazo dau Joshua Wong-ek, Goardasolen Iraultzako liderrak. Administrazio Lurralde Bereziko alderdi demokratikoetako agintarientzat sistema biko herrialdea ereduaren kontrako atentadua da (Erresuma Batuak eta Txinak Hong Kong bueltetea erabagi eben 1997an).
Alde Biko Adierazpenaren arabera, Hong Kongek ez ditu galduko norbanakoen askatasun eta eskubideak, ezta sistema kapitalistea eta legegintza-sistemea 2047. urtera arte. Edozelan be, aitatu hitzarmena sinatu eban gobernadore britainiarrak, Chris Patten-ek uste dau Txinak ez dauela agindutakoa bete eta nazinoarteari eskatu deutso esku hartzeko: Hau guztia eskandaluzkoa da adierazo eban BBC-ri eskainitako alkarrizketan; gero eta argiago dago, Txinak ez dau zintzo jokatzen'gaineratu dau. The Times-en, barriz, Txinako autoritarismoaren aurrean, munduaren jarrera apalegia kritikau eban: Txinak gura dauen moduan ez badoguz egiten gauzak negozio aukerak galduko ditugula pentsetea azkena da; urrezko mendirik ez dago inon, ilusinoa da hori adierazo dau Txinak diktadureari ekin deutsola pentsetan dauen gobernadore ohiak. Txina bildur da iraileko hauteskunde autonomikoetan Hong Kongeko Parlamentuan kontrola ez ete dauen galduko eta horregaitik, aurrekaria ezarriz, Hong Kong Pekinetik gobernetan hasi gura dau, esan dau Martin Lee-k, Alderdi Demokratikoaren sortzaileak. Herritarren artean lege proposamenak eragin dauen bildurraren erakusgarri, VPN aplikazinoak kontratetako jokerea da nagusi, hau da, Harresi Handi Zibernetikoaren gainetik salto egiteko zein igesi doazen inbersoreak erakarteko baliogarriak diranak. Ez gara kikilduko ohartarazo dau Wong-ek Twitter sare sozialean. Dagoeneko makinatxu bat dira manifestazinoetarako deialdiak aitatu sarean eta udea bero-bero datorrela emoten dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!