Koronabirusa etorri jatzu bisitan (II)
2020-03-10 12:00 BidaideSistemearen akatsak ahalik eta azkarren zuzendu behar dira, bestela hondamendia barriro etorriko da.
Hasieran koronabisura bromatzat hartu eta gripeak jente gehiago hilten dauela esaten ebenak isilik dagoz orain. Osasunaren arloko krisia zenbaterainokoa izango dan jakiterik ez dagoan arren, bildurra da nagusi eta koronabirusa baino azkarrago dabil; batek jakin Txinak zelako eragin ekonomikoa jaso leiken eta ez ete dauen arlo politikoa be kaltetuko.
Deskalabrua da. Jenteak ez dau kalera urtetan, ez dau inork eskabiderik egiten eta aurreikusitako galerak upealakoak izango dira hemen eta munduan adierazo dau Alberto Fernándezek, Txinan Torres upategi katalaneko zuzendari-kudeatzaileak. Eragin kaltegarriak izurritea bera baino gogorragoak izango dira.
Baikorrenek dinoen legez, birusa zabaltzeari martian egiten bajako aurre, ekonomia ez da hobetuko maiatzera arte. Baina askok uste dabe urrira arte ez dala hobekuntzarik izango zehaztu dau.
Asier Bideguren, hegoaldeko Dongguaneko Ponsa fabrikako arduradunak beste arazo baten barri emon dau: Beharrean hasi ez diranak asko dira, Hubei probintzian ezarritako berrogeialdiko neurriakaitik edo bildur diralako eta ez dabelako arriskurik gura. Beharrean hastea mehatxua eta bildurgarria da askorentzat birusa
indarrean dagoan bitartean esan dau bizkaitarrak.
Mundu globalizatuan, hornidura prozesuan kate-begi bakarra apurtzea nahikoa motibo da planeta osoan krisia eragiteko eta horri bildur handia deukotso hamabost bat egun etxean preso dagoan Pedro Segoviak: Gure hornitzaileetako batek ezin badau produkzinoa martxan jarri, Euskadiko enpresa nagusiak behar
dituan piezak ezin izango doguz egin eta egoera horrek ez dau gauza onik ekarriko adierazo dau Jinhua herrian automozinorako piezak egiten dituan fabrikako eibartarrak.
Volkswagen eta Toyota lako marka handiek aurreratu dabenez, oraindino ez dira beharrean hasiko eta gastuei aurre egiteko zerbitzuak arloko enpesa askotan jentea kaleratzen edo hilebeteko lan-itxialdiak hartu deiezala agintzen be hasi dira. Aurreikuspen baikorrenen arabera, munduko bigarren indarra dan
herrialdean, hazkunde ekonomikoa % 5era joango da urteko lehenengo seihilekoan. Beste batzuen eretxiz, ez da hazkunderik izango eta atzeraldia iragarri dabe. Zientzialari eta ekonomistak bat datoz puntu bakarrean, hau da, izurritearen eragina eta zabalkundea birusaren iraupenak zehaztuko dauela.
Arriskuaren indarraz jaubetuta Txinak gogor jokatu eta berrogeialdian jarri ditu 55 miloe persona. Beste uri batzuetan neurri zorrotzak hartu ditue: Mondragon industriagunea dagoan Suzhou urian ez zituen lantegiak zabaldu joandako astelehenean, hilaren 17an eta, beraz, hilebete daroez geldi. Neurri gogor eta
zorrotzagoak hartu behar izan dira lehenago kritikau dau Xu-k. Ez da bakarra. Lekuan lekuko agintariak berandu dabiz eta Alderdi Komunistan amesgaizto politikoa biziten dagoz. Hubei lehenago ez zarratzea eta berrogeialdia egun bat lehenago iragartea burukomin handiak dira askorentzat, izan be, Wuhan-etik
bost miloe lagunek alde egin eben eta koronabirusa herrialdean errazago zabaldu zan. Herri eta probintzia mailako agintariek onartu egin dabe ez ebela azkar eta zentzunez jokatu baina okasinorako ezarritako protokoloek be erabagiak hartzea atzeratzea eragin ebela esan dabe.
Edozelan be, Alderdiak golpe handia hartu dau Li Wenliang-en heriotzeagaz. Hilaren 6n hil eta Txinako gizartea hankaz gora jarri zan. 34 urteko oftalmologo honek eta beste zazpi mediku zigortu egin zituen, abenduaren 30ean, SARS-en antzeko birusa atzemon eta ezinegona eragin ebelako. Arriskua benetakoa zala
jakin arren eta zurrumurrurik ez zabaltzeko hatz markakaz agiria sinatzea ezarri eutsien baina Li-k 2019-nCoV izurriteari aurre egiten jarraitu eban Wuhan urian. Glaukomearen kontrako burrukan kutsatu eta orain heroi bihurtu da herritarrentzat eta burukomin, barriz, Gobernuko agintarientzat.
Kontuak kontu, gizartea oso hasarre dago eta ez dau gura barri txarrak eta arriskuak zabaldu beharrean, horreek isiltzeko erabagia hartzen dauen eredu politikoagaz; oso hasarre nago eta ez naz bakarra. Gobernuak azalpenak emon behar ditu azaldu dau izenik emon ez dauen propaganda saileko funtzionario
batek. Entzun izan bagenduz, bizi asko salbauko genduzan esan dau eta erabagien erantzukizuna bateren batek hartu beharko dauela. Alderdi Komunistako Diziplina Batzordeak lantalde bat bialdu dau jazotako guztia argitzeko eta ezustekorik ezean, Hubei-ko agintari politikoak kanporatu egingo ditue. Sistemearen akatsak ahalik eta azkarren zuzendu behar dira, bestela hondamendia barriro etorriko da, adierazo dau funtzionarioak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!