Txina astiro doa normaltasunerantz
2020-04-06 07:55 BidaideEgoera normala edo lehengora bueltetea sano gatxa izango da.
Hile bi goitik behera zarratuta egon ondoren, pasa dan zapatuan zinemak zabaltzekotan ziran Shangháin: Birusa kutsatzeko arriskuari aurre egin guran, agintarien eskabideari jaramon eginez, sarrerak hartzeko lehiatila zein webguneetan jesarlekuen mapea aldatu genduan ikusleen artean gitxienez leku bat libre itxi eta leku hori blokeetako amesagaz adierazo dau Li-k, Wanda zinema kateko beharginak. Halan da be, sarrera pilo bat saldu eta ateak zabaltzeko oso gitxi falta zanean, alboko probintziako, Zhejiangeko zinema-areto entzutetsuenean kutsadura kasu bakarra izan arren, aretoa ez zabaltzea erabagi eben. Kontuak kontu, zinema-aretoak zarratuta dagoz oraindino, baita jente pilaketak egon daitekezan aisialdirako beste leku batzuk be. Zorionez, parkeetara sartzea ez dago galarazota. Gobernuak iragarri dau milazak sarrera erosi eta laguntzeko prest dagoala baina industriak hartu dauen zartakoa upealakoa da esan dau Li-k.
Txinak ez dau susturik gura eta tentu handiz dabil erabagiak hatzen. Lekuan lekuko kutsadura kasu gehienak indarrik barik itxi ostean, Alderdi Komunisteak enpresa jarduereari ekiteko agindu dau baina barriro birusa agertu ez daiten neurri zorrotzak hartuta. Zientzialariek jakinarazo dabe leitekeana dala bueltan birusak erasotea eta, horregaitik, ohiko jardunetara bueltea astiro egiteko abisau dabe. Giro horretan, zinema-aretoetan jazotakoen antzekoak beste arlo batzuetan be agertu daitekezala ohartarazo dabe.
Ekialdeko Perlaren Torrean, Shanghaiko etxeorratz esanguratsueneko arduradunek be badakie hori: joan dan hilaren 18an, leku turistikoen artean, neurri zorrotzakaz, ateak zabaltzen lehenengoetarikoa izan zan baina koronabirusaren eraginez, hilaren 30ean, astelehenean, barriro zarratzea erabagi eben, bestelako zehetasunik emon barik. Eta bardin pasau da Txinako uriburu ekonomikoan be, Jin Mao Torrean eta Madame Tussauds argizari-museoan.
Badagoz kasu harrigarriagoak be, izan be, erdialdeko Sichuan probintziako Ghegdu uriko karaoke areto batek baimena jaso eban zabaltzeko baina ia berehala kendu egin eutsien: Lehenengo kantua maitu barik gengozala lokala zarratzeko agindua iragarri euskuen adierazo dau Zhang Xiaowu-k, atoan planak aldatu behar izan zituan gazteak.
Manufaktura-enpresen egoerea be ez da ona. Lantegi gehienak martxan dagoz baina neurri zorrotzak bete ostean, berbarako, behargin guztientzako maskara eta eskularruak behar izan ditue eta lanpostuen arteko distantzia gorde: Zabaltzeko baimena hartzeko kontu-ikuskaritza zorrotza egin behar da esan deusku Antxon San Miguelek, Ningbo-n, Tucai enpresako arduradunak. Hortik aurrera, edozein behargin gaixotzen bada, nahikoa motibo izango da, baimena kendu eta enpresea zarratzeko. Baten baino sarriagotan jazo da, berbarako, Ilargi-Urte Barriaren ondoren, zezeilaren 9an, beharrean hasi zan Guangzhou-ko bulegoa nabarmendu behar da. Astebete aurrerago, beste enpresa bateko beharginetako batek COVID-19 birusaren sintomak izan zituan eta berrogeialdian sartu ziran danak. Oraintsu hasi dira beharrean.
Gauzak holan dirala, kolektibo batek arazo handiak izango ditu normaltasunera bueltetako: epidemiaren erdigunea izandako Hubeiko bizilagunak, beste probintzia batzuetan behar egiten dabenak, hain zuzen be: Inork ez ditu kontratau gura koronabisuraen bildurrez. Guri esan deuskue ia prest egongo ginatekeen behargin horreek hartzeko eta nik neuk ez neuke arazorik izango osasuntsu badagoz. Kontua da ze orain momentuan ez dogula behargin preminarik azaldu dau Asier Bidegurenek, Ponsa enpresa kataluiniarrak Dongguan urian dauen lantegiko arduradunak.
Birusa nork dauen eta nork ez zehaztea ez da erraza. Tang abizeneko gizon batek LED argiak eregiten dituan enpresan beharrean hasteko Adayo urian, hegoaldeko Guangdong probintzian, Hubei-tik Huizhou-ra bidaia egiteko baimena jaso eban pasa dan hilaren 17an; inorentzako arriskutsuak ez diran lagunentzako kode berdea patrikeran, familiako batzuekaz batera, kotxez ekin etson bideari: hilaren 22an, beharrean hasi eta hiru egun aurrerago, auzo-batzarrak gizonari koronabirusaren azterketea egiteko eskatu eta positibo emon eban. Kontuak kontu, lerrook idazten dabilen kazetari honek aitatu enpresako arduradunakaz bat egiteko ahaleginak ez dau emoitzarik eragin, hau da, ez dabe barria ezeztatu baina adierazpenik ez dabe egin gura izan. Ustez, kutsatutako baina sintomarik bako askoren artean Tang da bat: COVID-19 birusaren sintomarik ez dauen arren, kutsatu egin da eta gainera haregaz kontaktuan izandako 70 bat lagun kuarentenan sartu ditue. Hauxe da enpresa askok ebitau gura dabena kostua oso handia dalako. Gorabehera ekonomikoa oso larria da, lantegi askotan jentea kanporatzen dabiz eta jente asko bildur da Hubei-ko herritarrak ez ete diran kaltetuenak izango; esangura horretan, sindikatuek adierazo dabe aitatu probintziakoa izatea ez dala nahikoa arrazoi lanetik inor kanporatzeko.
Txina ohiko giroa berreskuratzen dago kaleetan baina jakitun da osasun arloan izan dan zartakoak eragin ekonomiko larria ekarriko dauela: Txinan dana zabaltzen hasi dira baina zarratu be zarratu behar izan dabe beste kasu batzuetan, ekialdean birusa gogor joten dabilelako, izan be, maskara eta birusagaz lotutako objektuak egiten dituenak kenduta, sekulako egoera larria bizi dabe eskabideak bertan behera geratzen jakezalako zehaztu dau Luis Galánek, 2Open, merkataritza elektronikoan espezializautako enpresako sortzaileak eta, beraz, egoerea normala edo lehengora bueltetea sano gatxa izango da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!