Birusa arte Txinan (eta II)
2020-06-26 11:52 BidaideTommy Fung-ek umore baltza eta kritika soziala erabili ditu Instagrameko Surrealhk profilean argitaratzen dituan erretratuetan.
Koronabirusak desesperazinoa edo ernegazinoa eragin dau munduan eta artearen munduak, Txinako sortzaileek be igarri dabe kaltea. Konfinamenduan sortutako obretan ikusten da bildur-ikareak bahitutako gizartea. Edvard Munch-en Oihua obra ezagunaren bersinoa egiteko Wu Guoyong-ek erabilitako erretratuen collage bereziak ondo islatzen dau giro hori: Mila familia proiektua osotzeko Fengmian plataformara bialdutako erretratuetan koronabirusak zuzenean edo zeharka kaltetutako herritarrak agiri dira: Herritarrak jota egozan eta obra kolektiboa egitea pentsau neban. Normalean, Urte Barri egunean familiako senitarteko danak agertzeko erretratuak egiten ditue eta, beraz, holako erretratuak bialtzeko eskatu geuntsen herritarrei kontau eutson Wu-k SupChina-ri. Erretratugileak berez bildurgarriak ez diran erretratu horreek erabili zituan (2020ko izurritea kanporatzeko erritua) izenburuko oihu kolektiboa sortzeko.
Hong Kongeko Tommy Fung artisteak umore baltza eta kritika soziala erabili ditu Instagrameko Surrealhk profilean argitaratzen dituan erretratuetan; ikusleek gustora hartzen ditue, berbarako, maskara barik estula egiten dauen herritarrarena edo alienigen etxurako baten arpegian adurra darien tentakuluak erakusten dituana. Bien bitartean Hong Kongen obran, barriz, jente piloketea ikusten da, Kataluniako castells ospetsuetan legez, tontorrean maskara bat hartu guran burrukan dabizen batzuk erakusten dituana.
Herritarrek koronabirusaren aurren dituen erreakzinoak nire obrak baino surrealistagoak dira. Jentea desengainauta dago Hong Kongeko gobernuak neurriak hartzeko izan dauen patxadearen aurrean. Edade nagusikoak eta kili-kolo eta diru-iturri eskasekoak dira kaltetuenak eta gobernuak maskara ziztrina be ez deutse emon kritikau eban oraintsu Fung-ek Forbes-egaz izandako alkarrizketan. Hong Kong osasun arloko krisia ondoen kudeatu dauena izan arren, Fung bat dator Badiucaogaz eta hanka biko koronabirus bihurtuta komunismoaren kontra protestetan dabenei egurra emoten deutse poliziak.
Duda barik, pandemiak bidea zabaldu deutse artistei eta, esangura horretan, UCCA, Pekingo Arte Garaikidearen Zentroak maiatzean inaugurautako lehen erakusketea Emergentzia gogoetak izenburukoa da; horra batu ditue herrialde ezbardinetako 26 sortzailek pandemia indarrean egon dan bitartean sortutako lanak, egungo errealidadeari erreparautako lanak, hain zuzen be. Zoritxarrez, udagoienerako eta udarako aurreikusitako beste erakusketa batzuk atzeratu egin behar izan ditue adierazo dau aitatu erakundeak.
Artista txinatarrak pozik dabiz aspaldion. Maoren herria izan da koronabirusaren erasoa jaso dauen lehenengoa: Gure ohiko egitekoak edo errutinak galtzen joan gara, iges egiteko aukerarik ez dogu izan eta ikusten ez genduzan gauzak bistan geratu dira adierazo dau Zhang Hui-k, EFE agentziak argitaratutako lepoz dagozan erizain bi erakusten dituan erretratuaren egileak. Persona bakarra salbetea ez da bidea, horrek kostua dauka. Gure desio, pasino eta planak zein gure ohiko bideak baztertu doguz eta arteak oinez zoazela, jausi eta azpian dagoana erakutsi behar dau arteak. Koronabirusak balantzaka itxi gaitu eta oraina eta geroa markauko dituan errealidadearen kontra joteko aukerea dago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!