XXI. mendean hegemonia helburu (II)
2020-01-03 09:35 BidaideTxina gaiztoa dala esatea modan dago.
Europa Trumpen atzetik joan ez bada be, enpresa batzuk bat datoz amerikarraren jarrera eta asmoakaz. Holan dakar Txinan Europako Merkataritza Ganberako urteko txostenak: Erreforma ekonomikoetan aurrera pausu batzuk izan arren, atzeraldia sano indartsuagoa izan da. Edegialdia nabarmentzen bada be, Txinak bertako enpresak babesten jarraitzen dau eta Alderdi Komunistea bera be negozioetan sartzen da arlo teknologikoan nahitaezko trensferentzia kasuak indartuz.
Carlo Diego D’andrea, Ganberako burordeak esaldi bakarra erabili dau txostenean adierazotakoa laburbatzeko: Munduak alkarrekikotasuna eskatzen deutso Txinari. Shangháin bizi dan abokatu italiarrak gogor kritikau dau herrialdeak merkatu librearen abantailak disfrutetea eta barruan, barriz, mugak jartea: Herrialde kapitalistearen ezaugarriak hartzea kanpora begira eta jarrera komunistea erakutsi Txinan sartu gura dabenen aurrean zehaztu dau. Horregaitik ontzat hartzen ditu Europako Batasunak Txinako inbersinoak aztertzeko ezarritako filtroak eta gitxieneko baldintzak beteten ez dituenak galarazotea, izan be, azken horreek izaten dira diru-laguntzinoak eta babesa jasoten dabenak. Txinako enpresak tratau behar ditugu Txinak Europako enpresak tratetan dituan moduan. Hori izan beharko litzateke gure oinarrizko eredua, adierazo dau D’andrea jn.ak.
Arlo teknologikoa be ez da ahaztu behar, hor be upealako burrukea dagoalako: Apple eta Samsungn etxeek etekin handia lortzen dabe Txinan eta Huawei-k, barriz, AEBetako zein mendebaldeko beste herrialde batzuetako aukerak galdu ditu. Trump-ek dino Shenzhen-eko enpreseak jorratutako 5G sareak Pekinek herritarrak espietako balio dauela baina oraingoz ez dago hori baieztatzeko frogarik. Hori gitxi ez eta AEBek eskatuta, joandako abenduan Kanadak atxilotu egin eban aitatu enpresako buruordea eta Meng Wanzhou zain dago Kanadako auzitegiak erabagia noiz hartuko estradizinoaren harian. Estradizinoa onartzen bada, delitu ekonomikoakaitik 20 bat kargu izango ditu kontra.
Enpresa mundutik harago doa, izan be, Huawei etxea multinazionala baino zeozer gehiago da, Txinak emon dauen salto teknologikoaren eredu, hain zuzen be. Kontuak kontu, 170 herrialdetan 180.000 behargin baino gehiago dira eta igaz 100.000 euroko diru-sarrerak izan zituan. Lider dira 5G konexinoaren iraultzan eta eskuko telefonoen marka bakarra da Samsung eta Apple etxeei aurre egiteko kapaz; amerikarrari 2017. urtean irabazi eutson eta 2018. urtean saldutako 200 miloe smartphone gailuak gogoan hartuta, marka hegokorearra oso hur dauka.
Kooperatibea bada be eta Estaduaren babesik ez dauen arren, Made in China 2025 programearen ikur bihurtu da, asmo handiko proiektua herrialdea potentzia teknologiko bihurtzeko; dagoeneko robotikea edo adimen artifiziala lako gaietan mendebaldeko indarren parean jarri da. Washington bildur da eta Huawei markeari babes osoa kendu deutso, teknologia amerikarra eta Google etxearen Android sistemea erabiltea galarazoz.
AEBetako politikoak nazino osoaren indarra erabilten dagoz enpesa pribadu bati kalte egiteko. Eskura dituen tresna guztiak erabilten dagoz, baita lege, administrazino eta diplomatikoak be, merkadutik kanporatzeko. Egoera hau ez da normala , historian sekula ez da egon holakorik salatu dau Song Liuping, Huawei etxeko lege-aholkulariak. Trumpen kontra be egin dau: merkadu librearen kontrako eta kontsumitzaileek aukeratzeko daben askatasunaren kontrako jarrerea erakusten dau.
Ren Zhengfei, multinazionaleko sortzaile eta zuzendaritza batzordeko ordezkariak adierazo dau Txina ez dala Huawei-ren bezeroa eta bezeroen datuak eskatuko baleuz be ez leukiezala emongo. Baina Trumpek ez dau baieztapen hori sinistuten: Adarjotea, ironia baino ez da Edward Snowdenek AEBek herritarrak eta herritarrak ez diranen datuak erabilten dituala jakinda, Txinako enpresa bati leporatzea Txinako gobernuagaz kolaboretan dauela, ezelako loturarik justifiketako motiborik ez dagoanean zehaztu dau izenik emon gura ez dauen Huawei-ko behargin batek; Txina gaiztoa dala esatea modan dago adierazo dau.
Mendebaldeak ez daki Txinagaz zelan jokatu ze azken horren sistemea ez dator bat kapitalismo-komunismo bikoteagaz. Beste bide bat zabaldu dogu eredu bietako onena buztartzeko baina Estadua, Gobernua eta Alderdia kontzeptuak bereizterik ez dagoanez, mesfidantzea egongo dala jakin arren, aurrera goaz adierazo dau Luis Liu-k, urteetan Latinoamerikan barriemoile eta egun Xinhua, agentzia ofizialeko kazetaria danak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!