Birusa arte Txinan (I)

Zigor Aldama 2020-06-15 09:56   Bidaide

Artista txinatar batzuk hasi dira gogorarazoten Txinako agintariek egindako hanka-sartzeak.

Munduan kulturearen sektorea da koronabirusak gehien eragin dauena: galeria, museo eta zinema-aretoak hasi dira barriro martxan baina denporaldi luzean zarratuta egon ondoren, edukiera edo aforoaren murrizketa handiak ezarri ditue eta zuzeneko ikuskizun gehienak bertan behera dagoz oraindino. Txinan Espainian baino hile bi lehenago lehertu zan pandemia eta oraintsu zabaldu eta kasu batzuk suspertu ostean, zinema-aretoak zarratuta dagoz, ikusentzunezkoen produkzinoa geldi dago eta kontzertuak publiko gitxigaz baino ez dira eskaintzen. Dana dala, horrek ez dau esan gura sortzaileak gora adi egon diranik, izan be, batzuentzako inspirazino iturri izan da patogenoa eta gizarte mailan zauria sakona bada be, beharrean segiduteko prest dagoz asko.

Antzeko indarreko bestelako jazoerak be izan dira munduan eta ikusteko dago Covid19 ardatz hartuta zenbat film eta zenbat estreinaldi eskainiko deuskuezan. Txinak munduari erakutsi gura deutso pandemiaren erasoaldiari bikain erantzun deutsela eta helburu horri eutsiz, Life Matters filma estreinau dabe orain gitxi, Shanghai Media Group etxeak produzidutako eta telebistan zein kanal digitaletan zabaldutako sei kapituluko serie dokumentala. Munduko bigarren indar zinematografikoa da Txina eta Hollywood-egaz burrukea martxan dago dagoeneko.

Kontuak kontu, artista txinatar batzuk hasi dira gogorarazoten Txinako agintariek egindako hanka-sartzeak; berbarako, Kuang Biao-k Li Keqiang erretratau eban arantzadun alanbrez egindako maskara bategaz. Txinan upealako deskalabrua eragin eban pandemiaren hasieran, SARS-en antzeko koronabirusagaz kutsatutako makinatxu bat persona egozala zabaldu eta zigortutako oftalmologoaren jarrereak eta pasadizo horrek artisten artean eragindako zaparradea; Australiara erbesteratutako eta erregimen komunistearen kontra dagoan Badiucao artistearen marrazkiek be zeresana emon eben, izan be, aiene bat islatzen dauen maskareagaz babestutako Li-ren marrazkia sano entzutetsua izan zan.

Badiucaok pandemia, Tiananmen-go sarraskia eta Hong Kongeko protestak buztartu ditu eta China lied, people died (Txinak guzurra esan, jentea hil zan) goiburupean; bineta edo marrazkian, Hong Kongeko manifestazinoetako guardasol beilegia daroan tankearen gizona agiri da, koronabirusaren ikur, aurrez aurre torre biko tanke bi dituala, 1989ko demokraziaren aldeko istiluetara bueltearen sinbolo legez: Figurea oso berezia da tiraniari egiten jakon protesta baketsua dakarskulako gogora. Txinaren benetako arpegia erakutsi gura dot eta ze basatia izan daitekeen gobernuaren poltikakaz bat ez datozenakaz adierazo deutso Badiucaok alkarrizketea egin deutson kazetari honi.

Baina koronabirusa helburu politikoko sormen lanak egiten dituen artisten armea izan da; desesperazinoa eta amorrua dira nagusi eta gehienek artea erabili dabe norberaren sentimenduak zein gizartearenak zabaltzeko: Nire koadroak oso koloretsuak izaten dira baina koarentenan pintau ditudanak gaueko gaiak jorratzen ditue kontau deutso Sichuango Wu Qiang-ek South China Morning Post egunkariari emondako alkarrizketan.

Konfinamendua indarrean sartu zanean, Wu emazteagaz eta seme bigaz egoan Guandong-eko hegoaldean alokatutako apartamendu batean; Argi-Urte Barria ospatzeko amesagaz joan ziran hara baina egonaldia luzatu egin behar izan eben: Gela txiki batean gengozan preso. Egunak oso luze eta nekezak egiten jakuzan eta gogaitaldiak albisteak irakurten genduzanean amaitzen ziran. Nire semeen etorkizuna eta bizimoduaz pentsetan hasten nintzanean, ezkor jarten nintzan gogoratu eban; egoera eta pentsamendu horreek ardatz hartuta obra tetrikoak sortu zituan, besteak beste, Albiste txarrakaz lehertuz, azken bildur ikaran desegiten dan buru bat erakusten dauen koadroa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu