Txinan, misilak errail ganean

Zigor Aldama 2020-02-11 11:53   Bidaide

Aurten, ia 3.500 trenek 2.310 miloe bidaiari eroango ditue Txinan, 250 km/h-ko abiadan hegaz.

Gainditu ezineko gotorlekua da China Railway Stock Corporation (CRRC) enpresearen egoitza nagusia, ipar-ekialdeko Shandong probintziako Qingdao urian. 1,77 miloe metro koadroko gordeleku erraldoi honetako lehenengo defensea harresi handi bat da, Donald Trumpen gustokoak izango litzatekezan kamara pilo batek jagondakoa. Ondoren, base militarren tankerako hesi eta kontrolak datoz. Azkenik, uniformedun beharginak konbentzidu behar dira, Estaduaren menpeko konpainia honen zazpi pabilioietako ateak edegi deiezen, barruko sekretuak ikusi ahal izan daiguzan.

Pabilioietan, XXI. mendeko Txina ardazten dauen elementuetako bat dago, CRH abiadura handiko trena. Ia 12.000 beharginek diseinau eta eregiten ditue herrialdea goitik behera aldatu daben ibilgailuok. Abiadura handiko lehenengo linea 2008an inaugurau zan. Tianjin eta Pekin lotzen hasi zan Joko Olinpikoak hasi aurretxuan, 350 kilometro orduko abiadan joiazan trenei esker, eta Txinaren ardatz dan sarearen oinarria izan zan. Japonian eta Espainian baino geroago hasi zan Txina abiadura handiko trenak garatzen, baina aurten bertan 35.000 km izango ditu. Munduko ganerako leku guztietan batera dagoana baino gehiago, azaldu deusku Li izeneko behargin batek.

Hamarkada bat baino pixka bat gehiagoan, mundu guztiko abiadura handiko lineen % 70 eregi ditu Txinak. Ia 3.500 trenek, aurten, 2.310 miloe bidaiari eroango ditue, 250 kilometro orduko abiadan hegaz. Ibilgailuon % 43 Qingdaoko CRRC-ren instalazinoetan egin ditue, hortaz, munduko fabrikatzailerik handiena da Txinako multinazional hori. Laster, tren gehiago izango dira. Izan be, gaur egun, urtean 200 tren egiteko gaitasuna dau CRRC-k. Sei eta zortzi bagoi egunean.

Eskaririk ez dala falta agirikoa da: Trenak montetako lerro guztiak bete-beteta dagoz. CR400AF modeloak dira deigarrienak, mutur bildurgarri eta kolore gorridun ikutuakaz. Fuxing ezizena dabe (berbizkundea), 350 km/h-an ibilten dira, eta 420 km/h-ra heldu leitekez. Hasiera baten atzerriko teknologia erabili bagenduan be, abiadura handiko modelo barriak oso-osorik Txinan diseinauta eta eginda dagoz, dino Lik harrotasunez, Fuxing modeloko kabina biren aurrean, eta apalago, 200 km/h-an, dabilen CRH6A baten alboan. Espioitza industrialaren bildur, Lik behin eta barriro gomutau eragiten dau non atera leitekezan argazkiak eta non ez.

Ondoko pabilioian, dozenaka behargin azken ikutuak emoten dabiz geltokietan ohiko bihurtu diran bagoi zuri-urdinetako instalazino elektrikoan eta barruko dekorazinoan. CRH380A modelokoak dira, linea komertzial bateko munduko abiadura errekorra egin ebanaren modukoa: 486,1 kilometro orduko, Shanghai eta Pekin arteko linean. Bizkorragoa da CRH380AM dalakoa, baina oihal baten azpian ezkutauta daukie, frogetarako bide baten. Ezpata itxurako formea bereiztu geinke, baina zirkuitu berezi baten 500 km/h-an ibili zan makina hau ez dabe ikusten ixten. Ganera, lebitazino magnetikodun (Maglev) trena be garatzen gabiz, 600 km/h-an ibiliko da, dino Lik irribarre harroputzagaz.

Azken modelo horreek oraindino zientzia fikzinoa diran arren, eta kostu handiagaitik beharbada inoz erabilpen komertzialik izango ez daben arren, ezin da ukatu Txinak errail ganeko mirariak egin dituala. Kontuan izan, 1993an, hango trenen batez besteko abiadea 48,1 km/h zala. Burdinazko suge berde eta gorriek, orain desagertzear dagozan hareek, herrialdea zeharkatzen eben astiro-astiro. Mende barriak 160 km/h-ra heltzen ziran trenak ekarri zituan, baina batez besteko abiadurea 54,9 km/h-koa zan artean. Trenak bizkortzea lehentasun nazional bihurtu zan, eta, gaur egun, herrialde guztiko 139.000 kilometro trenbideetatik, % 22 abiadura handikoak dira.

Igaz 41.700 miloe yuan (5.415 miloe euro) fakturau zituan CRRC-k, eta hainbat faktore azpimarratu ditue, Txinako trenen aldaketea azaltzeko: Gobernuaren konpromiso sendoa eta inbersino publiko ikaragarria; herrialdearen erdi eta ekialdean biztanleen densidade handia (horrek kilometroko biztanle gehien dauen lekua bihurtzen dau); eta gaitasun industrial handia eta barrikuntza teknologikoaren aldeko apustua. Txinak lau korridore bertikal eta beste lau horizontal diseinau zituan trenbideen proiektu arranditsuari ekiteko, 2015ean amaituta egozan, eta orain dala hiru urte, Pekinek bikoxtu egin eban apostua, zortzina korridore eukiteko ipar-hego eta mendebal-ekialde ardatzetan.

Helburua zera da, alkarren hurreko metropoli handiak ez daitezala inoz trenean lau ordu baino gehiagora egon, eta uri-moltsoak ordu bira, dino CRRC-k, bere estrategia azaltzeko eskuliburuan. Estrategia horrek Txinako mugea gainditu dau, ze trenak 25 herrialde baino gehiagotara esportetan ditu. Abiadura handiko trenen kontratuak esku bateko atzamarrez kontau leitekez, baina Qingdaoko fabrikeak metrorako trenak egiten ditu Singapur, Chicago eta beste uri askotarako, eta uri arteko tren elektriko zein dieselak Argentina eta Sri Lankarako.

Gure indarra katalogo zabala da, bezeroek 50 km/h-ko uri barruko trenak, adibidez monorrailak, zein 380 km/h-ko abiadura handiko trenak ditu aukeran, azaldu dau Lik. Ganera, geografiak zein klimeak ezarritako baldintza guztietan dogu eskarmentua: Trena Tibetera eroan dogu (munduko altuena da), eta abiadura handiko tren lineak ipini doguz basamortuetan zein izoztutako lurretan, dino Lik, urduri, atzerriko kazetari bat euren fabrikan argazkiak egiten ibilteak eragin deutsan tensinoagaitik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu